San Juan kalean arrapala mekanikoa jartzeko proiektuak urrats "erabakigarria" eman du
Gernika-Lumoko osasun-zentrorako irisgarritasuna hobetzeko helburua duen San Juan kalean arrapala mekanikoa jartzeko proiektua aurrera doa. Bi fasetan banatuko da esku-hartzea, eta hiri-sarea "modernizatzeko eta irisgarriago egiteko" urrats erabakigarritzat du udalak proiektua.
Irisgarritasun handiagoa lortzeko aurrerapausoa eman du Gernika-Lumoko Udalak. Izan ere, San Juan kalean, foru herriko aldapa handieneko kaleetako batean, ezarriko den arrapala mekanikoak Gernika-Lumoko osasun-zentrorako sarbidea erraztuko du. Bideragarritasun-azterketak egin eta diseinua idatzi ostean, udal gobernuak azpiegituraren lehen zatiaren instalazioa esleitu du, 660.359,46 euroko aurrekontuarekin eta arrapala egiteko bost hilabeteko epearekin. Arrapala egiteko bi fase bereiztu ditu udalak, jakinarazi duenez. Lehen fasea, Artekaletik hasi eta Iñigo López de Haroraino doan zatia hartuko du eszenatokitzat.
Esku-hartze horrekin ezarriko duten segmentu honek 25 metroko luzera eta hiru metroko desnibela gaindituko duela eman du aditzera Gernika-Lumoko Udalak, batez beste %10,6ko malda duen kalea dela kontuan izanik. Bigarren fasearekin, ordea, lehenengoa amaitu bezain pronto hastea aurreikusten du udalak; arrapala mekanikoa, Iñigo López de Harotik Allende Salazar kalera zabalduko da, 56 metroko luzera eta 5,4 metroko desnibela gainditurik. Arrapala, osasun-zentroko ate nagusira arte iritsiko dela nabarmendu dute, gainera, udal gobernukideek. Bigarren etapa honetarako, udalak 360.000 euroko partida gehigarria bideratu du.
San Juan kaleak 2,87 metroko zabalera duen espaloi bat du, baina ez da erosoa herriko osasun-zentrorako sarbiderako. Gauzak horrela, arrapala mekaniko berriarekin, udalak “eremu horretako irisgarritasun baldintzak eraldatzea” espero du, ez bakarrik osasun-zentroa bisitatzen dutenentzat, baita Gernika-Lumoko herritar guztientzat, eguneroko mugikortasuna hobetzeko helburupean. “Azpiegitura honi esker, erraz gaindituko da San Juango malda nabarmena, batez ere anbulatoriora joaten direnentzat edo lekualdatzeko zailtasunak dituztenentzat”, nabarmendu dute, oro har, udal iturriek. Pazienteen beharrei erantzuteaz gain, arrapala hau, udalerriak bere “hiri-sarea modernizatzeko eta irisgarriago egiteko” egiten dituen ahaleginetan “urrats erabakigarri” gisa du.