Harrobia Saria irabazi du Mikosis talde gernika-lumotarrak
Gaztearen Maketa Lehiaketan parte hartu du Carla Piercey, Garazi Arriaga eta Ane Mei Aspiazuk osatutako taldeak, eta Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera lortu dute.
Mikosis talde gernika-lumotarrak Gaztearen Maketa Lehiaketaren 33. aldian parte hartu du, eta atzoko [abenduak 19] final handian Harrobia Saria eskuratu zuten. Hala, Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera irabazi dute.
Maruri-Jatabeko Aramu, Oñatiko Malko eta Urnietako Mirail taldeekin batera sailkatu zen Carla Piercey, Garazi Arriaga eta Ane Mei Aspiazuk osatzen duten taldea atzo Gasteizko Jimmy Jazz aretoan ospatu zen finalera. Bertan, talde bakoitzak ordu erdiko kontzertua eskaini zuen Julen Idigoras, Lorea Argarate eta SÜNEk osatutako epaimahaiak irabazlea jakinarazi aurretik.
Hiru sari.
Sari nagusia, Epaimahaiaren Saria, Malko taldeak lortu zuen eta 5.000 euroko sariaz gain, 2025eko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera izango dute. Entzuleen GAZ saria, berriz, Aramu talde jatabearrarentzat izan zen: 2.500 euroko saria jaso dute, webgunean boto gehien jaso dituen taldea izateagatik. Mikosisek Beatriz Concepcion, Oso Polita diskoetxeko zuzendariaren eskutik jaso zuen garaikurra, eta lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango dute.