Barandika eta Lekerika, Berriatuko Master Series txapelketan
Gaur aurkeztu dute Berriatuko emakumeen eta gizonezkoen Master Series txapelketa. Mendibarrenen jokatuko da, abenduaren 27an eta urtarrilaren 3 eta 10ean. Besteak beste, Barandika eta Lekerika gernika-lumotarrak arituko dira lehian.
Berriatuko Mendibarren frontoia izango da hurrengo Jai Alai Master Series txapelketaren plaza. Bertan batuko dira punta puntako eta herriko zein kanpoko zestalariak eta zaleak, pilotalekua berotzeko helburuagaz. Emakumeen eta gizonezkoen Master Seriesa abenduaren 27an, urtarrilaren 3 eta 10ean jokatuko da, 20:00etan. Emakume zein gizonezkoen finala urtarrilaren 10ean jokatuko da.
Erkiaga, Elaia, Barandika, Erika, Olharan, Lekerika, Maialen Aldazabal eta Del Rio bezalako goi mailako puntistak arituko dira lehian, eta jokalarien artean lau izango dira berriatuarrak: Elaia Gogenola, Maialen Aldazabal, Maia Goikoetxea eta Ortzi Argoitia “Argoitia I”. Lea-Artibai eskualdeko jokalariei dagokienez, Lekue ondarrutarra eta Antxon etxebarritarra ere arituko dira, izan ere, Lekuek jokatuko duen azken txapelketa izango da Berriatukoa.
Berriatuko emakumeen zesta-denboraldiko lehen txapelketa garrantzitsua izango da, eta Gogenola, prest dago txapelketa “ederra” egiteko: “Uste dut txapelketa polita izango dela, eta aurreikuspen onak egiten ditut. Berriatuan afizio handia dago eta frontoia beteko da, are gehiago, ikusita berriatuarrok ere jokatzen dugula”. Bikoteei dagokienez, guztiak “gogorrak” direla aipatu du Gogenolak: “Bakoitzak bere lana ondo egin beharko du helburuak lortzeko, nirea, txapela irabaztea da”. Frida Watkins izango du bikote txapelketan zehar, eta urtarrilaren 3an jolastuko dute, Helena Barrenetxea eta Maialen Aldazabalen aurka. Abenduaren 7an [martitzena], Ihart Arakistain eta Arai Lejardi, Erika Mugartegi eta Maia Goikoetxearen aurka lehiatuko dira. “Frida izango da nire bikotea, eta uste dut bikote gogorra egiten dugula. Hala ere, Helena eta Maialen ere oso bikote ona dira, Maialen, gainera, lehengusina da, etxekoa. Orduan, lan handia egin beharko dugu aurrera jarraitzeko. Horrez gain, beste bikote biak ere oso indartsuak dira. Beraz, onenak irabazi dezala, eta ea nork lortzen duen finalerako txartela”.
Herrian izatea “desberdina bezain berezia” dela adierazi du Gogenolak, eta horrelako txapelketak Berriatua bezalako herri txikian izatearen garrantzia azpimarratu du, izan ere, herri txikia izanik, Berriatuko zesta-eskolak indar handia baitu.
Gizonezkoetan, beste lau bikote arituko dira: Erkiaga-Argoitia, Olharan-Lekue, Barandika-Del Rio eta Antxon-Lekerika. Abenduaren 27an jokatuko dute Erkiagak eta Argoitiak, Olharan eta Lekueren aurka, eta urtarrilaren 3an Barandika eta Del Rio Antxon eta Lekerikaren aurka arituko dira. Ortzi Argoitia berriatuarra Winter Seriesean ordezko legez eraman dute Gernikako Frontoira eta Danian (Floridan) denboraldi bat egindakoa ere bada. Txapelketa honetan, Erkiaga izango du aldamenean, eta “etxean” jokatzeak nolabaiteko segurtasuna ematen dio puntistari: “Etxean izatea oso positiboa da niretzat, honek, babes handia emango didalako. Harmailan familia eta lagunak egongo dira, eta horrek indar handia emango dit”. Argoitiaren arabera txapelketa “gogorra” izango da, baina lehiarako prest dago: “Aurkariak oso onak dira, goi-goian dauden puntistak baitira, eta gogorra izango da, maila handia dagoelako. Hala ere, ahal dudan guztia egingo dut, txapela lortzea baita beti nire helburua. Baina horren gainetik, gozatzen ahaleginduko naiz”.
Erkiagak, bestalde, ateak ireki nahi dizkio gazteari, eta gaur egun daukan ilusioa mantentzen laguntzea du helburutzat: “Denon helburua izaten da belaunaldi gazteei eskua luzatu eta laguntzea, eta ikusirik, Argoitia oraindik oso gaztea dela, berari bidea irekitzea da nire helburua. Ikusi dut nola jokatzen duen, eta ondo egiten du, badauka aurre egiteko tresnak, eta espero dut nigaz jokatzea lagungarria izatea berarentzat”. Finalean egotea izango litzateke Erkiagaren bigarren helburua, gazteak bi partida jokatzeko aukera izateko: “Lehenengo partida irabazi eta finalean egotea izango litzateke helburua. Partida gogorra izango da lehenengoa, eta paper ona jokatzea tokatzen zaigu bioi”. Horrez gain, Berriatuan jokatzea “berezia” dela adierazi du Erkiagak: “Nahiz eta Lekeitioko Zesta-eskolan ibili nintzen, harreman sendoa daukat Berriatukoarekin. Izan ere, hemen jokatzen nituen lagun arteko partidetan ikasi nuen gehien, eta gaur egun, nire semea ere Berriatuko zesta-eskolan dabil”.
Mendibarren frontoia. Ezaugarri bereziak ditu Berriatuko Mendibarren frontoiak, izan ere, bertako kantxak 47 metro ditu, eta zesta-puntan kantxaren neurri estandarra 54koa da. Gernika eta Donibane Lohizune bezalako pilotalekuetako kantxek ere 57ko luzera dute. “Horrek esan nahi du beste era batera jokatu behar dela Berriatuan, eta beste era bateko zesta-punta ikusten dela”.
Sarrerei dagokienez, internet bidez eskuratzeko aukera egongo da, eta jardunaldi bakoitzeko sarrerek 10 euro balioko dituzte. Hiru jardunaldietako sarrerak eskuratzeko aukera ere egongo da, Eraman Jai Alaiko web orrian: www.eramanjaialai.com
EGUTEGIA
Abenduak 27, ostirala.
Ihar-Arai vs Erika-Maia.
Erkiaga-Argoitia I vs Olharan-Lekue.
Urtarrilak 3, ostirala.
Elaia-Frida vs Helena-Maialen.
Barandika-Del Rio vs Antxon-Lekerika
Urtarrilak 10, ostirala.
Emakume eta gizonezkoen finalak.