Marijesien ondarea gordetzen duten eskuizkribuak
Marijesien koplak idatzita dituzten eskuizkribu batzuk aurkitu eta aurkeztu zituzten joan den astean, Gernika-Lumon. Euren arteko loturak eta desberdintasunak erakutsi zituzten, betiere ondare material horrek duen balioa nabarmenduta.
Kaxa batean, koadernoetako papelen artean, liburutegian edota armairuan. Ondo gordeta egon ohi dira arbasoen idatziak edota objektuak horien ondorengoen etxeetan. Eta altxor preziatu horietako batzuk dira eskuizkribuak. Errezetak, gutunak, postalak edota koplak izan daitezke, besteren artean. Hala, duela bi hilabete, eskuizkribu batzuetan marijesietako kopla batzuk topatu zituzten Gautegiz Arteagako etxe batean, hango familiak dokumentu zaharren artean gordeta zituenak, eta horiek zein beste batzuk jendeaurrean erakutsi zituzten Gernika-Lumoko Marijesiek joan den astean, dokumentu horiek guztiek duten garrantzia balioan jarrita.
Ondare immateriala dira marijesiak, eta eskuizkribuak, berriz, materiala. Ikusi, ukitu eta belaunaldi batetik bestera pasatzen dira. Marijesien kasuan, idatzitako koplak kaleko ondare immaterialaren “osagarria” direla dio Gernikako Marijesien taldeko kide den Amagoia Lopez de Larruzeak.
Hain zuzen ere, tradizioa ondo errotutako herrietan agertu izan dira horrelako dokumentuak, eta, horiek guztiek marijesien “ondarea aberasten” dute. “Kalean kantatzen da kantatzen dena, baina horren atzetik baditugu dokumentu hauek kalekoa sostengatzen dutenak”.
Eskuz egindakoak izaten dira, arkatzez edota boligrafoz idatzitakoak; batzuetan, idatziak berridatzita ere aurkitu izan dira, hobeto ikusteko edo. Formatu eta neurri desberdinetakoak dira, bakoitzak bere etxean topatu duen materialagaz egindakoak. “Orri solte batzuk izan daitezke, edota koadernoko orriak, eskolakoak… Etxean aurkitutako materialean egindakoak dira eskuizkribuak, formatu zein neurri ezberdinetakoak”, azaldu zuen Lopez de Larruzeak.
Marijesiei buruz aurkitutako eskuizkribu batzuetan, data ageri da, eta hori “oso garrantzitsua” da, dokumentua lekutzeko eta ulertzeko. “Egile ezagunak dira hainbatetan, eta ezezagunak diren kasu batzuetan, familiari esker jakin izan dugu nork idatzi zituen, eta noiz idatzitakoak diren ere bai”. Orokorrean, familiak ondo gordetakoak dira, dokumentu politak bezain baliotsuak direlako. “Lehen gordetakoak, eta orain eta gerora ere gorde beharrekoak dira. Sasoi bateko ondarea da, gorde beharrekoa, ondare modura balio handia duena”.
Honorio Urgoitia.
Hala, duela bi hilabete Honorio Urgoitiaren familiak eskuizkribu batzuk aurkitu zituen, haren paperen artean, liburutxo batean: 86 kopla zituen, hiru multzotan sailkatuta. Denen amaieran, Urgoitiak berak ipini zuen erdaraz: fin de los marijeses, fin de los quebonitos eta fin de los baibelenes.
Eskuizkribu horien berezitasuna da, koplak lehenengoz noiz idatzi ziren jartzen duela: 1911ko abenduaren 7an. Hau da, Urgoitiak 12 urte zituela jaso zituen koplak bere anaia Silverioren koadernoan. “Badakigu berak idatzi zituela bere izena jartzen duelako, behin baino gehiagotan gainera”, azaldu zuen Lopez de Larruzeak. Horrez gain, norekin idatzi zituen ere ageri da, bere lagunen izenak aipatu zituelako: Emeterio, Domingo eta Blas. Bere adin inguruko herritarrak ziren, eta horietako zenbait identifikatu dituzte bere familiakoek.
