Txillardegiren pentsamendu filosofiko eta linguistikoak bildu ditu Markos Zapiainek
'Txillardegi hizkuntzalari' liburua argitaratu du Markos Zapiainek, Txillardegik hizkuntzarekin izan zituen hartu emanak modu "nahiko pedagogikoan" zabaltzeko helburuagaz.
Filosofiaren historia ikasgaiaren programazioan emandako aldaketa bat bultzatu du Markos Zapiain Bermeoko bizilaguna Txillardegi Hizkutzalari liburua idaztera. Hipatia eta Jose Luis Alvarez Txillardegi dira, besteak beste, programazioan sartu diren pentsalari berriak, eta “ez zegoen materialik”. Horregatik, Hezkuntza Sailak Agora Filosofiako Elkarteko kideei bideratu zien sorrera, tartean Zapiaini. Iruindarrak Eibar.org blogean partekatu zituen bere lanak, eta Elkar argitaletxeak liburua argitaratzeko interesa erakutsi zuen: “Hari horri tiraka atera da liburua”. Gaur [urtarrilak 9] aurkeztu du liburua Donostian, Txillardegiren heriotzaren hamahirugarren urteurreneko ekitaldien atarian.
Txillardegiren hizkuntzaren filosofia jorratzen du obrak, euskara abiapuntutzat harturik. Zapiainek aurkezpenean azaldu duenez, donostiarrak UZEI Hizkuntzalaritza Hiztegiaren arduradun izan zenean erabilitako eskema “kopiatu” du. Lehenengo zatian “hizkuntzatasuna” —Txillardegik asmatutako hitza—, hau da, hizkuntzaren ezaugarri orokorrak eta linguistika unibertsala jorratzen dira. Bigarrenean, berriz, “euskararen problematika berezia”. Hirugarren atal bat ere badu liburuak, eta horretan Zapiainek Txillardegiren biografia landu du, “euskara ardatz hartuta”.
“Estrukturamena”. Hizkuntzatasunari dagokionez, Txillardegirentzat “estrukturagile inkontzientearena edo estrukturamena” dira kontzeptu giltzarriak: “Gizakiaok kaosa topatzen dugu mundura gatozenean, eta mapak behar ditugu, ordena”, azaldu du idazleak. Zehaztu duenez, gizakion berruan “guztia zeinu hizkuntza bihurtzen duen estrukturagile inkontzientea” dago: “Gizakiak egiten duen guztia zeharkatzen du hizkuntzak”.
“Guk idatzi egiten dugu, baina orain badakigu gu ere idatzita gaudela: lehenengo molekulek testua zekarten, eta handik gatoz”, adierazi du Zapiainek. “Bizitza ere hizkutza da” gehitu du, Txillardegi hizkuntzatasunari dagokionez gehien harritu zuen ideia izan zela nabarmenduta. Idazlearen esanetan, aurkikuntza hori bat zetorren hizkuntzalari eta soziolinguista donostiarrak sarri sentitu zuen sentimendu batekin: “aurridetasuna bizidun guztiekin”.
Hizkuntzen gainbehera. Txillardegik, “euskararen eta hizkuntza txiki askoren gainbehera” aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen bizirik irauten duten hizkuntzak estatu bat dutenak direla; horregatik, euskal estatua sortzea proposatu zuen: “Ez edozein estatu, bere tresna guztiak euskararen alde ipiniko dituen estatua baino”. Hortik jai zen Txillardegiren esaldi ezagunetako bat: “Estatu batekin euskarak egian ez du iraungo, baina estaturik gabe, ziur ezetz”. Zapirainen hitzetan, donostiarrak bere erosotasuna “sakrifikatu” zuen militantzia lana egiteko; izan ere, hamasei urtez erbestean egon zen Txillardegi, eta bi aldiz espetxeratu zuten.
Bere gurasoak euskal hizkutan izanik ere, Txillardegik bere kabuz ikasi zuen zuen euskara: “Egunero geratzen zen gauerditik hirurak arte ikasten, eta gero, behin ikasita, zortzietatik hamabitara jarraitzen zuen, beti lan eta lan”. Izan ere hori da Txillardegik euskarari ikusten zion “irtenbide” bakarra: “Bide horretatik jotzea ahalik eta jende gehienak”.
Buru zientifikoa. Txillardegi matematika irakaslea zen arren, “oso buru poliedrikoa” zuela zuela nabarmendu du Zapirainek: “Hizkuntzatasuna ikusten zuen leku guztietan; itxurazko ugaritasun lausoa, amorfoa, ahaidetasuna mitoetan, ametsetan, sintoma neurologikoak… dena ekartzen zuen ekuazio sinple batera”.
Txillardegi hizkuntzalari “edonork irakurtzeko moduko” liburua dela zehaztu du egileak, aurrezagutzarik behar ez dela argituz: “Nahiko pedagogikoa da, abiapuntuan ikasle eta irakasleentzako material izaera duelako. Irati Jimenezen gogoeta bat bere eginez bukatu du aurkezpena Zapiainek: “Euskaldunoi, agian gure historiagatik, gure konplexuengatik edo gure oinazeengatik beste pertsona bat mirestea kostatzen zaigu, batez ere euskalduna bada”. Horren harira, Txillardegik mirestea erraz uzten duela gehitu du, pertsona berak Hacia una socio-linguistica matematica liburua eta Leturiaren egunkari ezkutua eleberria idatzi izana “harrigarria” dela nabarmenduta: “Bere obran sartzea ipotx bat erraldoi baten sorbaldan zintzilikatzeaa bezalakoa da”.