Palestinako herriaren aldeko aldarria ozen adierazi dute
Gernika-Palestinak elkarretaratzea deitu zuen atzo herrian, Palestinak etengabe jasaten dituen egoera latzak salatzeko; beraien aldeko aldarria ozen adierazi zuten bildutako 70 lagunek.
Gernika-Palestinak elkarretaratzea deitu zuen atzo (abenduak 18) Gernika-Lumon, Palestinan, batez ere Gazan jasaten ari diren egoera salatzen jarraitzeko. 70 pertsona elkartu ziren elkarretaratzean, eta guztien ahotsak batuz, batera aldarrikatu zuten. Palestinan etengabe jasaten ari diren egoera jasangaitzaren aurrean “nahikoa da” errepikatu zuten bildutakoek: “45.000 dira jada eraildako pertsonak Palestinan, bereziki Gazan. Ia erdiak, umeak. Milaka gehiago egon daitezke, gainera, txikitutako eraikinen azpian. Miloi bat eta erdi desplazatu, hondamendia non-nahi, ospitaleak suntsiturik, gosez eta gaixotasunez hiltzera bultzatzen”. Palestinan gertatzen ari denari argiki jarri diote izena, gainera: Genozidioa.
Horrez gain, Gazan muturragoko egoera baten aurrean aurki daitezkeela nabarmendu zuten, aldarriz aldarri: “2024ko urriaren 6an, Israelgo parlamentuak UNRWAren operazioak amaitzea helburu duten bi lege-proiektu onartu zituen. Horien ondorioz, UNRWA 70 urte baino gehiagoz izan dituen instalazioetatik kanporatuko lukete, eta, inmunitatea kenduta, milioika errefuxiatu palestinarrei osasun-laguntza eta hezkuntza bezalako funtsezko zerbitzuak eskaintzeko gaitasuna larriki oztopatuko diete”. Alegia, erabaki horrek, Gazako nazioarteko operazio humaritarioaren bizkarrezurra mehatxatzen duela azpimarratu zuten, horrela, dagoeneko bizi duten krisi larria areagotuz.
Gernika-Lumon, duela hilabete bat, hainbat jurista bildu zirela gogoratu zuten, halaber, eta bide batez, bilketa horretan partekatutako ebazpenaren berri ere eman zuten atzo, gerturatutako 70 lagunen aurrean. Gauzak horrela, nahitaezko utzarazteen, etxebizitzen eraispenen eta indar militarraren ohiko erabileraren politika “garbiketa etnikoko estrategia baten baliokidea” dela gaineratu dute, “kolono israeldarren mesedetan aldaketa demografiko atzeraezinak sortzera bideratua, nazioarteko zuzenbide humanitarioan ezarritako arauak urratuz”.
Egoera jasanezin eta legez kanpoko hori pairatzea, Palestinako herriarentzat “bidegabekeria hutsa” dela argi adierazi zuten atzo, eta gainera, “etengabeko mehatxuan” bizi direla berretsi zuten, argiki. “Horren aurrean zer?”, plazaratu zuten Gernika-Palestinak. “Gernika Palestina ekimena bultzatzen dugun eragile sozial, sindikal eta politiko guztiok, elkartasunetik itxaropenerako leku bat dagoela oihukatzen dugu”, aldarrikatu zuten.
Bidegurutze historiko batean bizi da gure gizartea gaur egun, Palestinan jasandako egoela tamalgarrien eraginez, eta horren aurrean “isilik gelditzea akatsa” dela argi eta garbi erakutsi zuten atzo bildutako 70 lagunek: “Euskal jendartea historiaren alde onean dagoela zirutatu nahi dugu. Egoera kronifikatzeko arriskuan dago, eta Palestinako heriaren alde gaudela ozen adierazten jarraituko dugu. Gernikatik Palestinara. Haritzetik olibondora. Gora Palestina askatuta!“.