Euskadiko 8x8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketa, Gernika-Lumon
Iragan asteburuan ekin zioten Ezpeletan Euskadiko 8X8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketari, gizonezkoen 680 kiloko kategoriagaz, eta Beti Gazte taldea gailendu zen. Zapatuan [urtarrilak 18], Gernika-Lumoko Merkatu plazak bigarren jardunaldia hartuko du: gizonezkoen 640 kilokoa eta emakumezkoen 540 kilokoa.
Datorren asteburuan, Gernika-Lumo goi mailako sokatiraren epizentro bihurtuko da: Merkatu plazak Euskadiko 8×8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren bigarren jardunaldia hartuko du. Euskal Herriko sokatira talderik puntakoenak elkartuko dira zapatuan [urtarrilak 18], emakumezkoen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko kategorietako probak lehiatzeko. Lehenik eta behin, pisaketa egingo dute talde parte hartzaileek, 14:00ak eta 15:30ak bitartean; lehia, ostera, 17:00etan ipiniko dute abian.
Emakumezkoen 540 kiloko mailan, honako klubak ari dira lehian: Ibarra, Beti Gazte, Abadiño eta Badaiotz. Gizonezkoen 640 kilokoan, berriz, Ibarra, Beti Gazte, Ñapurrak, Zuraide A, Zuraide B eta Abadiño. Kategoria bi horiez gain, 8x8ko goma gainekoak ondorengo mailak ere edukiko ditu: gizonezkoen 560, 600 eta 680 kilokoak; emakumezkoen 500 kilokoa; eta 580 kiloko maila mistoa. Zapatuan Gernika-Lumok 540 eta 640 kiloko norgehiagoka hartuko baldin badu, ez da eskualde udalerri bakarra izango. Hilaren 25ean, Busturian elkartuko dira, Altamirako tenis pistetan.
Maila horietako finalak Lesakan jokatuko dituzte, otsailaren 1ean. Otsailaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko kanporaketa lehiatuko dute, oraindik tokia zehazteke dagoen arren. Otsailaren 22an, ordea, Berangon jokatuko da azken maila horren bigarren kanporaketa eta emakumezkoen 500 kilokoa. Martxoaren 1ean, 580 kiloko kanporaketa mistoa lehiatuko dute, Nafarroan (tokia ez dago zehaztuta). Martxoaren 8an, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumezkoen 500 kiloko kanporaketa jokatuko dute Pobesen. Gizonezkoen 560 kiloko eta emakumezkoen 500 kiloko finalak Abadiñon egingo dituzte, martxoaren 15ean. Martxoaren 23an, aldiz, 580 kilo mistoko finalaren txanda izango da, Ibarran. Azkenik, martxoaren 29an, 23 urtez azpikoek lehiatuko dute, hori ere Abadiñon.
Txapelketa hasia da.
Iragan zapatuan [urtarrilak 11], Ezpeletan hasi zuten 8x8ko Euskadiko Goma Gaineko Txapelketa. Bertan, protagonista bakarra eduki zuen gizonezkoen 680 kiloko finalak: Beti Gazte Sokatira Taldea. Lesakarrek tiraldi denak poltsikoratu zituzten, eta aurkarietako bat ere ez zen iritsi nafarrek bistaraturiko maila handira. Garaileek bost puntu patrikaratu zituzten, bigarren sailkatu Zuraide A-k baino bakarra gehiago; Ñapurrak taldeak hirugarren postua ziurtatzeko balio izan zion hiru puntuko uzta jaso zuen; azkenik, Abadiño eta Zuraide B laugarren eta bosgarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren, puntu bi eta bakarra lortuta.