Mundakako zubibidearen obren esleipena egin dute
Mundakako zubibidearen babes eta konpontze obrak 2.648.396 euroren truke esleitu dituzte, eta hogei hilabeteko epea dute, horiek amaitzeko. Martxoan egingo dituzte lehenengo pausoak.
Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren sailak, Euskal Trenbide Sarea medio, Mundakako zubibidea konpontzeko eta babesteko obren esleipena egin du. Zubibide hori Amorebieta-Bermeo linean kokatuta dago, zehazki, Mundaka eta Bermeo bitarteko kosta gunean. Jaurlaritzak 2.648.396 euroren truke esleitu ditu lan horiek. Esleipendun enpresak, Bycam S.A.-k, horrenbestez, hogei hilabeteko epea edukiko du, obrak aurrera eroateko; hain zuzen ere, aurtengo martxoan ekingo diete lehendabiziko urratsei.
Egitasmoaren estreinako fasean, babes lanak egingo zaizkio zubibideari. Pasabidea bete-betean kostaren aurrez aurre kokatuta dagoenez, itsas olatuen energiarengandik babesteko hormigoizko dikea eraikiko dute; dike hori mikropiloteen bitartez zimendatu eta diseinatu dute. Babes neurriekin, zubibidearen konponketa faseari ekingo diote, zimenduetan bermatutako aldamioen bitartez eta dike berriaren babesean. Aurreratu dutenez, azken elementu horiek pilaketa eremu legez baliatuko dituzte. Ondorengo lanak eroango dituzte aurrera, hurrenez hurren: zuloak lehengoratzea; hormigoizko elementuak karbonizaziotik babestea; landaredia edota gainazal kaltzifikatuak kentzea; junturak berritzea; eta babes baranda edukiko duten abalasto hormatxoak berreraikitzea.
Zubibidea Lamiarango kalaren gainaldean kokaturik dago, metro bateko zabaleran eta trenbide bakarreko trazadura zuzenean. 90 metroko luzera duen taula hamar baotan eta lau metroko zabaleran banaturik dago, eta hamabost metroko garaieradun labarra gurutzatzen du.
Jatorriaz.
Mundakako bidezubia Sukarrieta-Bermeo tartearen zati modura eraiki zuten, Amorebieta-Etxano eta Bermeo linearen azken fasean kokatuta. Amorebieta-Gernika-Sukarrieta linea 1893. urtean inauguratu zuten, Pablo de Alzola y Minondo bide ingeniariak proiektua 1884an prestatu ondoren. Edozelan ere, 1944ra arte, ez ziren lineari jarraipena emateko obrekin; Bermeora bitarteko zati hori, hain zuzen, 1955eko abuztuaren 16an inauguratu zuten.