Horma zurrunenak ere baduelako arrakalarik
Inner taldeak ‘Arrakala’ bigarren lana kaleratu du. Hilaren amaieran eta otsailaren hasieran, Dabadabako, Deustuko Gazte Lokaleko eta Iparragirre Rock Elkarteko oholtzetan plazaratuko du laukote gernika-lumotarrak.
Amorruz ferekatzeko modua existitzen den neurrian, badago distortsiotik alde egiten duen aldarririk. Badago modurik biluzteko, anplifikadorea wattioz garrasika ipini barik. Badago erarik kanpoan gertatzen den orori barrura begiratuz erantzuna emateko.
Mikel Fidalgo eta Edorta Apraiz gernika-lumotarrek gogotik edan izan dute punk, hardcore edo post-rockaren iturrietatik, baina emo- eta power-pop gosez elkartu ziren, 2020an. Pedro The Lion taldea iparrorratz, eredu musikal haren sokari tiraka iritsi ziren lehen abesti zirriborroak eta talde bat osatzeko ideia. Presiorik gabeko eta lagunarteko zerbait gura zuten: naturala eta benetakoa, elkar zainduz eraikia.
Proiektura batzen azkenak Sarkor taldean aritutako Jon Rementeria eta Asier Musatadi izan ziren. Lehena baxuaren jabe egin zen; bigarrena, bateriaren zaintzaile. Apraizek eta Fidalgok gitarren eta ahotsaren ardura dute. Horrelaxe munduratu zen Inner. Lehen abestiei forma emanda, Inner beraien lehen lan homonimoa plazaratu zuten. Etxeko oholtzan, Iparragirre Rock Elkartean, taularatu zuten albuma, baita Zaragozan edota Bartzelonan ere. 2024aren amaieran, beren ibilbidea bigarren geltokira iritsi zen: Arrakala lana kaleratu zuten. Proiektua finkatu egin da, Fidalgoren ahotan: “Album landuagoa da, talde modura jorratuagoa, eta mimoz egindakoa”.
Mikel Fidalgo: “Musika patxadaz bizi dugu, eta patxada horren parte diren zirkuituak bilatzen ditugu”
Bizkor doa mundua. Bizkor doa musika. Alde horretatik, musika industriaren balizko legedia guztiekin apurtzen dute iparragirretarrek. Musika ez dute bizi eguneroko eginbeharraren neurrira ulertzen: “Sarri komentatzen dugu baditugula musikariak inguruan, beren pasioa lan mundura esportatzen dutenak. Innerrek hortik aldendu gura du; musika patxadaz bizi dugu, eta patxada horren parte diren zirkuituak bilatzen ditugu”.
Urdulizko Tio Pete estudioan grabatu dute alde instrumentala, Jose Lastraren gidaritzapean; ahotsak, beren kabuz, Iparragirre Rock Elkartean
Hain zuzen, musikak bizi duen abiadura inposizio horregaz errotik moztu zuten, diskoa grabatzen hasteko ordua ailegatzean. “Estudiora lehenengoz sartzear ginela, urrats bat atzera egin genuen, oraindik ez geundelako prest”. Proiektuak bere denbora behar zuen, eta musikariek ez zioten eskumen hori ukatuko. Beste horrenbeste, nahasketa eta masterizazioari zegokionez: “Norbaitekin egin genitzakeen lan horiek, baina Edortak Iparragirren propio egiteko gogoa zuen; bere erronka pertsonala zen, hori zailagoa izan eta prozesua luzatu arren. Kaleratzea ere azaroan egin genuen: ez Durangoko Azokari begira, kasualitate hutsalez baino”.
Asko jo barik, maitasunez jo.
