Herri Lasterketan batzen duten dirua Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrak jasoko du
Bermeoko Herri Lasterketaren 19. aldia hartuko dute udalerriko kaleek, domekan [urtarrilak 26], 11:00etatik aurrera. Dortsalak Areneko kiroldegian erosi daitezke, nagusiek 2 eurotan eta ume, txiki eta gazteek euro baten truke. Bildutako dirua Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrera bideratuko dute.
Taraska Gazte-Zahar taldeak eta Bermeoko Udalak elkarlanean antolatuta, XIX. Herri Lasterketa hartuko du Bermeok domekan [urtarrilak 26]. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “Bermeoko herritar guztiei” zuzendutako kirol ekintza da, eta “edonork” parte hartu dezake. Lasterketaren 19. aldian biltzen duten dirua Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrera bideratuko dela iragarri dute.
Xabier Ortuzar Kirol Saileko zinegotziak lasterketa “oso garrantzitsua” dela nabarmendu du, kirol ekimenak aurrera eramaten eta “herrian zehar kirola ikusten jarraitzea” ahalbideratzen duelako. Era berean, lasterketak denok batera korrika egiteko “aukera paregabea” eskaintzen duela gehitu du. Izan ere, Herri Lasterketaren helburuen artean daude, besteak beste, herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasunaren eta kirolaren arteko “harreman estua” azaltzea eta kirola herritarrei hurbiltzea eta kirola “ez dela federatuen gauza bakarrik” adierztea. Bide horretatik, aurreko urteetako lasterketari “jarraipena ematea” bilatuko dute, “korrikalarien artean erantzun ezin hobea izan duelako”.
Ana Uriarte Taraska Gazte-Zahar taldeko kideak eman ditu Herri Lasteketaren inguruko xehetasunak, eta aurreko urteetan egin bezala, aurten ere adin tarteka banatutako lau lasterketa egongo direla gogoratu du, denak ala denak Lameratik hasita. Domekako lehen lasterketa helduena —14 urtetik gorakoena— izango da, eta 11:00etan jarri dute horretarako hitzordua. Zortzi kilometro gingo dituzte eta”gutxi gorabahera ordubeteko buelta” izatea aurreikusten dute. Horregatik, ordubete beranduago, 12:00etan aterako dira gazteak —11 eta 14 urte bitarteakoak—, 1,5 kilometroko ibilbidea egiteko. Adin tarte horretako gazteek helduen lasterketan parte hartzeko aukera edukiko dute, “pertsona nagusi baten ardurapean”.
Etxeko txikienek ere korrikarako tartea izango dute: 7 eta 10 urte bitartekoak 800 metro eingo dituzte, 12:10ean hasita eta lasterketan “ilusioz beteta” parte hartzen duten 3 eta 6 urte bitartekoek, 100 metro, 12:40tik aurrera. Korrikalariak errespetatze aldera, lasterketek iraun bitartean ibilgailuak “ahalik eta gutxien erabiltzea” eskatu dute.
Dortsalen erosketa.
Herri Lasterketan parte hartu nahi dutenek dagoeneko Areneko kiroldegian izena emateko aukera dutela azpimarratu du Uriartek. Hala ere, umeek ikastetxeetan egin dezaketela gehitu du. Norbaitek aurretik izena emateko arazorik izango balu, lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo da, 10:30ak arte. Antolatzaileen lana errazteko baina, izen ematea “egunak lehenago” egitea eskertzen dutela zehaztu du. Korrikalari bakoitzak bere dortsala jasoko du izan emateagaz batera, eta antolatzaileek lasteketa egunean eraman beharko dutela azpimarratu dute. Umeek ikastetxeetan jasoko dituzte.
Dortsalen prezioari dagokionez, nagusiek 2 euro ordaindu beharko dituzte, eta ume, txiki eta gazteek, berriz, euro bat. Lasterketa “herrikoia eta soziala” da; horregatik, aurtengo Herri Lasterketan biltzen den dirua Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrera bideratuko dela azaldu dute. gelako ikasleen artean “kirol praktika sustatzeko” helburuz: “Ume guztiek era batean eta batera, kirola elkartuta egitea bultzatu nahi dugu”. Iaz 900 euro batu zituzten, “anonimo batzuk emandako dirua ere kontutan hartuta”. Diru hor Bermeoko Institutuko gela egonkorrera bideratu zuten, “umeen artean kirol ohitura osasuntsuak sustatzeko”.
Korrikalariek, lasterketa bukatzen dutenean, Areneko kiroldegian zein Artza frontoian dutxatzeko aukera izango dute, aurreko urteetan bezala. Horrez gain, opari poltsa jasoko dutela ere iragarri dute.
Parte hartzeko deia.
Beste urte batez, Uriartek lasterketan parte hartzera animatu ditu herritarrak: “Denek disfrutatzea, hori da lehenengo momentutik izan dugun ilusioa. Herriak parte hartzea nahi dugu, ez da bakarrik federatutakoei zuzendutakoa. Aurretik edo atzetik, baina beti aurrera; bereziki emakumeei elkartuta aurrera egiteko indarra ematen duen lasterketa da”.
Iaz 701 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan: 336 neskak eta 365 mutilek. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak “aurtengo erronka gehiago apuntatzea” dela zehaztu du: “Ea lortzen dugun neskak apur bat gehiago izatea”. Era berean lasterketaren helburu soziala “ez ahaztea” eskatu du: “Helburua herri guztiak korrika egitea da, baina ez baduzue korrika egin nahi, edo nahiz eta ez etorri, dortsala erosi ahal duzue”. Hala, parte hartzera animatu ditu herritarrak, “giro oso polita” egoten dela nabarmenduta. Babesle, laguntzaile eta parte hartzaileei eskerrak emanez itxi du berbaldia Nemehk.