Mendata Herri Solidarioa ekimena aurkeztuko dute
Kamerunen misiolari lanetan dagoen mendatar Jaberiar erlijiosoa da Jose Angel Agirre. Urte luzez munduan zehar bidaiatu eta gero, herrialde afrikarreko Baffousam herrian lanean dihardu egun, eta bertan garatu nahi duen proiektuaren aurkezpena egingo dute domekan [abenduak 15], Mendatako Elizoste eraikinean.
Hiru dira Agirrek Baffousam garatu nahi dituen proiektuak, hala nola, eskola bat eraikitzea, kapera eraikitzea eta herrira edateko ura eramatea.
Proiektuagaz bat egin nahi duten mendatarrek nola lagundu dezaketen ezagutzeko hitzordua da domekakoa, baina dagoeneko aurreratu dute ekimenetako bat. Abenduaren 21ean [zapatua], Olentzero eta Mari Domingi udalerrira iristeagaz batera txokolate solidarioa egingo dute; txokolateak salduko dituzte euro baten trukean, eta bildutako dirua Agirreri helaraziko diote. Beste ekimen bat ere martxan dute, Mendatako emakume talde batek azken bi urteetan bildutako diru guztia bidaliko baitio.