Garaipen zaporedun asteburua Arrizabalagarentzat
Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak 22 eta 7 irabazi diete Goiuri Zabaletari eta Uxue Osesi, Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketaren bigarren jardunaldian. Gernika-lumotarrak eta tuterarrak finalerdietarako bidea argitu dute.
Olatz Arrizabala gernika-lumotarrak eta Arrate Bergara tuterararrak urrats sendoz eta erabateko konfiantzaz ekin zioten Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketari, lehiaren lehen jardunaldian; iragan zapatuan [urtarrilak 11], sentsazio bikainok berretsi besterik ez zituzten egin, Larrabetzuko pilotalekuak hartutako bigarren saioan. Neurketa aparta jokatu ostean, Arrizabalagak eta Bergarak 22 eta 7 menperatu zituzten Goiuri Zabaleta leitzarra eta Uxue Oses oñatiarra. Garaipen hori tarteko, hirugarren jardunaldian lasaitasun osoz jokatzeko aukera edukiko dute, finalaurrekoetarako txartela matematikoki ziurtatuta baitute.
Markagailua gorabehera, zapatuko arerioak “goi mailakoak” zirela nabarmendu du aurrelariak: “Partidu gogor baterako prest ekin genion jokoari, baina aurkariek ez zuten egunik distiratsuena eduki, eta gu, berriz, maila handian ibili ginen uneoro”. Hasieran zenbait akats eginagatik ere, Bergarak frontoiaren atzealdeko koadroak bere egin zituen, eta momentu batzuetan dominatuta eduki zuen Oses. Tuterarra jotzaile abila da, eta bikain eutsi zien aurkarien erasoaldiei, gero Arrizabalagak aurrealdean jokaldiak zirt edo zart errematatzeko, eta tantoak zakuratzeko.
Olatz Arrizabalaga: “Aurkariek, lehendabiziko jardunaldian zelan ibili ziren ikusita, gu estuago hartzea espero nuen”
Bigarren jardunaldia atzean utzirik, gernika-lumotarrak aitortu du “uste baino errazago” lortu zutela garaipena: “Aurkariek, lehendabiziko jardunaldian zelan ibili ziren ikusita, gu estuago hartzea espero nuen. Hori bai, esku aldetik ez nuen inongo arazorik izan, neure burua kantxan fresko eta sasoiko igarri nuen, eta hanka aldetik, berriz, bizkortasun handiz; beraz, maila handia eman ahal izan nuen, partidu perfektua atera zitzaigun bioi”.
Norgehiagoka horrez gain, beste bat ere jokatu zuten Larrabetzun. Amaia Aldai dimoztarrak eta Irati Zabala lizartzarrak Leire Garai gasteiztarra eta Nora Mendizabal andoaindarra sendotasun osoz menpean hartu zituzten: 22 eta 14. Hain zuzen ere, Garai eta Mendizabal izango dira Arrizabalagaren eta Bergararen arerioak, ligaxkako azkenengo saioan. Ondoren, finalaurrekoen ligaxkari ekingo diote.
Euskadikoan ere, garaipenez.
Binakako MLK Txapelketakoa ez da izan gernika-lumotarrak eta tuterarrak jokatu duten neurketa bakarra izan. Domekan [urtarrilak 12], Munitibarko pilotalekuak Euskadiko Binakako Txapelketaren ligaxka partidua hartu zuen. Bertan, Arrizabalagak eta Bergarak gogotik sufritu zuten Amaia Aldairen eta Enara Gaminderen kontra. Bigarren hitzordu hartan, alde fisikoak “esangura handia” eduki zuela nabarmendu du Arrizabalagak: “Zapatuan arratsaldez jokatu genuen eta domekan, ordea, goizez; horrenbestez, berreskurapenerako tartea oso laburra izan zen”.
“Zapatuan arratsaldez jokatu genuen eta domekan, ordea, goizez; horrenbestez, berreskurapenerako tartea oso laburra izan zen”
Hasiera-hasieratik, partidu gogorra, luzea eta polita izan zen Munitibarkoa. Partidu erdira arte, markagailuak parekotasuna bistaratu zuen. Jarraian, Arrizabalagak eta Bergarak errenta lortu zuten, 20 eta 14raino helduz. Neurketa oraindik amaieratik oso urrun zegoen, baina. Izan ere, tantoz tanto, aldea apaldu zuten Aldaik eta Gamindek, 20 eta 19ra hurreratuz. Azkenean, aurrelari gernika-lumotarrak gantxo bi egin zituen, ohiko erabakigarritasunagaz, eta ez zuen barkatu. 22 eta 19koagaz biribildu zuen norgehiagoka.
Euskadiko lehiaren hurrengo geltokia Miriam Arrillagaren eta Irati Zabalaren kontrakoa izango dute. Oraindik ez dakite noiz izango den, baina arerioak “sobera” ezagutzen dituzte: “Sarritan jokatu dugu elkarren kontra; alde horretatik, ez da ezustekorik egongo”. Txapelketa horretan “gorabehera asko” egiten denez, jardunaldiz jardunaldi funtzionatzeaz mintzo da aurrelaria: “Lehen jardunaldian sorpresarako tartea egon da; adibidez, guk garaipena lortu dugu ustezko faboritoen kontra. Horrek esan gura du edozer gerta daitekeela, eta partidu denetan guztia emateko prest agertu behar garela, aurkaririk gutxietsi barik”.