Bezeroen %80 euskaraz artatu dituzte Talako Kantinan
Talako Kantinan 2024an zehar barran artatu dituzten bezeroekin zein hizkuntza erabili duten neurtu dute, horretarako sortutako fitxa batekin: hamarretik zortzirekin euskaraz aritu dira. Neurketa Eusko Jaurlaritzaren LanHitz diru-laguntzagaz finantzatu ahal izan dute.
Talako Kantinan euskararen erabilera neurtzeko “ariketa informal bat” abiarazi zuten 2023an: paper batean apuntatzen zuten bezeroek zein hizkuntzatan erantzuten zien. Neurketa hori denboran luzatu nahi izan zuten, eta 2024an hizkuntza erabileraren “fitxa sinple bat” osatu zuten. Urtea bukatzeagaz batera, bildutako datuak ezagutarazi dituzte: publikoaren %80 inguru euskaraz artatu dute.Â
Arduradunek azaldu dutenez, euskararen erabileran arreta jarri eta “bi ondorio argi” atera dituzte: “Batetik, lehen hitza euskaraz eginez gero, jende gehiago animatzen dugula euskaraz aritzera. Bestetik, euskaraz hitz egin ez baina ulertzen dutenak zenbatuta, hamarretik zortzigaz euskaraz jarraitu dugula berbetan, arazorik gabe”. Izan ere, Talako Kantinan euskaraz da beti lehenengo hitza: “Hasieratik izan da gure borondatea herrian euskaraz lan egin eta bizitzea. Euskaraz da beti gure lehen berba edonori ondo etorria ematen diogunean”.Â
Zehaztu dutenez, ezin izan dute egunero neurketa sistematiko bat egin: “Barrako lana eta aldi berean fitxa betetzea ez da beti posible izan”. Horregatik, “digitalizazio moduren bat” garatzea interesgarria litzatekela azaldu dute. Talako Kantinan egindako neurketa baina, ez da beste taberna batzuetara estrapolagarria, “lokalen artea publiko-mota desberdintasunak egon ahal direlako”. Hala ere, gustura geratu dira neurketak emandakoarekin: “Hutsuneak hutsune, ariketa oso interesgarria izan da”. Horregatik, Euskal Herriko beste lokal, taberna edo komertzio txikientzat eskuragarri utzi dute fitxa Kantinako web orrialdean, nahi duenak deskargatu eta erabili dezan.
Neurketa. Â
Kantinara sartu diren pertsonekin elkarrizketa zein hizkuntzatan izan den neurtu zuten, elkarrizketako pertsona kopurua kontutan hartuta, hau da, barran emandako hizketak; esaterako, barrara pertsona bat gerturatu eta bi lagunentzako eskatu bazuten, pertsona horrekin izandako berbaldia apuntatu zuten, eta ez biekin. Kantinatik kanpo bezeroek zein hizkuntzatan jarraitu zuten neurtu ez duten arren, kasu jakin batzuk antzeman dituzte: “Batzutan bai ohartu gara barran gugaz euskaraz egin eta gero euren artean erdaraz aritu direla batzuk; aparte apuntatu ditugu detektatutakoak”.Â
Neurketako egiteko Soziolinguistika Klusterraren kale neurketa baliatu dute, “aldagai berri batekin”, alegia, berbaldia euskaraz jarraitu zuten elkarrizketak hizkuntza aldatzera behartu zituen arte. “Horregatik, fitxa honek neurtzeko bakarrik ez, euskara erabilera areagotzeko ere balio du”, azaldu dute. Izan ere,fitxan markatu behar duten aukera zein den jakiteko, langileak “kontzienteago” aritu dira euskaraz, eta horrek “berez ekarri du euskara gehiago entzutea barran”.Â
Datuak.Â
Udaberria izan zen iaz Kantinako langile eta bezeroen artean euskara gehien erabili zen urtaroa. Izan ere, elkarrizketen %82,43 euskaraz izan ziren; %72,97ak euskaraz hitz egiten zekien, eta %9,46ak hitz egin ez arren, ulertu egiten zuen. Bigarren hizkuntza erabiliena gaztelania izan zen, ingelesaren eta frantsezaren aurretik.Â
