Gernika Saria UNRWA elkartearentzat izatea proposatu du Gernika Memoriaren Lekukok
Bakea eraikitzeko eta berradiskidetza bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko eta juridikoen, erakundeen, edo bestelako pertsona eta taldeen aitorpen publikoa egitea dute asmo sariek, eta Palestinako ia 6 milioi errefuxiaturi laguntza eta babesa emateko "zeregin paregabea" egiten duen UNRWA elkartea saritzea proposatu du Gernika Memoriaren Lekukok, Gernika-Palestina deialdi herritarragaz eta Mundubat elkarteagaz batera.
Bakegintzak askotariko aurpegiak ditu, eta aurtengo Gernika Sariek UNRWA elkartearen lana aitortzeko proposamena egin dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformak, Gernika-Palestina deialdi herritarrak eta Mundubat elkarteak.
Elkartekoek azpimarratu dute “zeregin paregabea” egiten duela UNRWAk, Palestinako ia 6 milioi errefuxiaturi laguntza eta babesa ematen, Sirian, Libanon, Jordanian, Gazan eta Zisjordanian (Jerusalem ekialdean ere bai). Gainera, ahalik eta giza garapenik handiena lortzen laguntzen diela gehitu dute, haien egoera “kritikoari” bidezko eta behin betiko irtenbidea eman bitartean.
“UNRWAk ez du parerik nazio batuetako agentzien artean; izan ere, 75 urte daramatza biztanleria jakin bati bere zerbitzuak zuzenean ematen, behin eta berriro sortzen diren gatazka bortitzen testuinguru batean”, esan dute. Hain zuzen ere, ematen dituen zerbitzuen artean daude hurrengoak: hezkuntza, osasun-laguntza, gizarte zerbitzuak, mikrofiantzak kanpamentuen azpiegitura eta hobekuntza, errefuxiatuen eskubideak nazioarteko zuzenbidearen arabera babestea eta laguntza humanitario eta larrialdietakoa krisialdietan. Eta, zerbitzu horiek guztiak gizatasunez, neutraltasunez inpartzialtasunez eta independentzia operatiboz ematen ditu, Nazio Batuen printzipioei jarraituta.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek gogoratu dute 1949an sortu zela elkartea, eta ordutik ekarpen “nabarmena” egin diela Palestinako hainbat belaunalditako errefuxiatuen giza garapenari eta horiek babesteari, “autosufizientzia sustatuz eta krisialdietako sufrimendua arinduz”. Aldi berean, gainera, eskualde osoa garatzen laguntzen duela gehitu dute.
Zenbait datu esanguratsu.
Gaur egun UNRWAk 711 eskola kudeatzen ditu, zeintzuetan oinarrizko hezkuntza jasotzen duten Palestinako milioi erdi haur errefuxiatuk. “Giza eskubideen arloko hezkuntza eskaintzen du bere eskola guztietan. Horri esker, Palestinako ikasle errefuxiatuek aukera dute beren eskubideak erabiltzeko, tolerantzia eta indarkeriarik eza sustatzeko, giza eskubideei lotutako balioak defendatzeko, palestinar identitateaz harro sentitzeko eta beren gizarteari zein munduari ekarpen positiboa egiteko”.
Gainera, 3,5 milioi errefuxiaturi ematen die lehen mailako osasun laguntza bere 143 osasun-kliniketan. Eta, horrez gain, elikagaiak banatzen ditu Gazan, baliabiderik bariko milioi bat errefuxiatu baino gehiagoren artean. Laguntza ematen die Siriako gatazkak eragindako 438.000 errefuxiatu palestinarrei ere bai, eta elkartearen ekarpena jasotzen dute, baita ere, muturreko pobrezia egoeran egonik oinarrizko elikadura beharrak asetzerik ez duten 250.000 errefuxiatuk. Horrez gain, inklusioa eta genero berdintasuna bultzatzeko lan egiten dutela, eta nesken ahalduntzean ere indarra jartzen dutela gogoratu dute: “Sektore anitzeko ikuspegia ematen dio bere jardunaro, generoan oinarritutako indarkeriari aurre egiteko”.
Mehatxua.
Hala eta guztiz ere, iazko urriaren 6an Israelgo parlamentuak UNRWAren zereginak amaitzea helburu duten bi lege proiektu onartu zituen, eta horien ondorioz elkartea bere instalazioetatik kanporatuko lukete: “Inmunitatea kenduta, milioika errefuxiatu palestinarrei osasun laguntza eta hezkuntza bezalako funtsezko zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna larriki oztopatuta geratuko da. Erabaki honek Gazako nazioarteko operazio humanitarioaren bizkarrezurra mehatxatzen du, dagoeneko bizi duen krisi larria areagotuz”. Jakinarazi dutenez, lege horiek aste batzuk barru jarriko dituzte indarrean.
Horrek guztiak 1949an Nazio Batuen Erakundeak UNRWAri emandako mandatua betetetzeko gaitasuna geldiaraziko liokeela gogoratu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek, eta, elkartea lurralde horretatik desagertzeak palestinarrentzako “hondamendia” ekarriko lukeela uste dute: “Batez ere Gazan eta Zisjordanian, ze elikagaiak, ura, osasuna eta hezkuntzarako baliabiderik barik utziko lituzkete herritarrak. Gainera, ondorio katastrofikoak ere izan ditzake Libanon, Jordanian eta Sirian dauden milioika errefuxiatu palestinarrentzat”.
Egungo egoera bidegurutze “historiko bat” dela sinetsita, “etorkizuna eta itxaropena eraikitzearen” aldeko hautua egin dute plataformakoek: “Ezin gara isilik geratu. Genozidioa Stop! Euskal jendartea hustoriaren alde onean dagoela ziurtatu nahi dugu”.