Alacanteko Unibertsitateko Demokraziaren Artxiboaren aitortza jaso du Pipergorrik
Alacanteko L 'Alteteko Gonzalvez familiak eta Gernikako Pipergorri kultur elkarteak Alacanteko Unibertsitateko Demokraziaren Artxiboaren aitorpena jaso dute.
Alacanteko Unibertsitateko Demokraziaren Artxiboaren aintzatespena jaso dute L’Alteteko Gonzalvez familiak eta Gernika-Lumoko Pipergorri kultur elkarteak, artxibo horri egindako dohaintzak eskertzeko. Izan ere, iazko abenduaren 11n urteroko errekonozimendu ekitaldia egin zuten artxiboaren egoitzan, eta artxiboak XX. urteurrena betetzen zuen horretan, Emilio Rosillo zuzendariak errekonozimendua egin zien artxibora dokumentazioa gehitu dioten pertsonei, familiei zein erakundeei.
Egindako errekonozimendu horien artean, Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrean (1938-1940) hildako Juan Bautista Gonzalvezen Tio Batiste familiak jaso zuen aitortza. Gonzalvez familiak urte luzeetan eman zuen gerran desagertutzat Tio Batiste, eta, azkenean, 2022an jakin zuen non hil zen. Hori, Pipergorri elkarte gernikarrak egindako ikerketa lanaren argitalpena eta zabalkundeari esker jakin zuen. Hain zuzen ere, Javier Marco Gonzalvezek –Juan Bautista Gonzalvezen lobak– hartu zuen saria, Pipergorriren ordezkapena ere “ondo baino hobeto” eginez. Izan ere, Gonzalvez familiak Pipergorriri korreoz bota dio saria bera, bertoko artxiboan ondo gordetzeko. Eta, Pipergorrikoek pozarren hartu dute: “Pozarren hartu dugu saria familiagaz partekatzeko eta bertan gordetzeko erabakia. Gustura jaso dugu sari hau erdi bana”.
Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarrean 269 preso hil ziren, eta Pipergorrik egindako ikerketa zein zabalkundeak oihartzuna izan du hildakoen jaioterrietan ere. Hala, batzuk horren urrunekoak izanda, familien euren laguntasuna izan dute gaia zabaltzeko. “Valentzia inguruetan gaiak hedapen zabala izan du, izan ere, ospitale mitarrean hildako presoetatik 16 inguru horretakoak ziren”, azaldu dute Pipergorrikoek. Horiek 16 eta 32 urte bitarteko gazteak ziren, baldintza “eskasetan” hildakoak, euren jaioterritik urrun eta gehienak tuberkulosiak jota. Familia gehienek ez zuten senideen heriotzaren berririk eduki, eta horrek mina eta dolua belaunaldiz belaunaldi luzatu zuela diote Pipergorrikoek: “Esate baterako, Juan Bautista Gonzalvezen familiak 2022an izan zuen horren berri, eta Federico Morellenak 2o23an”. Ondorioz, “garrantzitsua dela” memoria historiko ikerketak zabaltzea azpimarratu dute elkarteko kideek, eta memoriarekiko zor hori lantzen ari direla gehitu dute.
Memoria kolektiboari babesa.
Ekitaldian, hain zuzen ere, Alacanteko Unibertsitateko erredaktoreorde Catalina Iliescuk ekitaldi hori “egun berezitzat” definitu zuen, “memoria kolektiboa eta bizikidetza baketsua ospatzeko eguntzat”.
Izan ere, Demokraziaren Artxiboa 2004an sortutako proiektua da, helburu bikoitza daukana: garai horretako memoria gordetzea eta hori eskuragarri bihurtzea irakasle, ikasle zein publiko orokorrarentzat. Helburu horiek “guztiz beteta” daudela esan dute Pipergorrikoek, izan ere, zerbitzuak mugak gainditu ditu, eta Alacantetik kanpo ere ezaguna da. Iazko datuen arabera, urtarriletik ekainera bitartean, web orokorrak 80.000 bisita jaso zituen, eta ataririk bisitatuenak hurrengoak izan ziren: El Exilio Republicano en el Norte de Africa, La represión franquista en la provincia de Alicante eta Mujeres de la Transicion. Gainera, aldi baterako erakusketak ere egiten dituzte, bertan dagoen dokumentazioa erakusteko.