"Antzerkiaren, dantzaren eta musikaren arteko nahastea ni neu naiz"
Irakasleengandik etengabe ikasiz, eszenatokietatik gero eta hurbilago dago Maialen Torre. Arteagatik bizi da bizi den moduan, eta arteagatik da gaur egun dena.
Bere izaera ezagutzen lagundu dio arteak Maialen Torre bermeotarrari. Antzerkia. Dantza. Musika. Eszenatoki gainean pozik biziko litzateke artista, eta hori lortzeko bidea hasi du dagoeneko. Ingurukoen garrantzia oso presente du bere egunerokoan, eta bere familia eta lagunekin oso eskertuta dago, bere ametsengatik borrokatzeko beldur eta lotsa horiek kentzen lagundu izanagatik. Babesagatik.
Zer suposatzen du arteak zuretzat?
Niretzat arteak bizitza suposatzen du. Dena da. Azken batean, ni bizi naizen moduan bizi naiz, arteagatik, eta arteagatik naiz naizena. Nire bizitza osoan bidelagun izan ditut musika, dantza eta antzerkia; beraz, nire bizitzaren oinarri dira, nolabait.
Nondik dator artearekiko duzun maitasun hori?
Esango nuke jaiotzatik datorrela. Nire lehen oroitzapen guztietan artea dago, modu batean ala bestean. Txikitan, adibidez, aspertuta nengoenetan, nire amaren lagunei nirekin dantzatzeko eskatzen nien, eta hori oraindik ere gogorarazten didate kalean. Telebistan ere sarri ikusten nituen Victorius, Hannah Montana eta antzerako telesailak; horien guztien koadernoak nituen, eta saioak ikusten nituen bitartean, ni ere beraiekin institutuan nengoela imajinatzen nuen, eta horri buruz antzezten nuen. Horrelako beste hainbat oroitzapen ere baditut. Beraz, bai, arrazoi zehatzik ez dudan arren, oso txikitatik dut artearekiko maitasun hori.
Ross Dantza Eskolan urteak daramatzazu, ikasle eta irakasle bezala. Dantza barru-barruan daroazu?
Bai. Oso. Berezia da dantza niretzat. Egunero nago dantzan, eta gainera, dantza beste batzuei irakastea maite dut. Dantza transmititzea. Guri, Rosak hainbat aukera eman izan dizkigu, eta txikitatik zabaldu dizkigu gure proiektu propioetarako ateak. Rosak beti ikusi nau mundu honetan oso sartuta, eta hori ikusirik, gaur egun probatzeko aukera izan ditudan proiektuen ate asko zabaldu dizkit. Adibidez, gaur egun disko festetan barneratuta nago, eta dantza klaseak ere ematen ditut berari esker. Dantza klaseak jasotzen ditut, eta dantza klaseak eman ere egiten ditut. Nire irakasleetatik gauza berriak ikastea maite dut, oro har. Baina, dantzarekiko ilusio edo zirrara hori besteei transmititzeak ere asko asebetetzen nau. Orokorrean, dantzak asebetetzen nau, eta bai, barru-barruan daramat.
Peru Krokodriloa bezalako ikuskizunetan antzezteko aukera izan dut.
Antzerki ikasketak egin dituzu. Argi izan duzu zure etorkizuna nondik bideratu?
Krisi bat izan nuen horrekiko batxilergora sartzeko garaian. Batxilergo artistikoa egin nahi nuela oso argi nuen, baina ahal izanez gero, ez nuen Gernikan egin nahi, kanpoan baizik. Ez ninduten hartu, ordea. Beraz, Gernikako institutuan egin nuen batxilergoa, eta bageneukan irakasgai bat, marrazketa teknikoa, eta oso-oso kaxkarra nintzen horretan. Orduan, etxera heltzen nintzen bakoitzean, amarekin husten nintzen, kexa eta kexa; hori ez zela etorkizunean egin nahi nuena esaten nion. Nik dantzatu eta antzeztu nahi nuen, goiz guztia, egun guztia, berdin zitzaidan, baina hori nahi nuen. Edinburgora ikastera joateko aukera ere izan nuen, baina COVID-19a heldu zen, eta horrek ere ihes egin zuen. Azkenean, Barakaldoko Bai Eskola aurkitu nuen, eta hor hasi nintzen antzerki ikasketekin.
