Udalak klimatizazioa hobetzeko sistema jarri du Udalbarrin
Klimatizazioa eta saneamendua hobetzeko sistemak osasun-kontsultategiari eta udal tabernari eragingo diola azaldu du Muruetako Udalak. Hobekuntzen aurrekontua 20.978,98 eurokoa izan da.
Udalbarri udal zerbitzuen eraikinean “klimatizazioa eta saneamendua hobetzeko” sistema berri bat jarri du Muruetako Udalak. Azaldu dutenez, hobekuntza horrek Muruetako, Foruko eta batzuetan Busturiko bizilagunentzako zerbitzua eskaintzen duen osasun kontsultategiari eta udal tabernari eragingo dio, biak zerbitzu anitzeko eraikin berean daudelako.
Udaletik jakinarazi dutenez, klimatizazio zerbitzuak udal osasun profesionalen “egonaldia, itxarongela eta taberna freskatzeko” balioko du; izan ere, leiho hankiekin, terreza estaliarekin eta erdi lurperatuta, espazio horiek “beroegiak” izaten dira udan. Orain, klimatizazio sistemari esker, hau da, aire girotuari eta berokuntza-sistemari esker, bi guneak “tenperatura onean” erabili ahal izango direla zehaztu dute, “bai neguan, bai udan”.
Era berean, taberna eta udal eraikinetako harraskaren azpian koipeak bereizteko makina txiki bat jarriko dutela iragarri dute, “Udalbarriko eraikin osoko saneamendua hobetzeko”. Hobekuntza biak egiteko aurrekontua 20.978,98 eurokoa izan da.