Gainera, beste aparteko gauza bat ere badu dokumentuak. Izan ere, normalean koplak bertso lerroka idazten dira, baina, kopla horietan, bertso lerroak idatzi beharrean, segidan idatzi zuen Urgoitiak, orriaren zabaleran. Eta, idatzitakoan, “ahozkoaren isla” ageri dela nabarmendu zuen Lopez de Larruzeak, kalekoaren oihartzuna nabaritzen dela esanez.
Jose Manuel Ozamiz Motxobe arteagarrak ere jaso zituen koplak, 36 urte zituela, eta Elantxobeko Bidegaine etxean aurkitu zituzten horiek haren familiakoek. 111 kopla bildu zituen, idatzita ezagutzen den koplaririk zabalena. Horiek Urgoitiak idatzitakoekin alderatuz, %75ean egiten dute bat. Gernika-Lumon, gaur egun, baina, horietatik 24-25 dira parekoak.
Familiakoek esan zuten Bidegaine etxeko kamaran aurkitu zituztela, Ozamizen amarena zen eta liburuz betetako armairu batean. “Identifikatu genituenean, Gernikara ekarri eta aitak kopiak atera eta Jose Antonio Aranari eman zizkion. Hor gelditu zen dena, orain arte”, kontatu zuten.
Dokumentuan urtea ageri da, 1891, baina ez hori nork idatzitakoa den. Hala ere, familiak ziur esan dezake Jose Manuel Ozamizek idatzi zituela: “Gure herenaitonak idatzi zituela badakigu, guretzako haren letra oso ezaguna delako. Dena idazten zuen, eta letra ikusteagaz batera bagenekien dokumentua norena zen”. Gizon eskolatua izan zen, bapore barkuko kapitaina, munduan ibilitakoa: Kuba, Filipinak, Australia, Kanada… ezagutu zituen. “Eta, etxera etorritako tarteren batean, bere egunerokoan, idatzi zituen koplak”, esan zuten. Idazkera jasoan idatzi zituen gainera, ondo ordenatuta.”Interesa zeukan gizona zen, bere herriko tradizioa gorde zuena”, esan zuten familiako ondorengoek, gustatzen zitzaion guztia idatzi egiten zuela esanez.
Urgoitioren idatziak berreskuratu egin dituzte, eta, kasu honetan, dokumentu horien istoria jantzi dute: “Gorpuztu egin dugu eskuizkribuaren atzean zegoena nor zen”.
Maria Isabel Bekoetxea ere arteagarra zen, aurreko bien moduan, eta 24 urte zituela (1914) 52 kopla idatzi zituen. Horien artean, nabarmentzekoa da erderazko kopla bat ageri dela bere idatzietan, besteetan agertzen ez zena; hala ere, erderazkoren bat beste hainbat dokumentutan ere ageri dela diote marijesien taldekoek. “Maria Isabelek irakurtzeko zaletasuna zeukala esan digu familiak, eta oso ondo jaso zituen koplak. Ondo idatzitako eskuizkribua da, tentuz egindakoa”, azaldu zuen Lopez de Larruzeak.
Idatzitakoa zein grabazioa.
Miguel Otazuak, bere aldetik, 46 kopla idatzi zituen, eta horretan ere erderazkoa agertzen dela nabarmendu dute. Baina, benetan bereizgarria dena, haren familiak koplen grabazio bat ere badaukala da: “Entzun ditudan grabazioen artean, kantatzeko modurik arkaikoena erakusten du. Melodia ere antzinako da”. Hala, grabatutako kantutik Lopez de Larruzeak nabarmendu zuen gaur egun esaten den ‘Maria Jose‘ bertsoa berak ‘Maria y Jese‘ esaten duela, behin eta berriro gainera. “Hori da aparteko gauza bat, beste inon entzun ez duguna. Badakigu antzina hala esaten zela, baina gerora, ‘Maria Jose’ kantatzen da”, azaldu zuen.
Kasu honetan, lehenengo arkatzez idatzita ageri dira koplak, eta, gero, boligrafoz berridatzita. “Guretzako horrelako originalak ikustea luxua da”.
Gainera, eskuizkribua josita dagoela azpimarratu zuten familiakoek: “Beti eroaten zuen patrikan gordeta. Eta goizeko mezara joaten zen Jainko ermitara marijesiak abestera”. Egoera horri buruz, Lopez de Larruzeak azaldu zuen bederatziurrena galduta zegoen leku batzuetan mezatan abesten zituztela marijesiak, edo egun bakarrean. “Dokumentu hauek izatea altxorra da, balio dutelako marijesien bilakaera ikusteko. Jakin behar dugu zer egon zen, gurea zer den. Ze, gurea da atzokoarekin zorretan dagoena, haren segidakoa dena”.
