"Ikusleak gure musikagaz zuzeneko bidaia egitea gura dugu"
Musika psikodelikoaren eta stoner giroen uretan murgilduta dago Aposapo talde berria. Bermeo eta Gernika-Lumo ditu epizentro; Izaro Hoyuelos, Jon de la Fuente eta Mikel Bidaurrazaga dira gidariak.
2023. urtearen amaieran, Jon de la Fuente gernika-lumotarra eta Mikel Bidaurrazaga Lizarran sortutako bermeotarra jam edo inprobisazio saio bat egiteko geratu zirenean, ez zuten pentsatu topaketa hura proiektu berri baten ernamuina litzatekeenik. Izaro Hoyuelos bermeotarra batu zitzaienean, nekez imajinatuko zuketen ekuazio musikal hark Aposapo izena hartuko zuenik. Hirukoteak Aposapo lehendabiziko lan homonimoa kaleratu zuen 2024ko azaroan, stoner musika eta atmosfera psikodelikoak ezkontzen zituena.
Gehien gustatzen zaizuena, musika, egiten sortu zen Aposapo.
Hori da. Hasieratik bat egin genuen gustuetan eta dinamiketan. Musika psikodelikoa egitea pentsatu genuen, baina ezeri aterik zarratu barik. Hiru taldekideok betidanik taldeetan eta musika munduan buru-belarri aritu izan gara; hasieratik elkar ulertu dugu.
Hasieratik eduki al duzue definituta zuon noranzko musikala?
Gutxi gorabehera, bai. Esan daiteke stoner klasikotik, Kyuss edo Fu Manchu moduko taldeen korronteetatik, asko edaten duela; Black Sabbath, Jack White, Queens Of The Stone Age, Fuzz zein All Them Witches moduko taldeen influentzia argia du, baita King Gizzard & The Lizard Wizard taldearen alderdi psikodelikoarena ere. Hain zuzen ere, psikodelia da ezaugarri nagusia: trantsizioak, atmosferak, efektuak nahiz tarte instrumentalak. Horrez gain, azpimarratu gura nuke taldekideon ezaugarri nagusienetakoa elkarri musika erakustea dela: talde pila bat jaso dut Izarok eta Mikelek gomendio eginda; eurek ere, beste horrenbeste. Aposapo influentzia edota elkarbanatze horren guztiorren topagunea ere bada.
“Iparragirreko zuzenekoa jendaurreko entsegu baten parekoa izan zen, eta adiskide artean ibili ginen”
Bermeoko Nuntxaku izan zen taldearen zuzeneko estreinaldia, abenduan, baina aurretiaz Gernika-Lumoko Iparragirre Rock Elkartean emanaldi bitxi samarra ere eman zenuten jendaurrean.
Bai. Iparragirrekoa jendaurreko entsegu baten parekoa izan zen, eta adiskide artean ibili ginen; ohiko oholtzan barik, lurrean bertan jo genuen, eta horrek zelanbaiteko hurbiltasuna sortu zuen ikusleekiko. Oro har, aho zapore gozoagaz atera ginen handik. Bermeoko zuzenekora begira moldatu beharrekoez kargututa, bigarren agerraldian are seguruago ibili ginen. Gainera, bi emanaldiak ikusi zituztenek esan digute Bermeoko kontzertuan garapena sumatu zutela.
Hasieratik amaierara, bidaia itxura izan zuen.
Hori bilatu genuen. Abesti artean zubiak egitea gustatzen zaigu: atmosferak sortzea. Ikusleak gure musikagaz zuzeneko bidaia egitea gura dugu, eta zuzenekoak horretara bideratzen ditugu.
Zergatik Aposapo?
Udan, Portugalgo SonicBlast musika jaialdira joan ginen, izen batzuk esku artean genituela. Han bai ala bai erabaki bat hartzea genuen buruan, eta haietako bat hautatzea. Ez genuen lortu. Beraz, aukeretako bat hautatu genuen: Aposapo. Alde batetik, izenaren fonetikak erakarri gintuen, gure musikaren erakusle izan daiteke eta; bestalde, apoek edota igelek ere, zelan edo halan badute loturarik psikodeliagaz.
“EPa naturaltasunez grabatu genuen, hirurok batera, klaketa barik: ohiko lekuan eta ohiko modura”
Zelakoa izan da lehen EParen grabaketa?
Udan grabatu genuen, bizpahiru egunetan: Mikelek eta biok egin genuen grabazioa, lokalean, eta neronek nahastu. Ondoren, Jon Badiolak Ondarroako North Waves Sound estudioan egin zigun masterizazioa. Hirurok batera grabatu genuen, klaketa barik, entseguetan egiten dugun legez. Naturaltasunez funtzionatu genuen: ohiko lekuan eta ohiko modura.
Lau geraleku ditu proposatzen duzuen bidaia musikalak.
Bai, lau abesti dira: Nights, The Goose Song, Ice Cream eta Fire Cream. Azken biek kanta bakarra direla dirudite, baina ez da hala: bata dantzagarria da; bestea, guztiz sabbatheroa. Abesti horiek biek definitzen dituzte taldearen ertzak. Batetik, bada psikodeliarako eta bizkortasunerako joera; bestetik, riff pisutsuak bilatzeko grina. Nights-i dagokionez, Izaroren ahotsaren metrikak eta ahoskerak bikain ezkontzen du baliatzen dugun polierritmikagaz. The Goose Song doom musikara hurreratzen da: geldoagoa da, iluna; bigarren zatia, ostera, agresiboa. Mantra baten itxura duela esango nuke.
Hasieratik formatu laburraren aldeko hautua egin zenuten, ala LPa kaleratzeko aukerak ere baziren?
Udan grabatu genuen, eta artean ez genuen material larregirik. Egia da beste abesti eta interludio bana prest genituela, baina grabaketa erdi gaixorik egin genuen, eta horrek asko murriztu zuen prozesua. Osasuntsu egonez gero, seguru asko, egun gehiago hartuko genituzkeen, eta kanta gehiagoren bat grabatu.
Zelakoa da abestien sorkuntza prozedura?
Riff bat da beti kantaren abiapuntua, eta hortik ekinez egituratzen dugu gainontzeko hezurdura; abestien melodiak eta hitzak azken urratsa izan ohi dira.
“Albuma zuzeneko emanaldietan plazaratu gura dugu; horixe da 2025erako geure helburu nagusia”
Noren eskutik atera da albumaren azala?
Mikel bera arduratu da diseinu guztiaz. Marrazkigintza eta ilustrazio kontuetan ederto moldatzen da; berak egin ditu kamisetak, afixak eta aipatutako azala. Alde plastiko guztia bere lanaren emaria da.
2025erako, zein asmo duzue?
Albuma zuzeneko emanaldietan plazaratu gura dugu; horixe da geure helburu nagusia. Besteak beste, Zestoan, Oviedon, Zallan, Gasteizen, Bakion, Oñatin, Irunen eta Urretxun lotu ditugu datak. Ez hori bakarrik: oraindik aurreratu ezin ditugun eta apurka-apurka erakusten joango garen hitzorduak ere badaude.
Eta abesti berririk ba al duzue gordeta?
Bai, sortzen segitzen baitugu. Albumekoez gain, bizpahiru abesti osorik sortuta ditugu, baina ideiak asko eta asko dira. Makina martxan dugu.