Minbiziari bizimina: enpatia ariketa bat
Gernikako Marijesiek aurten bilduko duten dirua sarkomen ikerketa sustatzen duen GEIS taldeak jasoko du. Minbiziari biziminez erantzunez, Enara Alakano gernikarra buru-belarri dabil, azterketa hori bultzatuko duen beka lortzeko diru bilketagaz. Kronika hau gaixotasunaren, esperantzaren eta enpatiaren arteko bere bidaiaren kontakizuna da.
Bizitza errotik aldatu zitzaion Enara Alakano gernika-lumotarrari duela bi urte, sarkoma izeneko harri bat bidean topatu zuenean. Lepoko mina igarri zuen, baina nekez pentsatuko zukeen nahigabe hark leiomiosarkoma deitura izango zuenik. “Lepoko muskulaturan joan-etorriko mina sumatzen hasi nintzen, ordura arte eduki ez nuena”. 2022ko Urtezahar gaua zen.
2023ko hasieran min hura zorrozten joan zen, eta Alakanok neurriak hartzeari ekin zion. “Lehen mediku azterketan kontraktura izan zitekeela esan zidatenez, ohiko aterabideetara jo nuen, hala nola, fisioterapia saioetara, igerilekura edota berotasuna aplikatzera; unean funtzionatu zidaten arren, mina ez zen egundo joan“, azaldu du. Urtarrila eta abuztua artean, lauzpabost aldiz jo zuen medikuarenera, minak eta nekeak jota. Uztailean, joan-etorriko sukarra gehitu zitzaion. Egoera okerrera zihoan.
Enara Alakano: “Analisi klinikoaren txostenean balore haiek denak izartxoz ikustean kargutu nintzen neure gorputzean zer edo zer gertatzen ari zela, eta zera hura larria zela”
Uda aldi hartan, analisi klinikoa egin ziotenean, dena hankaz gora ipini zitzaion: “Gogoan dut autoari IAT [Ibilgailuen Azterketa Teknikoa] pasatzen ari nintzela mugikorrean zabaldu nuela analisiaren txostena; balore haiek denak izartxoz ikustean kargutu nintzen neure gorputzean zer edo zer gertatzen ari zela, eta zera hura larria zela”. Orduantxe hasi zen bere organismoaren azterketa tekniko propioa.
Ekografia egin zidaten lehenik, eta hark masa bat bistaratu zuen nire lepoan. Ostean, biopsia batek zehaztu zuen hura sarkoma mota bat zela. Tumore “berezi eta ezezagun” horrek tratamendu oso espezifikoa duenez, Bartzelonako Vall d’Hebron ospitalera bideratu zuten bere kasua. Abuztutik irailera bitarteko aldia “iluna” izan zela dio: “Hainbat traba topatu nituen; sasoi gaitza izan zen». Bartzelonan, 20 zentimetroko arerio hari aurka egiteko, “mediku batzordea” osatu zuten hainbat espezialistak: “Hainbat arlotako adituak bildu behar izan ziren, ebakuntza egin ala ez erabakitzeko”.
Sarkoma hark, baina, ez zuen itxaroteko asmorik: “Egun batean, Bartzelonatik deitu zidaten, ebakuntza gelara berehala sartu behar nintzela esanez; are gehiago, han azaldu zidaten edozer gerta zitekeela, eta ezin zutela bermerik eskaini. Egun hartan oholtzaratu zitzaidan estreinako heriotza arriskua”. Giltzurrunak, gibela eta kaba zaina kendu zizkioten 2023ko urriaren 23ko bederatzi orduko ebakuntza hartan.
“Lau ebakuntza jasan ondoren, medikuek esan zidaten mirari bat behar nuela, bizirauteko“
Mugarri haren ondoren, edozelan ere, bere gurutze bidea ez zen amaitu: “ZIUn [Zainketa Intentsiboetako Unitatea] hainbatetan egon nintzen; drainatzeekin eta proteina nahi hemoglobina gabeziagaz arazo handiak eduki nituen, baita tumoreak edukitako marjina negatiboagaz ere”. Lehen ebakuntza gako izan bazen, ostean beste hiru etorri zitzaizkion Alakanori. Horietako azkenengoan, gainera, heste meharrean 20 zentimetro erauzi zizkioten, duela urtebete. Une hartan bere gorputza “ez zen gai” gaitzari aurre egiteko: “Kontu bat sendatu ahala, beste bat agertzen zen”.
“Mirari” baten beharra.
Lau esku hartzeen ondoren, medikuek senideei esan zieten gorputzari “bere kabuz” osatzen utziko ziotela: “Neure gorputzaren esku nengoen, kale edo bale; mirari bat behar nuen, bizirauteko”. Aldi hartako pasadizo “kurioso bat” akorduan iltzatuta du: “Ondoezik nintzela, ikusi nuen ez zidatela hondakinetarako poltsarik ipini eta, horrenbestez, dena ondo joan zela uste nuen, hura nire kalbarioko azken ebakuntza izango zela. Ez nukeena pentsatuko da poltsarik ez nuela, heste zati bat ez nuelako; ez nindutela gehiago operatuko, ez osatzen nengoelako, horretarako aukerarik ikusten ez zutelako baino”.
