Ausazko jokoen arriskuez sentsibilizatzeko jarduera antolatu dute
'Zure alde apustu egin' ihes-gelak ausazko jokoen arriskuez sentsibilizatu eta heztea du helburu. Abenduaren 20tik 23ra bitartean egongo da zabalik, Lameran. Aurretik izena eman beharko da.
Bermeoko Udalak, Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren bitartez ausazko jokoen arriskuez sentsibilizatu eta heztea helburu duen jarduera antolatu du: Zure alde apustu egin ihes-gela.
Zehaztu dutenez, ihes gela abenduaren 20tik [barikua] abenduaren 23ra [astelehena] egongo da Lameran, kiosko ondoan. Barikuan arratsaldeko ordutegia izango du —16:00-21:30—; zapatutik astelehenera berriz, goiz eta arratsaldez egongo da —12:00-15:00 eta 16:00-21:00—. Saioek ordu erdi inguruko iraupena izango dute, eta gehienez lau pertsonako taldeetan sartu ahalko da. Jakinarazi dutenez, jardueran parte hartzejko gutxieneko adina 14 urtekoa da.
Jarduera doakoa den arren, ihes gelan parte hartu gura dutenek aurretik izena eman beharko dute, kartelean ipini duten QR kodearen bitartez edota Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren blogean aurkitu daitekeen estekaren bitartez.
Datuak.
A90Grados elkartearen kanpainaren parte da ihes gela; izan ere, “esperientzia pertsonaletik” abiatuta, gazteengan zein horien familietan ludopatiaz eta bideojokoen gehiegizko erabileraz kontzientzia piztea du helburu, “aldaketarako espazio seguru bat eskaintzeko”. Egun bai apustuak bai internet bidezko jokoa “gazteen eskura” daude, eta horrek utzitako datuak “kezgarriak” direla nabarmendu dute: “Estatuko gazteen % 20k online apustuak egin ditu, eta horietatik % 44k onartzen du joko-ohituren gaineko kontrola galdu duela. Gainera, ludopatiak 14 eta 21 urte bitarteko gazteen % 6,7ri eragiten die, eta kopuru hori etengabe hazten ari da, kirol-apustuak ugaritzen ari direlako eta online joko-plataformetan erraz sartzen direlako”.