Gaur hasi da Mario Lopezen kontrako epaiketa
Lointek Gernikaren entrenatzaile ohiaren kontrako epaiketa hasi den honetan, Gernika-Lumoko Sare Feministak biktimari babesa erakusteko elkarretaratzea egin du Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren aurrean.
Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egitea leporatuta epaitzen ari dira Mario Lopez saskibaloi entrenatzaile ohia; gaur [urtarrilak 14] hasi da epaiketa, eta Gernika-Lumoko Sare Feministaren deialdiari erantzunez, Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren aurrean ehun bat herritar elkartu dira 09:00etan, Guk sinesten zaitugu eta zurekin gaude lelopean.
Erasotutako emakumearekin batera, “bidea egiten” daudela adierazi dute sarekideek; sinesten diotela argi adierazi nahi izan dute, eta justizia feminista baten aldeko aldarria zabaldu dute. “Gertatzen dena gertatzen dela ere, berarekin daudela” esan dute: “Guk sinisten zaitugu esanez hasi genuen prozesu hau orain dela urtebete. Erasotuen errelatoei hasieratik sinisgarritasuna ematea ezinbestekoa da edozein pauso eman ahal izateko, eta horrela ulertu genuen. Momentu horretan, ez genekien salaketa epaiketara iritsiko zen ere. Urteetako inpunitatearen ondoren, gaur akusatuen aulkian eseri da Mario Lopez, epaituko diren gertakariak publiko egin arte Lointek Gernikako entrenatzaile eta gero kirol kudeaketa arduraduna zena”.
Biktimari eskerrak ere eman dizkiote Bilboko epaitegi aurrean: “Isiltasunarekin bukatzeko hartu zuen erabaki hark ireki dituen ate guztiengatik. Gaiaz hitz egitera behartzeagatik, beste alde batera begiratzea ezinezko egiteagatik, inpunitateari izen abizenak jartzeagatik… eskerrak ematen dizkiogu”. Salaketa ezagutu zenetik urtebete pasatxo igaro den honetan, sistema judiziala kritikatu dute, “ez dituelako biktimak babesten eta zaintzen, are gehiago, berbiktimizatzen dituelako”. Erreparazio sozialak, zentzu horretan “gabezia hori konpentsatzeko ekarpen bat” egin dezakeelakoan daude. Gertatutakoaren aitortzan oinarritutako eta erasotuaren erreparazioa ardatz izango duen justizia feminista baten alde borrokatzen jarraituko dute, “zigorrak baino bermeak” eskainiko dituen justiziaren alde: “Justizia feminista baten alde borrokan jarraituko dugu. Gertatutakoaren aitortzan oinarrituta, erasotuaren errparazioa ardatz izango duena, zigorrak baino bermeak eskeiniko dizkiguna”.
Epaiketa gaurtik (urtarrilak 14) etzira (urtarrilak 16) bitartean egingo dute, ateak itxita. Fiskaltzak 14 urteko espetxe zigorra eskatzen du, baita hamar urtez biktima bizi den herrira bertaratzeko debekua ere. Akusazio partikularrak, ordea, 18 urteko espetxe zigorra eskatzen du entrenatzaile ohiarentzat. Lehen egun honetan, akusatuak, biktimak eta lekuko batek deklaratu dute. Fiskaltzak proposatutako lekukoa biktimari laguntza psikologikoa eman dion profesionala izan da.