Urtearen lehen hilabeteotan zenbait kontzertu emango dituzte. Ez gehiegi. Geldialdi baten ondoren, udaberriko argiak eta udako epelak “beste batzuk” ekarriko ditu, ondo bidean. Oholtzara ahal beste igo beharrari eta musika industriak inposatutako erritmo “basatiari” uko egiten diote: “Ez dugu asko joko, baina bai gura dugun moduan; musika ulertzeko eta kontsumitzeko era bat dugu eta molde horrekiko leialtasunez sortzen dugu”. Eguaztenean, Donostiako Dabadaban oholtzaratuko dute Arrakala, Aizoo bermeotarrekin batera; barikuan, Ohil izango dute laguntzaile, Deustuko Gazte Lokalean. Otsailaren 2an, Iparragirren joko dute, eurentzat “erreferentziazkoa” den eta musika modu bertsuan bizi duen bidelagun bategaz: Kaskezur taldea.
Zazpi pasartedun bidaia da Arrakala, kanta denak “barru-barrutik” sortuak. Etiketetatik alde egin gurai izanagatik ere, errekaren tankerara datozkio erreferentziak Fidalgori: “Entzuleak topatu ditzake Weezer edo Anari taldeen zantzuak, baita Sunny Day Real State taldearenak ere”. Album zintzoa da, handigurarik gabekoa, pertsonala eta politikoa uztartzen dituena. “Saiatu gara gauzak zeharka adierazten, baina poesia pedantera edo gehiegizko interpretaziora jo barik”. Pertsonalak globaletik “asko” duen erakusle, Amorruz ferekatu-n istorio bat kontatzen dute, gizarteak bizi dituen herri txikien despopulatzea edo zaintzaren krisialdia azaleratzeko. Su artifizial edota distortsio handi barik.
Koldo Gezuraga arduratu da ‘Zoru Poetikoa’ abestia berbaz janzteaz
Albumaren hirugarren pistan, baina, piztia iratzarri dute. Estudiora lehen aldian ez sartzearen arrazoia da azken kantua: “Albumak zerbait behar zuen; zerbait hori Piztia fina da”. Diskoaren hari musikaletik aldendu daitekeen geraleku bakarra da: soinu aldetik, Sonic Youthen hatsa dario han-hemen; ahotsaren tratamenduari, Lisabö irundarrena. Hitzei dagokienez, abeslariak argitu du “desesperazioari deia” dela: “Politikotik deus ez duen abesti bakarra da; telebistaren aurrean dagoen norbait ageri da, baita Sheffield eta Everton taldeen arteko partidu baten erreferentzia bat ere. Hitz aldetik, bestelakoena da”. Zoru poetikoa izeneko metapoesia jarduera Koldo Gezuraga bertsolariaren eskutik atera zen. “Niri asko kostatzen zait gai sozial jakin batzuez poesiaren bidetik idaztea”, dio abeslariak.
Mikel Fidalgo: “Gure musika euskaraz sortzea erabaki politiko modura ulertzen dugu, biluzteko era da, merkeegi saltzen den naturaltasunaren aurrean”
Gutxiago kostatu zitzaiena euskararen aldeko hautua hartzea izan zen: kontzientzia politikoz egin zuten hizkuntza aukeraketa. “Asko gogaitzen gaitu musikariek euskaraz sortzea hain naturaltzat dutela entzutea, gero hizkuntz datuak diren modukoak izanda. Gure musika euskaraz sortzea erabaki politiko modura ulertzen dugu, biluzteko era da, merkeegi saltzen den naturaltasunaren aurrean”.
Nola jakin azken gaua zenik?
Iparragirreko labean aspaldion albumak kozinatutako taldeek keinu egin diote bertako kide Mikel Arriagari, mundu honetatik aldendu zenez geroztik. Baita Innerrek ere, Betirarte abestia tarteko. “Hitz aldetik, zuzenena da: Mikelegaz egondako azken gaua bere horretan kontatzen dut, artean jakin barik elkarregaz hartuko genuen azken garagardoa izango zela”. Irudirik gabeko bideoklipa bailitzan, galera haren osteko “hilabete gogorrak” islatzen ditu kantuak, “goiz batean hutsetik idatzia” izanda ere.
