Gernika-Lumoko zuhaitzak lehengoratzen ari da udala, "ondare berdea berreskuratzeko"
Udalak 12.317,80 euro inbertituko ditu erortzeagatik, usteltzeagatik edo egoera txarrean egoteagatik ezabatutako 26 zuhaitz ordezkatzeko. Lanak abenduaren amaierarako amaituta egongo dira.
Gernika-Lumoko Udaleko Ingurumen sailak azken urteetan hondatuta, erorita edo arazo fitonsanitarioengatik kendutako zuhaitzak lehengoratzeko plana martxan jarri du, eta jarduketa horiek egiteko 12.317,80 euroko aurrekontua aurreikusi du.
Proiektuaren helburua udalerriko berdeguneak berreskuratzea da, egoera txarrean dauden zuhaitzak ordezkatuz edo moztu edo erori diren enborren hondarrak kenduz, leku horietan zuhaitzak berriro landatzeko. Horrela, udalerriak “ingurune osasungarriago eta iraunkorrago” bat lortzeko duen konpromisoa indartu gura izan du udalak.
Planifikatutako proiektuak hainbat jardun leku ditu: Nafarroa Behera eta Nafarroa kaleetan, eroritako zuhaitzak lehengoratzeko asmoa agertu dute, baita ezkiak birlandatzekoa ere; San Kristobaleko aparkalekuan, arboladia pago purpurarekin osatuko dute; Santa Luziako haur parkean, aldiz, masustondo zuriak eta magnoliak landatuko dituzte; Lurgorri eta Bizkaia kaleetako lorategietan gereziondo apaingarriak eta Acer Monspessulanum eta Sorbus zuhaitzak sartuko dituzte; Iturriondo plazan, ale lehor baten ordez Prunus Serrulata Kiku Shidare Zakura jartzea aurreikusi dute; eta, Pasealekuan, ezkiak landatzea eta motzondoak kentzea da asmoa.
Guztira, herri ingurunera egokitutako 26 espezie landatuko dituzte, horien erresistentzia eta apaindura balioa kontutan hartuta. Hala, udal ordezkariek ziurtatu dute esku hartzen duten eremuetan “paisaia eta ingurumena” hobetuko dituztela.
Segurtasuna eta iraunkortasuna oinarri.
Proiektua segurtasun eta iraunkortasun irizpideen arabera gauzatzeko helburua dute. Hala, mozketak egiten dituzten bitartean, ondo seinalatuko dituzte lanok, eta hurbileko elementuak babestuko dituzte. Landare hondakinak, aldiz, modu arduratsuan kudeatuko dituztela jakinarazi dute.
Izan ere, egingo dituzten lanen artean, besteak beste, zulaketak egingo dituzte, eta lursailei ongarria ere botako diete. “Zuhaitz bakoitzak behar dituen zainketak jasoko ditu, landaketaren ondorengo lehen ureztatzea barne”, esan dute.
Ekintza horiek guztiak ondare berdea berreskuratzeko urratsa direla diote: “Lanokin udalak jasangarritasunagaz eta herritarren ongizateagaz duen konpromisoa indartzen du. Galdutako zuhaitzak lehengoratzeak herriko ingurumen kalitatea eta kaleen estetika hobetzen ditu, eta biodibertsitatea indartzen laguntzen du”.
Esan dute, proiektua abenduaren amaierarako amaituta izatea espero dutela, “herriko ondare berdeagaz oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek goza dezaten”.