Nerea Bilbaoren kolore nahasketa liluragarrietan barrena
Bere aita, aitonak, birraitonak… arrantzaleak izan ziren. Ama, amamak eta birramonak, berriz, neskatilak eta sareginak. Ondorioz, besteren artean, mundu horren gordintasuna, sufrimendua eta bakardadea bizi izan ditu Nerea Bilbao margolari bermeotarrak urte askotan zehar, eta hori erakutsi nahi izan du Itsasoa gara erakusketa osatzen duten artelan-bildumaren bidez.
Gaur [abenduak 18] inauguratuko du, 18:30ean Zarauzko Arkami Arte Galerian (Kale Nagusia 32), eta martxoaren 17a arte egongo dira ikusgai bere lanak.
Batik bat, itsasoaren haizeak eta lan gogorrak zimurtutako aurpegiak dira protagonista nagusiak. Denboraren iragana harro erakusten duten begiradak dira denak ere, dotoretasunez eta duintasunez. Era berean, badaude itsasoagaz lotura estua daukaten edota berau osatzen duten funtsezko elementuak ere; besteak beste, surflariak, arrainak zein paisaiak islatu ditu artelanetan bermeotarrak.
Artistaren koadro gehienak erabiltzen duen kolore nahasketak egiten ditu berezi, kolore ilun eta biziak uztartzen sortzen den kontraste zirraragarriak, hain zuzen ere. Teknika horren bidez, zaharra eta berria koadro batean batzen saiatzen da. Izan ere, erakusketarekin “toki eta garai ezberdinetara salto egitera” gonbidatu nahi ditu arte galeriara doazen bisitariak.
Bermeotarra Azkoitian bizi da gau egun; hamazazpi bat urte daramatza bertan. Umetan hasi zen marrazten, eta Azkoitiara joan zenean, sormenaren mundu zoragarriari berrekin zion. Lehen urteetan teknika berriak ikasi eta gauza berriak probatzen ibili zen, eta duela urte batzuk, bere-berea den estiloa topatu, eta propioak ziren koadroak sortzen hasi zen. Ordutik, gustura dabil bere sorkuntza prozesuan murgilduta, bere teknika garatzen, pintzelada berriak sartuz. Gaur egun bere lanetan transferra, akrilikoa, spraia, akuarela eta boligrafoa ikus daitezke.