Ebakuntzen zurrunbiloak, bestalde, txanponaren ezkutuko ifrentzua bistaratu zion: gosetea. “Pisuagaz arazo larriak eduki nituen. Une batzuetan, ikusi nuen neure gorputzak behar zuen erritmoa baino bizkorragoa ezarri gura zidatela. Aurtengo urtarrilaren erdialdean alta eman zidaten, eta Bartzelonatik bueltatu nintzen”. Etxean, Alakanok ohean eman zituen egunak, “apurka-apurka hiltzen”. Ospitalera eroan zutenean, muturreko anorexia eta desnutrizioa antzeman zizkioten. Kanpo laguntzagaz aurre egin behar izan zion elikaduraren auziari, “oso-oso pixkanaka”: “Kantzerrari zelan edo halan aurre egin ondoren, sentitzen nuen gosez hiltzeko bidean nindoala”.
Apirilera arte, etxeko ospitalizazioan bizi izan zen gernika-lumotarra. Hilabeteen joanagaz, konfiantza eta autonomia bidezidorra zabaltzen hasi ziren, gaur arte: “Egun, osatuta nagoela esan daiteke”. Hiru hilabetero kontrolerako azterketak egiten dizkiote, eta “egunez egun” funtzionatzen du: “Sarkomak ditugun pazienteok probetarako lagin gara; adibidez, ez dago kantzer mota horrentzako kimioterapia espezifikorik eta, beraz, han-hemen frogak egiten ibiltzen dira gugaz”.
Artea, aldaketarako osagai.
Ikerketaren iparrorratzagaz, sarkomak aztertzea helburu duen GEIS taldearentzako diru bilketa abiatu zuen Alakanok: “WhatsApp bidez kontu korronte bat zabaldu nuen, ikerketa abiatuko lukeen eta 16.000 euroko balioa duen urte biko beka bat hasteko”. Gaur-gaurkoz, 3.100 euro inguru lortu ditu. Horrez gain, nabarmendu du artea dela bilaketan lagun egiten ari zaion makuluetako bat: “Nire ama, Rosa Maria Sanchez, margotzen ibiltzen da; hainbat erakusketa ditu martxan, horietatik ateratzen den dirua ikerketara bideratzeko“. Durangoko Ezkurdi aretotik pasatu ondoren, Laidako Biskaine tabernan, Muxikako Zubieta Errotan zein Mendatako Artapen daude ikusgai Sanchezen lanak. Horrez gain, Alakanok bere pareko sarkoma duten pazienteen WhatsApp taldea ere badu, eurek ere “zabalkunde lana” egin dezaten.
“Marijesien keinuaren sakontasuna ez dator karitate hutsetik: enpatiatik dator; bileran enpatia igarri nuen“
Gabonen atarian, eska zitekeen oparirik onena iritsi zaio gernika-lumotarrari: Gernikako Marijesien aurtengo erronden dirua GEIS taldeak jasoko du. Azaroaren 29ko euren bileran “ia aho batez” hartu zuten erabakia: “Ez nuen inondik inora espero, eta hunkiduraz hartu nuen. Are gehiago, nik ez nekien bileran bertan proiektu baten alde bozkatzen zenik eta, hortaz, bat-bateko bultzada izan zen”. Gabonetako tradizio hori zabaldu izan du aipatutako pazienteen WhatsApp taldean; “denak ala denak zur eta lur geratu dira, altxor horren nondik norakoa ezagutzean”.
Kopurua barik, jarrera.
Azken urteotako zifrek diote Marijesien bilketaren dirua seguru asko ez dela 16.000 euroko kotara iristeko adina izango, “baina berdin dio“: “Keinuaren sakontasuna da garrantzitsuena, batez ere, igarri dudalako ez datorrela karitate hutsetik: enpatiatik dator; bileran enpatia igarri nuen”.
Bide gogorra izan da Alakanorena. Minetik asko izanda ere, bizitik are gehiago izan du. Minbiziari biziminez erantzun dio. Jendearen erantzunak bete du, seme biak hazten ikusteak, arteak mundua aldatzeko eduki dezakeen iraultzak eta, azkenik, neguko goizalde hotzak kantuz epeltzen dituzten herritar horien berotasunak.
Ispastertarrek ere solidaritateari musikaren betaurrekoekin erreparatuko diote: hilaren 24an, baserritarrez jantzi, eta herriko txokoak zeharkatuko dituzte, han-hemen eske koplak abestuz; 15:00etan ipini dute hitzordua, frontoian. Errondatik bildutako diruaren erdia Alakanoren sarkomaren aurkako borrokara bideratuko dute, eta bestea EITB Maratoirako. Gabon kanten erronda hori prestatzeko hitzordua zapaturako jarri dute. Herritarrei 19:00retan frontoiko kantxan biltzeko deialdia luzatu diete udalak eta Ispasterko Trikitixa eta Pandero Eskolak.