Gernika-Lumoko Sagastietxebarri baserrian, hain zuzen ere, bi eskuizkribu aurkitu zituzten; horietako bat, 1890 ingurukoa. “Eskuizkribuak egunkari bat du tapa modura, eta egunkari hori 1890ekoa ei da. Guk dokumentu horiek armairu batean sartuta aurkitu genituen”, esan zuten familiakoek. Mezako liburu batzuk aurkitu zituzten, zahar zaharrak, eta tartean, marijesien kopla hauek. Horiek, gero, Aranaren esku jarri zituzten.
Eskuizkribuetako bat ez da ondo ikusten, ilun dagoelako, baina ezagutzeko moduko koplak dituen liburu fina da. Euskara normatibotik “guztiak kanpo” idatzita dago, baina letra dotorez jantzita. Gainera, kortesiazko kopla ere badauka.
Beste eskuizkribuak orri solteetan aurkitu zituzten, eta aurrekoaren kopiak dira, 30 kopia. Horiek beste kaxa batean egon zirela esan zuten familiakoek, gutunak zeuden kaxetan. Horiek ere egile ezezaguna dute, familiakoa izango dela suposatzen duten arren.
Larruzea familian ere aurkitu dituzte zenbait kopla. Juan Cruz Lopez de Larruzeak 36 kopla idatzi zituela badakite, horiek noiz egin zituen jakin ez arren. Eskuizkribu horiek ere formatu txikian gordeta zituen Lopez de Larruzeak, eta Barrenengobarrena etxean aurkitu zituen haren familiak: “Gure familian aurkitu ditugun modura, beste familia askotan ere egon daitezke horrelakoak. Eta sekulako da horrelakoak aurkitzea”.
Inprentakoak.
Eskuz idatzitakoez gain, marijesiei buruzko inprentako lanak ere badaude. Esaterako, Lezamizen bidez ezagutzen direnak, 1699koak. “Marijesien antza duten koplak daude jasota. Mexikon argitaratu zuen, baina Nicolas de Zubiak egindako kristau doktrina batetik kopiatu zituen. Doktrina hori galduta dago, eta Lezamizek ematen duena da erreferentzia bakarra”, jakinarazi zuten.
Horrez gain, Pedro Bidaguren Garratzak egindakoak ere ezagutzen dira, bat 1919koa eta bestea datarik gabekoa: Canta berriac Gaboneracuak. Bedertzi egunian cantateko. Marijesiac Buruz euquiteco direnac. “Nire amak jakin zuen Pedrok zenbait idatzi zituela, baina ez genituen aurkitzen. 1937an, gerran, gure baserrira bataloi bat etorri zen, eta euskaraz zituzten gauza guztiak erre egin zituzten, badaezpada. Jakin genuen liburua idatzi zuela, baiana ez geneukan, eta, halako batean, Jose Antonio Aranak kopia bat ekarri zidan liburu horrena”, azaldu zuen Garratzaren lobak. Ikertzen egon eta gero, baina, originala aldundian dagoela jakin zuten, eta Lopez de Larruzeak ere ikusi du, artxibo historikoan, Olaetatarren dokumentazioan.
Garratzak 75 kopla jaso zituen, eta berak sortutako bat gehitu zien. Horiek gaur egun Gernikan kantatzen direnen oinarrian daudela diote: “75 daude jasota dokumentu horretan, eta Gernikan kantatzen dira 44. Ba 44 horietatik 40 edo 38 dira oinarrian horretan agertzen direnak”.
Gaubekak egindako lana ere azpimarratu zuten, marijesien koplen lehen edizioa 1951n argitaratu zuela esanez. Gainera, koplak azalpenekin zein partiturekin ere publikatu zituen. “Gaubekaren liburuak asko zabaldu ziren, leku guztietan. Etxe askotan egon dira eta daude oraindik”.
Hala, tradizioak kalean bizirik dirauen modura, etxeetan ere horri buruzko dokumentazioa estimu handiz gordetzen dela erakutsi dute Gernika-Lumoko Marijesiek.