Pentsiodunen borrokaren zazpigarren urtea, herri ekimen legegileari begira
Gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatuko duen diru sarrera nahikoak bermatzea da pentsiodunen borrokaren zazpigarren urteko lehen erronka. Sinadura bilketa abiatu dute neurri hori herri ekimen legegilearen bitartez legebiltzarrera heltzeko.
Zazpi urte beteko ditu eguaztenean (urtarrilak 15) pentsiodunen mugimenduak. Zazpi urte igaro dira Busturialdeko pentsiodunak euren eskubideen alde borrokan hasi zirenetik. Etenik bariko borroka izan da eurena, eta herriko plazak betez egin diete aurre sortutako oztopoei. Lortutakoak ozpatzeko daude kalean, baita lortzeko dauden “funtsezko aldarrikapenei” erantzuteko eskatzeko ere: “2025a ez da desberdina izango. Ze, kalea utziz gero, lege berriak egingo dituzte gure pentsioak murrizteko eta gure bizi baldintzak okertzeko”. Hala esan dute gaur (urtarrilak 13) Busturialdeko pentsiodunek, Gernika-Lumoko Foruen plazan egindako elkarretaratzean.
Hainbat arrazoi dituzte borrokan jarraitzeko, izan ere, euren eskubideak ez dira adinarekin iraungitzen. Eta, horren aurrean, esan dute gobernuen ardura dela pertsona guztien bizi baldintza duinak bermatzea: “Aurten hori horrela izateko borondate politikoa egiaztatuko dugu”. Ze, uste dute, aberastasunaren banaketa “desorekatua” dela: “Gure lanarekin sortzen dugun aberastasunaren banaketa desorekatuak kapitala gero eta esku gutxiagotan metatzen jarraitzen du, eta, aldi berean, desberdintasunak eta pobrezia areagotzen doa”.
Hala, aurtengo lehen sei hilabeteetan “premiazkotzat eta ezinbestekotzat” duten borrokagaz jarraituko dute: gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatuko duen diru sarrera nahikoak bermatzea eta pentsioetan generoen arteko aldea murrizten laguntzea. “Duela zazpi urte lortu genuen PPren IRP (0,25) indargabetzea, eta orain lortuko dugu lan-bizitza baten ondoren adineko pentsiodun guztiak duintasunez bizi ahal izatea”, esan dute.
Sinadura bilketa, martxan.
Horren harira, gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxiengo soldatarekin parekatzea lortzeko, pentsiodunen mugimenduak sinadura bilketa jarri du martxan, Herri Ekimen Legegilaren alde. Izan ere, 10.000 sindura baino gehiago bilduta, pentsioei buruzko eztabaida legebiltzarrera iristea bermatuko dute, “behin betiko onar dezaten, eztabaidatu eta bozkatzeko”. Mobilizazio hori 2018an egindakoaren besteko garrantzitsua dela diote: “Gure asmoa da hamarnaka mila pertsonak proposamena sinatzea, alderdi politiko bakar batek ere ez dezan proposamenaren aurka egin”.
Hala, Gernika-Lumon datorren astelehenean (urtarrilak 20), 12:00etatik 13:ooetara bitartean Foru enparantzan, Merkurio Plazan eta Domingo Alegria plazan jarriko dituzte sinadurak biltzeko mahaia, eta herriz herri ere hainbat arduradun zehaztu dituzte Busturialdeko pentsiodunek.
Gai horretaz aparte, pentsioen erosteko ahamena berreskuratzean, 2011ko eta 2021eko erreformen alderi atzerakorrak indargabetzean (40 urteko erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak barne), gutxieneko pentsioak LGSrekin parekatzean, genero arrakala amaitzean eta kotizazio eta soldata duinen bidez sistemaren finantzaketa bermatzean jarriko dute arreta aurten ere. “Horrez gain, osasun sistema publikoaren eta zerbitzu soziosanitario publiko eta komunitario unibertsalen alde mobilizatzen jarraituko dugu. Badakigu nola lortu kasu egitea: denok batera. Eta horretan segituko dugu”.