Eskualdeko udalek kontratazioetara bideratutako diru-laguntzak banatuko dituzte
Enplegua sustatu eta eskualdeko garapen ekonomikoa indartzeko helburuagaz sortu dute diru-laguntza Busturialdeko udalek, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak eta Bermeoaldeko Behargintzak. Aurrekontua 238.252 eurokoa da, eta eskaerak egiteko azken eguna, otsailaren 28a.
Enplegua sustatu eta era berean, eskualdeko garapen ekonomikoa indartzeko helburuz, Busturialdeko udalek, Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak eta Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza Garapen Agentziaren bitartez, enpresei bideratutako diru-laguntza linea bat sortu dute, kontratazioak egiteko. Aurtengo aurrekontua 238.352 eurokoa dela zehaztu dute.
Alde batetik kontratu mugagabeak lagunduko dituzte, eta bestetik, “artisten eta ikuskizun publikoetako teknikari eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuak . Zehaztu dutenez, kontratuek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan beharko dute, eta, gehienez, sei hilabetekoa. Era berean, “lanaldi osorako edo gutxienez %50eko lanaldi partzialekoak” izan beharko direla azaldu dute. Diru-laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da kontratatzen duten pertsona eskualdeko udalerriren batean erroldatuta eta Lanbiden enplegu eskaitzaile modura izena emanda egotea. Izan ere, diru-laguntzak Busturialdeko udalek sustatu dituzte, eta Lanbidek lagundu ditu diruz.
Diru laguntzen zenbatekoari dagokionez, lanaldi osoko eta sei hilabete edo gehiagoko kontratuek gehienez 8.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango dutela zehaztu dute. Hala ere, diru-laguntza 10.000 eurokoa izan daiteke, kontratua lanaldi osokoa eta sei hilabetekoa denean, “baldin eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako pertsona bat kontratatzen bada”. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitarteko kasuan, “diru-laguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala” izango da. Emakumeak kontratatzeko diru-laguntzak %10 handiagoak izango dira.
Epeak. Jakinarazi dutenez, diruz lagunduko dituzten kontratuak 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartekoak izango dira kontratu mugagabeen kasuan. Mugatuetan, berriz, 2023ko uztailaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra bitartekoak.
Eskabideak egiteko azken eguna otsailaren 28a [barikua] izango da, eta tramitazioa Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin ahalko da. Era berean, deialdia arautzen duten oinarriak ere udalaren weborrialdean daude eskuragarri, eskabidea eta hori justifikatzeko eranskinekin batera. Informazio gehiago behar duenak Bermeoaldeko Behargintzara —96-617 91 90— edota Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak agentziara — 94-625 57 58— jo dezake.