Gainera, mundu horretan pausoak ere eman dituzu.
Bai. Nire lehenengo pausoa disko festetan izan zen; 16 urtegaz Harribitxiak-ekin hasi nintzen. Hortik aurrera, Kantu Koloreko taldean sartu nintzen. Urte eta erdi inguru egon nintzen, eta Peru Krokodriloa bezalako ikuskizunetan antzezteko aukera izan dut.
Gaur egun zein proiektutan zaude murgilduta?
Zornotzako kartzelaren inguruko dokumental bat egin dut duela gutxi, Ikusezinak deiturikoa. Bertako kartzelan egon zen emakumeetako baten bizipenak azaleratzeko aukera izan nuen. Gaur egun, Bai Musikan nago, eta horri esker, mundu horretan oso ezagunak diren hainbat jende ezagutzeko aukera izan dut; horietatik guztietatik ikasten nabil gaur egun, etorkizunean Sitges-en edo Madrilen formatzen jarraitzeko asmoz.
Antzerkia. Dantza. Musika. Nahaste hori ni neu naizela gero eta argiago dudan zerbait da.
Arte-munduan lan egitea zaila al da?
Zaila baino, uste dut ondo antolatzea dela gakoa. Artista batek etengabe egon behar du formatzen, gauza berriak ikasten. Gizarteak eboluzionatzen duen bezala, guk ere eboluzionatu behar dugu. Denbora izan behar da proiektu artistikoetarako, proiektu pertsonaletarako, eta etengabeko irakaskuntza behar da horretarako. Bestalde, diru laguntzak lortzea zaila da; beraz, askotan, zure etxetik urruti dagoen toki batera joan behar zara lan egitera, artearekiko maitasunagatik, eta etorkizunean horrek ekar diezazkizun onurengatik zein hurrengo proiektuengatik. Denbora eduki behar da, baina nahi duzuna ere argi izan behar da. Guzti hori gestionatzea latza izan daiteke, baina horri aurre egiteko, nire ustez, bakoitzaren inguruak du garrantzia. Jende onagaz inguratzea berebizikoa da; era batera edo bestera lana erraztuko dizun jendea, etengabeko babesa emango dizun jendea.
Etorkizunera begira, zer espero duzu?
Antzerki musikalean lehen pausoak ematen hastea espero dut. Nire burua hor ikusten dut gehien, eta hori lortzeko bidean nago. Antzerkia. Dantza. Musika. Nahaste hori ni neu naizela gero eta argiago dudan zerbait da. Edozein momentutan, edozer pasa eta mahai gainera igoko nintzateke, gertatutako hori antzezten edota dantzatzen. Orokorrean, eszenatoki baten gainean lan egitea espero dut, alegia. Dantzatzen, abesten, edo txisteak kontatzen. Hori da nire bidea, nire ustez.
Nik zortea dut; bai etxekoek, bai lagunek, beti babestu eta animatu naute nire bide hori jarraitzera, eta eskerrak.
Zer esango zenioke duela 5-10 urteko Maialeni?
Beldurrik ez izateko. Nik beti izan dut argi zer nahi nuen, baina beldurra nuen etxean «abestu nahi dut» esateko, inoiz horrelakorik egin gabe. Nire ahotsa ez da inoiz berezia izan, baina nik abestea maite nuen. Beldurtuta nengoen, lotsatuta. Aurrerapauso hori ematea zaila da askotan, baina beldur edo lotsa horiek bideratzen hastean dago gakoa. Lanarekin dena lor daiteke, nahiz eta txikitatik musika eskolak ez jaso, kasu honetan. Beste behin ere, ingurukoak berebizikoak dira. Nik zortea dut; bai etxekoek, bai lagunek, beti babestu eta animatu naute nire bide hori jarraitzera, eta eskerrak.