Behin betiko bakea eta konponbidea, helburu
Euskal preso, erbesteratu eta deportatuen egoerari "premiazkoa den irtenbide justua" eskatzeko manifestazioa deitu du Sarek zapaturako, Bilbon.
Kaleak aldarrikapenez betetzeko eguna izango zapatua Euskal Herrian. Izan ere, beste urte batez, Sare Herritarrak euskal preso, erbesteratu eta deportatuen gaiari “premiazkoa den irtenbide justua” ematea eskatzeko manifestazio nazionala deitu du, Behin betiko lelopean. Era berean, indarkerien biktima guztiei “tratamendu justua” ematearen beharra plazaratuko dute. Helburu hori lortzea “guztion kontua” dela azpimarratu du Sarek, giza eskubideak erdigunera ekarrita: “Eskubideez ari gara. Giza eskubideez ari gara, eta hori da, hain zuzen ere, euskal gizartearen gehiengo zabala batzen duena”. Sarek parte hartzeko deia zabaldu die herritarrei. Bat egiten duten eragile eta banakoek Bilboko Casillan dute hitzordua, 17:00etan.
Arazoak batzuetan hutsalak badira ere, beste batzuetan “historiaren norabidea” aldatu dezaketela nabarmendu dute Sareko kideek, arazo guztietan ziklo bat betetzen dela azpimarratuta: “Sortu, garatu eta konpontzea. Edo ezer ez egitea”. Modu horretan, konpontzen ez diren arazoak “gaiztotu” egiten dira: “Gizartean sakondu egiten da arrakala, sufrimendu handia pasatu ondoren elkarbizitzan aurrera egin behar duen jendearen artean”. Era berean, arazo batzuetako irtenbideak aurkitu badira ere, gatazka horren beste ondorio batzuek oraindik “oinazea eta bidegabekeria” eragiten dituztela aldarrikatu dute: “Ondorio horien artean nagusietako bat euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenak dira, haien eskubideak urratzen segitzen dutenak, ETA desagertu zenetik sei urte baino gehiago iragan badira ere”. Egoera horren aurrean, behin betiko konponbidea eskatuko dute zapatuan Bilboko kaleetan.
Elkarbizitza eta bakea. Eta konponbidea bakarrik ez, behin betiko elkarbizitza ere aldarrikatuko dute. Elkarbizitza sendoa eraikitzeko, baina, “bi gako nagusi” daudela azaldu dute: “Batetik, beharrezkoa da espetxeen, erbesteratuen eta deportatuen auzirako konponbide justua, eta bestetik, gure herrian sufritu ditugun indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea”.
Saretik zehaztu dutenez, indarkeriarik ez egotea “ez da nahikoa konfrontazioak utzi dituen bidegabekeriak bukatutzat emateko”. Hala, euskal gizarteak “bortxazko egoerak” gaindituta, orain konfrontazioen emaitza diren “bidegabekeriazko egoerak” gainditzeko garaia dela aldarrikatu dute: “Euskal gizarteak, eskuzabaltasunez, zintzotasunez eta erantzukizunez, azken hamarkada honetan erakutsi du posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea, ahaztu gabe baina gorrotoan tematu gabe”.
Behin betiko bakea lortzera bidean lanean jarraituko dutela aldarrikatu dute Sareko kideek: “Oraindik bake justuaz hitz egiten uzten ez diguten korapiloak askatzen lagunduko dugu hemendik aurrera ere”. Behin betiko bakea “amets bat baino gehiago” dela nabarmendu dute, euskal gizartean lortu behar den “gutxienekoa” dela zehaztuta: “Eskubidea dugu hurrengo belaunaldiei guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino gizarte hobea uzteko”.
Atxikimenduak. Aurreko urteetan egin bezala, hainbat alderdik, elkartek eta esparru geografiko, profesional eta kulturaletako pertsona ugarik bat egin dute zapatuko manifestazioarekin; besteak beste, EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP eta Mes Per Mallorca alderdiek, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxalde sindikatuek eta Bakebidean, Egiari Zor, Gure esku Dago, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural eta Kataluniako abokatutzaren Koordinadora elkarteek. Horrez gain, unibertsitate, kirol eta abarren ordezkariek ere atxikimendua helarazi diotela zehaztu dute Saretik.
Azpimarratu dute manifestazio nazionala ez dela aldarrikapen politikoa: “Ez gaude aldarrikapen politiko eta, beraz, alderdikoi baten aurrean”. Zapatuko mobilizazioa presoen kolektibo baten “eskubideen aldeko aldarria” dela zehaztu dute, “haien eskubideak urratzen jarraitzen baitute”. Giza eskubideen aldeko aldarria dela gehitu dute: “Horrela bakarrik uler daitekeelako Sare bezalako elkarte batek, urtez urte, dozenaka milaka pertsonak kaleak bete eta bidegabekeriarik gabeko bakea eskatzea”. Zapatuko hitzorduan euskal presoen eskubideak berriz aldarrikatzea eta indarkeriaren “biktima guztiei zor zaien errespetua” eskatzea izango dituzte helburu.
Bizumkada nazionala. Lanean jarraitzeko borondatea erakutsi badu ere, erakundeen “laguntza oso gutxirekin” lan egiten duen elkartea da Sare. Izan ere, sarekideen eta ekitaldi eta manifestazioetan egiten duten diru-eskeen bidez egiten du aurrera. Horregatik, Bizumkada Nazionala antolatu dute, “lana egiten jarraitu ahal izateko beharrezkoa den laguntza ekonomikoa eskatzeko euskal gizarteari”.
Hala, urtarrilaren 14ra bitartean Bizum zein txartel bidez ekarpen ekonomikoak egiteko ekimena sortu dute: ekarpenak Sare Herritarraren web orrialdearen bitartez egin daitezke.