Bertoko basoen aldeko basogintza eredua eraldatzeko konpromisoa
BaSOS elkarteak sei hektareako lurra erosi du Muxikako Ordorikan, eta landaketa saioa antolatu du abenduaren 28rako; 09:00etan jarri dute hitzordua Ariatzako aparkalekuan. Muxikako Udalagaz ere akordioa lortu du, udal jabetzako eremua bertoko baso bihurtzeko.
Bertoko basoak sustatzeko BaSOS elkarteak crowdfunding kanpaina bat jarri zuen martxan iaz, Busturialdean lursail bat erosi eta bertoko basoa hazteko asmoz. Diru bilketa eginda, ez zen posible izan erosketa hura burutzea, baina elkartekoek lanean jarraitu dute, eta azkenean sei hektareako lursaila erosi dute Muxikan. Horrez gain, Muxikako Udalagaz hitzarmen bat sinatzear daude, euren jabegokoa den lursail bat bertoko baso bihurtzeko.
Orain, dagoeneko Muxikako Ordorika auzoan erosi duten lursail horretan lanean hasi dira, eta hori kontserbaziorako bertoko baso bihurtzeko lehenengo pausoak ematen ari dira. Hala, bidean aurrera egiteko, landaketa egingo dute abenduaren 28an; 09:00etan jarri dute hitzordua Ariatzako aparkalekuan, eta bertara joateko izena eman beharko da, basos@basos.eus helbide elektronikora idatzita. Lanerako tresnaren bat izanez gero, hori eroateko eskatu dute elkartekoek, eurek ere eroango dituztela esanda, baina denek lantresnak izatea ziurtatzeko helburuz.
BaSOSeko kideak “oso pozik” daude lursaila eskuratu izanagaz, baita bertoko basoei buruzko kontzientzia zabaldu izanagaz ere: “Aspaldi egin genuen crowdfunding kanpaina, Onintza Enbeita eta Pello Bilbaoren laguntzagaz, eta Pellok gainera, bere alea jarri zuen, Gino Maderren oroimenez. Guretzako laguntza hori bultzada handia izan zen. Azkenean, ezin izan genuen akordioa lortu jabeekin eta ezin izan genuen aurreikusitako lursail hori eskuratu, pena handiz. Sentitzen genuen ekarpena egin zuen jendearenganako zor bat geneukala, zin egindakoa bete behar genuela. Eta, ordutik, gure berri askorik izan ez arren, ez gara geldirik egon, eta orain dela hilabete erosi dugu lur hori”.
Ordorikako eremuan kontserbazioko baso bat bultzatu gura dute, espezie askokoa, irregularra dena. “Sei hektareako gunea da, arlo bakar batean antolatuta dagoena egun. Beheko aldean, esaterako, harizti bat dago, akasiak ere badaude, baina eukalipto batzuk ere bai”, jakinarazi dute. Hala, aurten, lur eremu horretako goiko bi hektareetan landaketak egin gura dituztela azaldu dute: “Berez dator bertoko landaredia inguru horretan, baina jendea kontzientziatu eta baso hori bideratzen lagundu nahi dugu”.
Landaketak aurrera eroateko, dagoeneko garbitu dituzte pistak, eta bide horretan, jendeari abenduko landaketan parte hartzeko deia egin diete. Bertan, espezie desberdinak landatuko dituzte: “Zuhaitz denak ez dira batera hasiko diren espezieak izango. Dagoeneko badaude arbola handi batzuk, mozketetan utzi dituztenak, eta guk landatuko ditugu beste batzuk; gainera, berriak ere badatoz. Ez dugu nahi errepikatu monolaborantza ereduetan egiten dena: ez ditugu zuhaitz denak batera landatu nahi, gero denak batera hazteko eta kentzeko. Guk nahi dugu altuera ezberdinetako espezie ezberdinak egotea, eta kontserbazio basoa izatea. Horretarako, denetarik landatuko dugu”. Gainera, ez denez ustiaketarako lurra izango, fruituak ematen dituzten bertoko arbolak ere landatuko dituzte, “biodibertsitatea bultzatzeko asmoz”.
Horrez gain, esan dute inguruko ikastetxeekin ere harremanetan daudela, eta dagoeneko adostu dituzte ikastetxeko ikasleekin egingo dituzten landaketa saio batzuk; hala, urtarrilaren 18an edo 19an Allende Salazar eskolakoak joango dira landaketak egitera, eta Barrutialdekoak –Barrutiakoekin ere harremanetan daude–, aldiz, otsailaren 9an. Muxikako eskolakoekin ere eguna zehazteke dute, baina landaketak egitea aurreikusi dute.
Elkarlan horiek BaSOS elkarteren helburua den kontzientziak pizteko balioko du. “Guretzako garrantzitsua da ingurumen hezkuntzaren baitan kontzientziak piztea, eta etorkizunera begira, eskoletako komunitate hori ukitzea ezinbestekoa da, gazteak ere basoen garrantziaz jabetzeko eta eredua aldatzen joateko; izan ere, horietako batzuk izan daitezke etorkizuneko lur jabeak”, azpimarratu dute elkarteko kideek.
