Euskaraldiaren hamaikakoa aukeratzeko galdetegia, zabalik
Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren hamaikoa aukeratzeko prozesu parte hartzailea abiarazi dute Bermeon. Herritarrek urtarrilaren 17ra arte [barikua] dute proposamenak egiteko aukera.
Elkar mugituz egingo dugu lelopean, Euskaraldiak maiatzaren 15etik 25era biziko du bere une gorena, baina kanpainak martxan daude dagoeneko. Laugarren aldian ere hamaika enbaxadore izango ditu hizkuntza portaera zehatz batzuk normalizatzea helburu duen Euskaraldiak: Eneko Atxa, Oihana Azkorbebeitia, Aitor ‘Bengo’, Lutxo Egia, Eneko Garcia, Ana Goitia, Itziar Ituño, Roberto Moso, Zibel Untsain, Esti Urresola eta Mikel Urrutikoetxea. Hala ere, Euskaraldiagaz bat egin duten herriek hamaikako propioak osatuko dituzte, tartean, Bermeon.
“Hamaikatxu gara euskararen zabalkundean ekinean gabiltzanok. Hamaikatxu euskaraz bizi ahal izateko lan egiten dugunok. Hamaikatxu izango gara Euskaraldia 25ean parte hartuko dugunok. Hamaikatxu lagun izenik edo irudi barik hortxe gabiltzanok, baina orain Bermeoko hamaikakoa osatuko duten hamaika lagun behar ditugu”, azaldu dute Bermeoko Euskaraldiaren antolatzaileak. Horregatik, herriko hamaikakoa aukeratzeko prozesua parte-hartzailea izatea aukeratu dute, horretarako galdetegi bat zabalduta.
Galdetegia erantzunez, herritarrek beraien ustez “edonon eta edonoiz euskararen enbaxadore diren edo izango diren” pertsonak proposatu ahal izango dituzte. Izen-abizenez gain, izendapenaren arrazoia ere eman beharko da. Galdetegia herriko gune ezberdinetan dago eskuragarri (kultur etxea, Berhaz bulegoa, kiroldegia, denda eta tabernetan…); horrez gain, Internet bidez ere bete ahal izango da, Euskaraldiaren sare sozialetan edota karteletan jarritako QRaren bitartez.
Proposamenak egiteko azken eguna urtarrilaren 17a [barikua] izango da. Herritarren proposamenak jaso eta aztertu ostean, Euskaraldiaren batzordeak aukeratuko du zein izango den aurtengo hamaikakoa.