Gaia etengabe mahai gainean mantentzeko asmoz
Guggenheim Ez plataformako kideak abenduaren 31an eta urtarrilaren 5 eta 6an kalean izan dira, nahi duenari informazioa eskaintzeko eta gaia herritarren ahoetan mantentzeko helburupean.
Guggenheim Ez plataforma, “Urdaibairen suntsipenaren genozidioa” gelditzearen ideiaren jarraitzaile da, eta horren baitan, eskualdean egingo denaren eta horren ondorioen aurrean, herritarrak informatzen jarraitu dute gabonetan zehar ere. Izan ere, abenduaren 31an, atzo (urtarrilak 5) eta gaur (urtarrilak 6), Gernika-Lumoko Merkurion egon dira, gaia etengabe mahai gainean mantentzeko xedepean. “Ematen du, askotan, ahaztu egiten dela zer etorriko den eskualdera, eta horrek ekarriko dituen ondorio latzak. Beraz, horretarako atera gara hiru egunez kalera, nahi duenari informazioa zabaltzera, eskualdeari zuzenean eragingo dion hori ulertzeko”, azaldu dute.
Triptiko batzuk prestatu dituzte, besteak beste, jendearen eskuetan uzteko, eta ekarriko dituen ondorio desberdinak argi adierazteko: “Etengabe mahai gainean eta pertsonen ahoetan mantendu nahi dugu gaia, eta horren inguruko informazio zehatzagoa zabaldu nahi dugu datuen bidez, herrian hizpide izaten jarraitzeko”. Kamisetak ere egin dituzte, bestalde, nahi duenak erosteko aukera ematearekin batera.
Guggenheim Ez-en webgunean ere hamaika informazio eta datu dituzte eskuragarri, eta eskualdean proiektu horren beharrik ez dutela argi adierazten dute, beregain: “Argi diogu ez dugula Guggenheim proiektu hau nahi eta behar, ez Urdaibain, ez Busturialdean, eta ez inon. Instituzio publikoek sustatu eta gure poltsikoetatik ateratako diruarekin finantzatutako proiektu honek Urdaibairen etengabeko suntsipena eta eskualdeko langileon pobretzea besterik ez ditu ekarriko, gutxi batzuek etekin ekonomikoa atera dezaten”.
Balorazio “oso ona” egin dute hiru egunekiko, oro har. Jendearen prestutasuna eta ardura goraipatu, eta gaiak herrian jakinmin handia pizten duela aitortu dute: “Herritarren aldetik oso erantzun ona jasotzen da beti. Hiru egun izan gara kalean, eta jendeak gaiarekiko jakinmin handia duela ikusi dugu. Jendeak, herrian horrelako dinamikak egotea eskertzen du, gainera. Eskualdea bada konsziente zer datorren, eta datorren hori potoloa dela, eta era berean, horren aurrean zerbait egin behar dela. Jende asko hurbildu zaigu, askok galdetu digute, eta askok eskertu digute.”