Ustiapenerako lekua
Sei hektareako lur hori kontserbaziorako basoa izango da, baina Muxikako Udalagaz sinatzear duten hitzarmenak barnebiltzen duen lur eremua ustiapenerako eremua ere izatea aurrikusi dute. Izan ere, lur eremu hori baliatu gura dute lur jabeei erakusteko posiblea dela bestelako basogintza eredu bat aurrera eroatea, matarrasa barik, pinu barik, eukalipto barik. “Muxikako Udalak bere jabegokoak diren lur batzuen inguruan galdetu zigun, eta gure eskuetan jartzea aurreikusi zuten, zerbait egiteko”, azaldu dute.
Hain zuzen ere, 16 hektareako pinudia da udalarena, gaixorik dagoena. Hala, BaSOS, Tantai eta Muxikako Udalaren arteko hitzarmenagaz hori eraldatu gura dute, pinudia bertoko baso bihurtuz. Horretarako, pausoz pauso lan egingo dutela diote. Hala, lehenengo moztuko dituzten zuhaitzak izango dira pista nagusien ondoetan dauden arbola handienak, diametrorik handienekoak. Gero, hutsuneetan ere landaketak egiten joango dira: “Joango gara apurka-apurka lan egiten, dena bat-batean moztu barik”. Gainera, egingo dutena herritarrei azaltzeko asmoa ere badute, “eurak ere prozesuaren parte izateko”. Eta ostean, eskolarekin ere jarriko dira harremanetan, “herria ere prozesuaren parte izateko”.
Muxikako Udalagaz lortutako hitzarman beste instituzio batzuentzako eredu izatea gura dute, baina baita jabe pribatuentzat ere. “Beste ustiaketa mota batzuk ere badaudela ikusiko dute, jasangarriagoak direnak, kulturarekiko eta ingurumenarekiko errespetua dutenak, eta errentagarriak ere badirenak”. Ze, uste dute ustiaketarako basoak ere behar direla: “Ze, bestela, ari gara kanpotik egurra ekartzen, beste ingurune batzuk hipotekatzen, hemen lurra daukagunean. Beraz, goazen subiranotasunaren helburu horretan errealitate ekologikoa zaintzen. Ondorioz, uste dugu ustiaketarako basoak ere behar direla, bertokoak direnak, errentagarriak izan daitezkeenak, kalitatezko egurra sortzen dutenak”.
Izan ere, BaSOS elkartearen lan ildoak bi ardatz horiek ditu: ingurumen hezkuntzaz kontzientziatzea eta ideiak praktikara eroatea, instituzio zein jabego pribatuekin. “Eta jabe pribatu horiengana ailegatzeko uste dugu instituzioekin lan egitea garrantzitsua dela, erreferentziak sortzeko. Izan ere, jabe asko gidatzen dira instituzioek eta aldundiak ematen dituzten diru laguntza eta irizpideetatik”, esan dute. Hala, eurek beste basogintza eredu bat sustatu gura dute, eta horretarako, ardura daukaten sektoreak ikutu behar dituztela sinisten dute.
Beharra
Basoek sekulako garrantzia dute gizartean zein norbanakoen bizi estiloan, eta hori ikusarazteko datuak ere eskaini dituzte BaSOSekoek. Izan ere, azken mapa forestalen arabera, Busturialdean eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurren hiru laurden zuhaitzez estalita daude. %69 dira zuhaitzez estalitako eremuak, eta horietako lau zuhaitzetatik bat bertokoa da, beste bat eukaliptoa eta beste bi pinua. “Beraz, basoak esparru garrantzitsuak dira, gure lurra zein gure lurralde antolakuntza baldintzatzen dutenak”, diote.
Gainera, basogintza ereduen tendentziei kasu eginda, instituzioak bertoko espezieak sustatu beharrean besteak sustatzen ari direla salatu dute: “Uste dugu momentu garrantzitsua dela, etorkizunari eta ditugun erronkei begira: aldaketa klimatikoa, uraren eskasia, biodibertsitatearen galera… norabide bat edo beste hartzeko momentua da, eta ez dugu ikusten norabide aldaketa horretarako benetako nahia dagoenik”. Hala ere, uste dute instituzioek eredu aldaketa hori bultzatu behar dutela.
Izan ere, 40 urte bete dira Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zutenetik, eta gogoratu dute Unescoren biosfera erreserben helburu nagusietako bat dela gizakia eta naturaren arteko uztarketa eta kudeaketa jasangarria bultzatzea. “Ondo dago kontserbazio legeak egitea, baina aurrera eroan behar dira, beste kudeaketa eredu batzuk sustatzeko. Hori da falta dena. Politika batzuk behar dira benetan jasangarritasun horren alde egiten dutenak, ekintzak behar dira, eta ez bakarrik berbak”.