Gabonetako bigarren eskuko merkatu solidarioa, Bermeoko Institutuan
Komunitaterako proiektuak ikasgaiaren barruan, Bermeo BHIko ikasleek , Gabonetako 2. eskuko Merkatu Solidarioa antolatu dute. Abenduaren 23an [astelehena] egingo dute, 10:00etatik 12:30era.
Gabonetako oporretan murgildu aurretik, Gabonetako 2. eskuko Merkatu Solidarioa egingo dute Bermeoko Institutuan. Hala, abenduaren 23an [astelehena] denetarikoak erosteko aukera egongo da jolastokian, 10:00etatik 12:30era bitartean.
Bermeo BHItik azaldu dutenez, azoka solidarioa komunitaterako proiektuak ikasgaiaren barruan kokatuko da, eta ikasleak izango dira azoka hornitzeaz arduratuko direnak: “Ikasleek izango dira produktuak etxetik ekarriko dituztenak: jolasak, arropa, loreontzi bat… denetarik”. Gabonen atarian, herritarren erantzuna “ona” izatea espero dute; izan ere, azokari ahalik eta erantzun zabalena emate asmoz, udalerrian zehar kartelak jartzen aritu dira. “Gainontzeko hezkuntza-zentroek ez dute klaserik egun horretan, beraz agian kuxkuxeatazera etorriko dira, eta familiak, berdin”, azaldu dute. Horregatik, txokolatea eta bizkotxoak egitea planteatzen ari direla aurreratu dute.
Azoka solidarioaren lehen aldia izango da astelehenekoa, eta salmentak nola joango diren jakin ez arren, lortutako dirua Eutsi gogor, danok batera elkartera bidaltzea erabaki dute: “Zeozer saltzen badugu, dirua elkartearentzat izango da; diru gutxi izango da, jendea agian etorriko da, baina berharbada ez da asko salduko, baina lortutakoa Eutsi gogor, denok baterarentzat izango da”.
Institututik herritarrei bertaratzeko deia egin nahi izan die, “jai giroa” nagusituko dela azalduz: “Institutuan 400 pertsona inguru gaude, eta patioan egongo gara azokak iraun bitartean, jai giroan eta gabonetako musikarekin, eta edonor da ongi etorria”.