Plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte frontoian, udal eraikinetan autokontsumoa sustatzeko
Plaka horiek herriko azpi puntu hornituko dituzte: udaletxea, herriko taberna, kultur etxea, medikuaren kontsulta, Montorre eskola, Montorre haur eskola eta frontoia bera.
Gautegiz Arteagako Udalak plaka fotovoltaikoak jarriko ditu frontoian, horien bidez udalerrian kontsumitzen den energia elektrikoaren parte bat eguzki instalazio horien bidez sortzeko. Izan ere, plaken helburua da herriko energia kostua murriztea, eta, aldi berean, baliabide propio eta elkarbanatuarekin energia hori herrian bertan sortzea.
Plaka fotovoltaikoek hainbat establezimendutako elektrizitate kontsumoa hornitzeko energia jasangarria ekoizteaz gain, argi faktura bakoitzean aurrezpen “handia” sor dezakeela diote udal arduradunek. Hala, frontoiko teilatuan jarriko dituzten plaka horiek herriko azpi puntu hornituko dituzte: udaletxea, herriko taberna, kultur etxea, medikuaren kontsulta, Montorre eskola, Montorre haur eskola eta frontoia bera. Zehaztu dutenez, eraikin bakoitzera bideratuko den energia kantitatea zehazteko, hornidura puntu bakoitzaren kontsumoa kontutan hartuko da. “Autokontsumorako sistema elkarbanatu baten bidez kudeatuko dugu dena, eraikin horiek instalazio fotovoltaiko berari etekin energetikoa atera diezaioten, eta, horrela, ingurumenaren aldetik jasangarriak izan daitezen”, adierazi du Patrik Saitua Gautegiz Arteagako alkateak.
Helburuak sendoak dira: eraginkortasun energetikoa bultzatzea, egin beharreko inbertsio ekonomikoa optimizatzea eta autokontsumoa bultzatzea. Izan ere, instalazioak 550 Wp potentziako 90 modulu ditu, eta urtean 52.236 kWh sortzeko gai izango da, eguzki energia bakarrik erabiliz. Gainera, esan dute, sarera konektatuta egongo dela, eta horrela, plaka fotovoltaikoen ekoizpena hornidura asetzeko nahikoa ez denean, sare elektrikotik energia hartu ahal izango duela.
Plaken instalazio lanek bi asteko iraupena izango dute gutxi gorabehera, eta hasierako inbertsoa 48.067,06 eurotakoa izango da. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, jarduera horretarako 45.801,71 euroko diru laguntza jasoko dute, eta, beraz, inbertsio erreala 2.265,35 eurokoa izango da. Hala, egungo energia prezioa kontutan hartuta, urteko aurrezkia edo irabazia 6.000 euro ingurukoa izango dela kalkulatu dute.