Udan, berri, datuak apur bat jaitsi ziren: %79,24arekin mintzatu ziren euskaraz, %16,81arekin gaztelaniaz, %2,31rekin ingelesez, %0,26arekin frantsesez eta gainontzeko %1,38arekin beste hizkuntza batzuetan.Â
Datu orokorrez gain, egun berezi batzutako datuak ere bildu dituzte, horiek euskararen erabileran duen eragina aztertzeko. Datuak bilduta, abenduko zubiko (abenduak 6tik 8ra) eta Gorka Urbizu abeslariak Bermeon kontzertua eskaini zuen asteburuko (azaroak 29-30) zifrak nabarmendu dituzte. Abenduko zubian bezeroen %48,42arekin hitz egin zuten euskaraz, eta %45,87arekin gazteleraz. Kantinatik nabarmendu dutenez, eguraldi eskasa dagoen egunetan nabaritzen da gehiago “kanpoko hizkuntzen” presentzia, eta data horietan abisu laranja egon zen, haizeagatik: “Herriko jendeak etxeko goxotasuna aukeratzen du, eta bisitariek, behin bidaia eginda, ahalegina egiten du herriko lekuak bisitatzeko”.Â
Hala ere, bada bermeotarra izanik ere euskaraz jakin ez eta gaztelania aukeratzen duenik: “Gaztelaniaz berba egiten duten guztiak ez dira kanpotarrak, herritar batzuek ez dakite euskaraz”. Era berean, euskaraz hitz egin duten guztiak ez dira bermeotarrak. Euskal Herriko beste herri batzuetatik datozenak ere badira, baina neurketan ez dituzte azpiatal horiek neurtu.Â
Gorka Urbizuren kontzertuak, bestalde, euskararen erabilerak gora egitea ekarri zuen. Kantinako barran elkarrizketen %94,12a euskaraz egin ziren: horien %82,35ak euskaraz hitz egiten zekien eta %11,76ak hitz egin ez arren, ulertu egiten zuen, beraz, langileek euskarari eutsi zioten. Hala, herrian egiten diren jarduera kulturalek “bisitarien tipologia” aldatzen dutela ondorioztatu dute: “Euskal Herriko bisitariak erakartzen direnean, euskaraz gehiago entzuten da eta euskalki gehiago entzuten dira, ez bakarrik Kantinan, baita herri osoan ere”.Â
Finantzazioa.
Neurketa eta hori gauzatzeko fuitxa Eusko Jaurlaritzaren LanHitz diru laguntzari esker finantzatu ahal izan dute. Eta ez hori bakarrik, beste jarduera batzuk ere egin ahal izan dituzte, “euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko baliagarriak” izan direnak, hala nola, nominak euskaratzea, batzarrak euskara hutsean egin ahal izatea, lantokiko harreman informaletan Eusle metodologia aplikatu ahal izatea…
Balorazio positiboa egiteaz gain, euskararen erabileran eragiteko moduen inguruko gogoeta ere egin dute Kantinatik: “Uste dugu posible dela Bermeon euskararen erabilera kopuruan positiboki eragin ahal duten politikak aktibatzea (kulturaak, sozialak, ekonomikoak…), non azken urteetako kale neurketek euskararen beherakada erakusten duten”. Hala, herritarrei euskaraz berba egiteko “lotsarik ez edukitzea” esaktu die, bai herrikoekin, bai gainontzeko herrietatik datozenekin. “Egun on, eskerrik asko, handik edo hemendik, eskuz seinalatuta erraz ulertzen diren keinu eta berbak dira”, azaldu dute. Era berean, atzerritarrek ere euskara entzutea eskertzen dutela azpimarratu dute: “Hemen bizi diren migranteek etxean onartzen dituzula sentitzen dute eta bisitariak zerbait berria ikastearekin pozarren joaten dira”.
Hala, 2025ean “bide beretik” jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute, euskararen alde “ahalegin kontzientea” egiteak dakarrelako erabilera igotzea, eta “jarrera horrek markatzen duelako Kantinako hizkuntza ekosistema“: “Bermeon eta euskaraz bizitzeko, guk euskaraz gurago”.