Taekwondoko promozio txapelketa egingo dute lehenengoz Gernika-Lumon
222 kirolari inguru batuko dira Gernika-Lumon urtarrilaren 25ean (zapatua), Taekwondoko ITF Promozio txapelketa lehiatuko baitute Jai Alai frontoian. Gernikako klubetik aparte, Espainia mailako sei eskola desberdinetatik bertaratuko dira kirolariak.
Hara eta hona ibili dira azken urteetan TAE Gernikako taekwondistak taekwondoko lehiaketa ezberdinetan parte hartzen, euren kirolaz gozatzen. Baina urtarrilaren 25ean herria izango dute topagune, lehiatzeko leku. Izan ere, lehenengoz, Taekwondo ITF Promozio txapelketa lehiatuko dute Jai Alai frontoian, 09:00etan hasi eta 17:00etara bitartean.
Adin eta kategoria ezberdinetako 222 kirolari elkartuko dira udalerrian, Espainia mailako zazpi eskola desberdinetatik bertaratuta: hiru dira Kataluniakoak, eta bana bertaratuko dira Malagatik, Barakaldotik eta Santanderretik. Dani Urbez TAE Gernikako entrenatzaile eta txapelketaren antolatzaileak esan du ez zutela horrenbeste jende bertaratzea espero: “Santanderrekoak eta Barakaldoko eskolakoak bertaratzea espero genuen, baita Bartzelonako eskolaren batetik etortzea ere, baina ez genituen Kataluniako hiru eskola espero, eta are gutxiago eskola bakoitzak 20 lehiakide inguru ekartzea. Malagatik ere 9 parte hartzaile bertaratuko dira”.
Hain zuzen ere, Jai Alai frontoiko tatamitik igaroko diren parte hartzaile gehienak udalerriko eskolakoak izango dira, gutxi gorabehera, 50 taekwondista animatuko baitira lehiatzera. Izan ere, horrelako txapelketa bat Gernikan lehenengoz egiteak “poztu” egin ditu bertoko ikasleak. “Pozik daude. Lehen aldiz lehiatuko direnak apur bat urduri, baina etxean aritzeko gogotsu”, jakinarazi du Urbezek. Familiek ere eskertu dute udalerrian txapelketa antolatzea, horietako asko ezin direlako asteburuetan beste lehiaketetara joan.
Gainera, taekwondistez gain, 26 epaile eta 30 boluntario inguru ariko dira epaile eta kudeaketa lanetan, muntaketa lana ere “izugarria” delako.
Gernikan ere taekwondo lehiaketa egoteak kirola eskualde zein Bizkaia inguruan sustatzea dakar: “Taekwondoa sustatu nahi dugu. Psikologikoki, emozionalki zein fisikoki laguntzen duen kirola da, taldean edota banaka gauza daitekeena, eta onura asko eskaintzen dituena, osasunari eta errendimenduari dagokienez”. Izan ere, inguru honetan ez daudela arte martzialak lantzen dituzten eskola asko dio Urbezek, eta gutxiago direla taekwondokoak gehitu du. “Espaina mailan eskola gehienak Malaga, Benidorm edota Andaluzian daude, baita Katalunian ere. Gure inguruan, Barakaldoko eskola dago, baita Santanderrekoa ere. Hala, Santanderreko eta Barakaldoko eskolekin batera, urtean gutxienez hiru aldiz inguru honetan lehiatzeko aukera eskaini gura diegu ikasleei”, azaldu du. Hala, Santanderren hainbat urtez antolatu dute txapelketa, eta Barakaldokoek dagoeneko bi aldiz. Orain, Gernikako lehiagaz, hiru aldiz dute horretarako aukera.
Hain zuzen ere, Gernikakoa promozio lehiaketa izango da: sei urtetakoetatik eta beteranoenetara artekoek parte hartu dezaketena, gerriko zuritik hasi eta gorria edo beltza dutenetara arte. “Gerriko beltzetik aurrerakoek beste lehiaketa mota batzuk lehiatzen dituzte, Nazioarteko Openak edo Open Ranking deitutakoak”, argudiatu du Urbezek.
Gainera, promozio kopetan lehiatzen dutenek euren aurkariak ezagutu ditzakete. Eta, gero, gerriko gorria eskuratzerakoan hasiko dira igartzen ze mailan dagoen euren kategorian. Esaterako, TAE Gernikan elite mailako sei taekwondista dituzte, gerriko gorritik gorakoak, eta horiekin beste gauza batzuk lantzen dituzte, aurrera segi dezaten. “Datorren urtetik aurrera, Espainiako hautaketetan aritzea da asmoa, nazioarte mailako lehiaketetan parte har dezaten”, esan du, eta jakinarazi du 14 eta 19 urte bitartekoak direla horiek.
Gainera, elkar ezagutzeko helburuagaz jarraituz, txapelketa amaitu ostean ere, udalerrian lo egitera geratzen direnekin askari-afaria egiteko asmoa dutela esan du Urbezek, “taekwondistak elkarregaz egon daitezen eta euren arteko harremanak sustatzeko helburuz”.
“Kaosa” izan dela antolaketa lana dio Urbezek: “Bartzelonan pare bat txapelketa antolatu nituen, baina oso txikiak ziren, 100 parte hartzaile ginelako. Hau, aldiz, lehia zabalagoa da. Hala ere, bost laguneko taldea osatu dugu antolatzeko, eta beste hainbatek ere asko lagundu digute dena egituratzen denborak kontrolatzeko”.
Hala, dominak egun osoan zehar banatuko dituzten arren, 17:00etan gala bat egingo dute, lau kategoritako finalak lehiatuko baitituzte orduan.
Lehiaketaren egunean, KBG sindormea ezagutarazteko eta horren aldeko diru bilketarako postua jarriko dute Jai Alaiko sarreran. Izan ere, sindrome hori mutazio genetiko batek eragindako gaixotasun arraroa da, eta Espainian 100 pertsona inguru dira hori sufritzen dutenak. Horietako, bat, hain zuzen ere, TAE Gernikako kidea da.
Hala, antolatzaileei gustatuko litzaieke euren alea jartzea eta gaixotasunari ikusgarritasuna ematea, ikerketarako dirua biltzeko. Izan ere, sindrome horrek ez du sendabiderik oraindik, baina sintomak arintzeko eta kaltetuen bizi kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren tratamenduak existitzen dira. Hala, ikerketa bultzatzeko dirua bilduko dute urtarrilaren 25ean.