Osasun sailak eta Osakidetzak odola emateko deia egin dute, erreserba mailak behera egin duelako
Odol-ematea da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan egunero 200 pertsonaren bizi-tratamendurako funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko modu bakarra. Iaz, 47.000 pertsona inguru bertaratu ziren Osakidetzak hiru lurraldeetan banatuta dituen gune finko edo mugikorretako batera odola ematera, eta horrek 30.000 pertsonengan izan du eragina.
Odol osagaien erreserba mailak ohiko mugetatik behera daudela eta, Osakidetzak eta Osasun sailak odola emateko deia zabaldu dute. Izan ere, ohikoa da Gabonetako jaien osteko egunetan zailtasunak izatea odol osagaiak hornitzea, eta, gainera, egoera horri eragiten dio urtero urtaro honetan egoten den birus eta arnas infekzioen hazkundeak. Hala, ia odol talde guztietan hobetu behar dira erreserbak.
Osasun sailak eta Osakidetzak laguntza eskatu die noizbait odola eman duten pertsonei, baita urratsa ematea pentsatu baino oraindik egin ez dutenei ere, behar duten paziente guztien mediku arreta bermatzeko. “Odola ematea da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan egunero 200 pertsona ingururen bizi tratamendurako funtsezko osagaiak eta sendagaiak lortzeko modu bakarra”, azaldu dute Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrotik.
Izan ere, gogoratu dute odola ematen den bakoitzean dozenaka pertsonari lagundu ahal zaiela, odola hainbat osagaitan banatzen delako, eta, osagai horien bidez, hainbat mediku behar artatzen direlako: tratamendu onkologikoak, ebakuntza kirurgikoak edo larrialdiak, eta paziente akutuentzako eta kronikoentzako sendagaiak. Ondorioz, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak azpimarratu du odol emateak jarraitzen duela izaten transfusiorako edo plasmatik eratorritako sendagaiak egiteko osagai ugari lortzeko modu bakarra, “osasun jardueran ezinbestekoak direnak”.
Hala ere, odola ematera doazenek zeinbat baldintza bete behar dituzte: 18 eta 65 urte bitarteko adina izatea, osasun egoera onean egotea eta 50 kilo baino gehiago pisatzea. Odola emateko gune eta unitate mugikorrei buruzko informazio eta ordutegiak etengabe eguneratzen dituzte euren webgunean. Esaterako, gaur (urtarrilak 17) eta bihar (urtarrilak 18) odola emateko autobusa Bermeoko lameran egongo da; gaur 16:30etik 20:45era eta bihar 09:30etik 13:45era. Mundakako Atalaian ere egingo du geldialdia urtarrilaren 24an, 16:30etik 20:45era.
79.032 odol emate.
Iazko datuei erreparatuta, 79.032 odol emate erregistratu zituzten Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, 46.844 odol emailek ekarpena eginda. Odol emaile gehienak ohikoak eta modu erregularrean odola ematen dutenak izan ziren —urtean bi aldiz edo gehiagotan—, baina 6.567 emaile berri ere zenbatu zituzten.
Horietatik guztietatik, globulu gorrien 70.225 kontzentratu, 11.211 plaketa dosi eta 23.664 litro plasma lortu zituzten, eta horietatik 22.096 botikak egiteko erabili ziren; besteak beste, immunoglobulinak, faktore antihemofilikoak eta abar. Sortutako horiek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 23 ospitale publiko eta pribatuetara banatu ziren, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren bidez.
Hala, guztira, 30.000 pertsona baino gehiago izan ziren produktu horien onuradun, bizitza salbatzeko edo osasuna hobetzeko balio izan zietenak