AAn oinarrituta, laguntza emozionala emateko elkarrizketa sistemak garatzeko proiektua koordinatzen ari da EHU
EHU AAn oinarritutako proiektu bat koordinatzen ari da, laguntza emozionala eta bezeroari laguntzeko elkarrizketa-sistemak garatuko dituena. Ekimen honetan bost unibertsitate eta hainbat enpresa dabiltza elkarlanean.
Adimen Artifiziala oinarri hartuta, pertsonei laguntza emozionala emateko edota bezeroen kontsultei erantzuteko “benetan baliagarriak” diren elkarrizketa sistemak garatzen ari da EHU, Crystal: Laguntza emozionalerako eta bezeroari laguntzeko elkarrizketa sistemak izeneko Horizon Europe proiektua koordinatuz.
Jakinarazi dutenez, Crystal proiektuak pertsonentzat eta enpresentzat baliagarriak diren elkarrizketa sistemak garatzea du helburu; hau da, sistema autonomoak garatzea, pertsonei laguntza emozionala emango dietenak, eta bezeroei arreta emateko zerbitzuen bidez laguntza aurreratua eskainiko dietenak. “Proiektu honek zerbitzua enpatikoa, erakargarria, zehatza eta eraginkorra izatea bilatzen du”, esan dute. Horregatik, elkarrizketa ereduak eta sistemak garatuko dituzte, zeregin zehatzetara egokitzeko ikaskuntza estrategia berriak proposatuz, hizkuntza eredu handiak eta lotutako metodologiak aztertuta.
Esan dute Crystalen helburu zientifikoa dela pertsonak oinarri dituen diseinuan praktika hobeak garatzea, erabiltzaileen, profesionalen eta enpresen eskakizunak eta beharrak beteko dituzten elkarrizketa sistemak garatzeko. Gainera, elkarrizketen analisi bat lortu nahi dute, ikerketaren eta enpresaren helburuetako informazio erabilgarriak ateratzeko.
Metodologiari dagokionean, Adimen Artifizialean oinarritutako teknologia ikertu eta inplementatu nahi dute elkarrizketa sistemak garatzeko, “berariazko zeregin bakoitzean eredu optimizatuak eta eraginkorrak erabiliz”. Eta, horrez gain, pertsonek AArekin duten interakzio teknologiaren onarpena ebaluatu nahi dute, ebaluazio protokolo batean bidez, erabiltzaileek AA teknologia hainbat erabilera kasutan onartzeko eta hartzeko dituzten motibazioak hobeto ulertzeko.
Azaroaren 4an eta 5ean aurkeztu zuten proiektua Bilbon, eta ostean, hasi dituzte lanok. Hain zuzen ere, ikerketa bost unibertsitatek osatzen dute, eta EHU da proiektuaren koordinatzailea. Bertan, Granadako Unibertsitateak, Erresuma Batuko University of Ulsterrek, Italiako Luigi Van Vitelli Unibertsitareak eta Austriako Management Center Innsbruckek parte hartzen dute. Horiez gain, hainbat enpresa gehitu dira ikerketara: Intelligence Voice dy Pnuema Health Erresuma Batukoa, Apptek alemaniarra, Smarted italiarra eta Caser residencial espainiarra.
Proiektua erakunde arteko egonaldien bidez garatzen ari dira, ikerketarako sektore eta diziplina anitzeko lankidetzen bidez, baina baita prestakuntzako eta ikerketa sareak sortzeko jardueren bidez ere. Hala, proiektuko kide bakoitzeko langileen esperientziak eta ezagutzak areagotu gura dituzte.