Denboraldiko jomuga handienaren bila
Olatz Arrizabalagak, Arrate Bergaragaz batera, Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketa garaipenez hasi du. Asteburuan lehiaketaren bigarren jardunaldian ariko da, baita Euskadiko Txapelketaren estreinakoan ere.
Pektoralean zuntz etendura bat tarteko, Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarrak Lau eta Erdiko Txapelketa, denboraldiko gailurretako bat, galdu zuen. Edozelan ere, lesio hartatik berreskuratu da gernika-lumotarra, eta badu beste helmuga handirik ortzimugan: Binakako Master Laboral Kutxa Txapelketa abiatu du, Arrate Bergara tuterarragaz batera. Abiatu ez ezik, garaipenez hasi dute lehiaketa.
Izan ere, abendu amaieran jokatu zuten, Etxebarriko pilotalekuan, estreinako jardunaldiko bi partiduak, A multzokoak. Amaia Aldai dimoztarra eta Irati Zabala lizartzarra izan zituzten aurkari; 17 eta 22koagaz gailendu ziren Arrizabalaga eta Bergara. Beste partiduan, Leire Garai gasteiztarrak eta Nora Mendizabal andoaindarrak Goiuri Zabaleta leitzarraren eta Uxue Oses oñatiarraren aurka neurtu zituzten indarrak; bigarrenak nagusitu ziren, markagailu berberagaz. B multzoari dagokionez, ondorengo bikoteek osaturik dago: Madalen Etxegarai oñatiarrak eta Miriam Arrillaga aginagarrak; Laia Salsamendi otsagabiarrak eta iaz Arrizabalagagaz gailendutako Itxaso Erasun zizurkildarrak; Mirian Arraiza donostiarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak; azkenik, Aiala Uriarte deriotarrak eta Andrea Capellan errioxarrak.
Minak atzean utzita.
Arrizabalagak pektoraleko mina “ahaztuta” eta aurretiaz sorbaldetan edukitako gabeziak “ondo landuta” ekin dio lehiari: “Lan handia egin dut sasoi onean heltzeko, eta seigarren garaipena lehiatzeko prest nago, kopuruak ardurarik sortzen ez didan arren”. Bergara “aspalditik” ezagutzen duen atzelaria dela nabarmenduta, euren artean “bikaina” ulertzen direla azaldu du aurrelariak: “Arrate ez da atzelari dominatzailea, baina bai, ostera, bereziki sendo eusteko gai den horietakoa; neure ardura, beraz, jokaldiak errematatzea eta tantoak egitea izango da”. Antolatzaileek bikote “orekatuak” egin dituelakoan dago aurrelaria: “Beste urte batzuetan ez bezala, aurtengo aldian zaila da hautagaiak azpimarratzea. Oro har, txapelketa berdindua eta oso gogorra izango da”. Faboritorik egotekotan, Zabaleta-Oses, Garai-Mendizabal edota Arraiza-Gaminde aipatu ditu gernika-lumotarrak.
Zapatuan Larrabetzun jokatuko dute bigarren jardunaldia, Zabaletaren eta Osesen kontra, 18:00retan
Arrizabalagak partidu bakoitzaren esangura darabil ahotan, hitzordu bakoitza “giltzarri” baita: “Lehen azterketa nota onagaz gainditu dugu, baina badago zer hobetu”. Bestalde, txapelketa “luzea” izatea bere alde baliatu dezakeela uste du, eskarmentua probestuz: “Ederto ezagutzen dut lehiaketa eta, alde horretatik, urteek emandako iraupen fisikoa zein mentala ondo landuta ditut”. Lehen erronka atzean lagata, jadanik hurrengoari begira daude Arrizabalaga eta Bergara. Datorren zapatuan [urtarrilak 11], 18:00retan hasita, Larrabetzun jokatuko dute, Zabaletaren eta Osesen kontra; gainera, Aldaik eta Zabalak Garai eta Mendizabal edukiko dituzte aurrez aurre.
Olatz Arrizabalaga: “Zapatuan bigarrenez irabazten duen bikoteak hanka bat finalaurrekotan edukiko du”
Neurketa “estua” espero du: “Arerioek ere lehen jardunaldian garaipena eskuratu zuten, eta horrek seguru asko konfiantza handia emango zien; gainera, bigarrenez irabazten duen bikoteak hanka bat finalaurrekoetan edukiko du jadanik, eta ez da bai ala bai irabazteko beharrizanagaz kantxaratuko hirugarren jardunaldian”. Hain zuzen ere, iraupen lasterketa izango da Binakako MLK Txapelketa: martxoaren 23an jokatuko dituzte finalerdiak, Laudion; final handia, berriz, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuak hartuko du, eta apirilaren 6an izango da. Horrez gain, Arrizabalaga eta Bergara Euskadiko Txapelketan ere bikotekide legez parte hartzeko prest daude. Lehiaketa hori ere asteburu honetan ipiniko dute abian, martxoa artean. Domekan jokatuko dute Munitibarren, Aldai eta Gaminderen kontra. Lea Ibarra-Motrollo Pilota Elkartearentzat, horrenbestez, derbia izango da lehendabiziko jardunaldia.