Erail eta hiltzearen arteko aldeari egiten diote kantu, prakadun morroiei, jatorri eta politikaren arteko mugari. Horretarako, lau puntu kardinaletatik, ekira jo dute. Ekialderaino abesti garbi, melodiatsu eta poperoa baldin bazen, “gauzak kontatuz” jantzi zuten: “Ekialde Hurbileko gatazken gaineko desinformazioaz eta kazetaritza partzialaz mintzo gara, baina abestia izan zitekeen Hego Amerikari, Afrikari edo, beste barik, Donostiako afari solidarioei buruzkoa. Gizartearen kategorizazioa sofara zelan iristen zaigun kontatzen saiatu gara”.
Hibai Agorriaren eskutik ernaldutakoak dira Inner lan bien azalak; bigarren albumaren diseinurako, “argazkilaritzara” jo dute
Diseinu kontuei helduta, “jarraipena” da Fidalgori burura datorkion berba, lehenengo eta bigarren albumen azalei buruz mintzatzean: “Kolore grisa eta giro iluna ageri dira berriro; alde horretatik, bada loturarik”. Biak ala biak Hibai Agorria gernika-lumotarrak eginak dira. “Lehen azalerako aldarte triste, hotz eta euritsua bilatu genuen, entzuleak diskoan topatuko zuen eduki ilunaren aurrekari. Bigarren lanerako gehiago jo dugu estetikara; kolorea da, beharbada, eduki ilun eta goibelagaz bat egiten duen elementua”. Hain zuzen, Cloud Nothings taldearen tentakulu estetikoak harrapatu ditu innerkideak: “Argazkilaritzara jo dugu azalerako; argazkigintzaren eta azalei nork bere esanahia ematearen aldekoak gara”.
Grabaketaren eraikuntzaz.
Arrakala Jose Lastraren gidaritzapean grabatu zuten, uztailean, Urdulizko Tio Pete estudio entzutetsuan. Hiru egunetan biribildu zuten alderdi instrumentala, zuzenean grabatuz. Lehen egunean, soinu egokia bilatu zuten; bigarrenean, albuma goitik behera grabatu; hirugarren egunerako utzi zituzten Apraizen gitarra solo bat eta zenbait akople. “Esperientzia polita” izan zela nabarmendu du Fidalgok: “Zuzenean jo duguna errespetatu dugu, gainetik geruzak edota elementu osagarriak eransten ibili ordez”. Ahotsak Iparragirren grabatu zituzten, beren kabuz.
Innertarrek argi eta garbi dute, 2025ak ekarri dezakeenari begira, “jotzearren jotzen ibiltzea” ez dela mahai gainean daukaten aukeretako bat
2025ak ekarri dezakeenari begira, taldekideek argi eta garbi dute “jotzearren jotzen ibiltzea” ez dela mahai gainean daukaten aukeretako bat: “Gu ez gara jotzeko bizi, ez dugu edozein preziotan jendartean azaldu gura”. Horrenbestez, lagun artean eta toki kuttunetan “kontzertu bereziak” ematea bilatuko dute: “Miresten ditugun taldeekin eta maite ditugun lekuetan joko dugu; aurrerantzean, beharbada, kontzertu gehiago lotuko ditugu, baina burua hautsi barik”. Zuzeneko apustua “osoagoa, erakargarriagoa eta kohesionatuagoa” izateko lanean ari dira lokalean: “Hutsune gutxiagoko zuzenekoa lortu nahi dugu, abesti arteko trantsizioetarako zubiak sortzea, hasieratik amaierara jarraipena edukiko duen kontzertua sortzea”.
Innerren bigarren lana alegoria transbertsala da: zalantzari, desesperazioari, norbanakoari eta norbanakoak beregain duen politikari zein despolitizazioari alegoria. Egia biribilenak ere baduelako galderarik. Horma zurrunenak ere baduelako arrakalarik.