Espainiako hiru putzu sakonenak konkistatu dituen lehen elkartea
ADES Espeleologia Elkartea Espainiako hiru putzurik sakonenak ezagutu dituen historiako lehen taldea bihurtu da. Kantabrian daude hiru putzu erraldoi horiek; MTDE, Los Pasiegos eta Pozo Negro izenekoak dira.
Lurpean ezkutatzen den mundua eta bere sekretuak ezagutzera ematea. Jakintza eta dibulgazioa uztartzea. Horiexek dira ADES Espeleologia Elkartearen funts nagusiak. Helburu jakin horiei tiraka egin dituzte hainbat eta hainbat aurkikuntza lurrazalaren luze-zabaleko txokoetan. Lorpen horietako azkenak, hain zuzen ere, orain arteko marka oro gainditu du: Espainiako hiru putzurik sakonenak deskubritu dituen lehen taldea bihurtu da.
Kantabrian topatu dituzte hiru putzu edo simak. Batetik, bi sakonenak MTDE eta Los Pasiegos izenekoak dira, biak ala biak Ruesga herrian kokaturiko Calseca herrixkan daudenak. Sima horiek, gainera, hastapen edo kabezera berbera dute, alegia, sistema osatzen dute. Hirugarren putzurik sakonenak, aldiz, Pozo Negro izena du, eta Astrana herriaren lurraldean kokatuta dago.
ADESeko kideek azaldu dutenez, “asko” dira putzu horiek deskubritu eta aztertu dituzten espeleologia taldeak, baina “bakar bat ere” ez da ausartu, orain arte, hirurak arakatzera. ADES elkarteko zazpi partaidez osaturiko lantaldea izan da lorpen hori erdiesten lehendabizikoa. Elkartetik kontatu dutenez, erronka potoloenetako bat Pozo Negro izan da.
Azalera edo neurri aldetik, hiruretatik apalena izan arren, “zaila, arriskutsua eta nekagarria” izan da hura konkistatzea. Jaso duen bisiten kopurua horren erakusle da: 2003. urtean aurkitu zuen SEII taldeak, eta orduz geroztik ez da inor hara jaitsi. Elkartetik argitu dute 340 metroko sima dela, eta jaitsialdi guztia “luze bakar batean” egin behar izan zutela: “Alde horretatik, ekipatu egin dugu, aurrerantzean doazenek tarteka jaitsi ahal izan dezaten; paretatik aurrera egiteko, alpinismoko eskalada teknikak probestu ditugu, eta 25 metroko sektoreak ezarri. Oro har, aurkitu genuena baino hobeto laga dugu kobazuloa”.
Sakonera handienekoa.
MTDE simari dagokionez, sakonera handienekoa izateak “ospe eta jarraipen maila handia” eman diola azpimarratu dute, “baina horrek ez du inondik inora errazago bihurtzen”. 2016.urtean deskubritu zuen 435 metroko sakonera duen sima hori CCES taldeak: “Dimentsio erraldoiak kenduta, teknikoki ez da putzu oso zaila”. Los Pasiegos izenekoak, berriz, 347 metroko sakonera du, baina “ezusteko tranpa” bat ere bai: “240 metro inguruko sektore luzea du; horrenbestez, hori ere zatitu egin dugu”.
Espedizioa osatu duten zazpi parte hartzaileak azkenengo hiru urteotan proiektu horretara (eta beste hainbatetara) emanak egon dira. Kide bakoitzak, gainera, zeregin espezifikoak hartu ditu beregain, kasu askotan: “Oscar eta Jon ADESkideak arduratu dira, adibidez, putzuak sektoretan banatzeaz; egitasmoaren bihotza izan dira. Orokorrean, taldelan oso aipagarria eta antolatua eroan dugu aurrera eta, alde horretatik, meritu oso handiko lorpena da”. Proiektuaren zailtasun nagusiak, adierazi dutenez, “alde bikoak” izan dira: “Batetik, zailtasun teknikoak daude, airean eta inongo euste puntu barik lanean aritu baikara, zortzi ordu inguruz; bestetik, neke fisikoaren eta mentalaren alderdia ere azpimarratu beharra dago, bereziki, Pozo Negroko jaitsialdian”.
Bestalde, putzu horren kasuan traba erantsia topatu dute, hain zuzen ere, lurperatu orduko: “Hasierako puntu edo kabezeran, ez genuen ganorazko arroka motarik topatu: lokatzak, hareak eta sedimentua nagusi ziren. Beldur handiz abiatu genuen beheranzkoa eta, behin hamar metro inguru jaitsita, harkaitz batzuk ikusi genituen punturaino eskalatu behar izan genuen, bertan finkapen eremua muntatzeko”. Alde izan dutena, baina, beste espeleologia talde batzuekin sortu duten hartu-eman bikaina izan da. “Esate baterako, Pozo Negroren kasuan, 2003. urtean hura deskubritutako SEII taldeko kide madrildarreko Juan, Paco eta Jesusen adiskide egin gara, eta eurak ere geure jaitsaldian egon dira; erretiratuta daudenez, haiek ez dira haitzuloan murgildu, baina egundoko babesa eman digute. Polita izan da elkarlan hori, kobazuloaren aurkitzaile aitzindariak eurak baitira”.
Behin abentura osatuta, “pena” da gogora datorkien sentipena: “Apur bat penatuta gaude, hiru urteko prozesuari amaiera eman baitiogu; hain zuzen, esan behar da hiru simetan zazpi kide lurrazpiratu garen arren, beste hainbatek ere han-hemenka parte hartu dutela. Gainera, putzuak deskubritzeaz gain, lan handia egin dugu hiruretako bakoitzean: ainguraketa berriak jarri ditugu, sektoretan banatu, eta Pozo Negron, gainera, zeharkaldi bi egin ditugu, toki batetik sartu eta beste bi puntutatik aterata”.
Penatik ilusiora birziklapena.
Pena hori, edozelan ere, ilusio itxuran birziklatzea dute gogoan. Oraindik “goizegi” den arren, tankerako beste putzu berri batzuk ezagutu gura dituzte, eta hasiak daude lanketa horretan: “Frantzian Pirataren Putzua izenekoa dago, 280 metroko sektore bertikala daukana”. Oro har, agertoki bertikal “erraldoiak” zatitzea dute asmo nagusi. Buruan duten beste proiektu handiak, dena dela, deskubritu dituzten hiru putzuekin du lotura: denak egun berberean jaitsi gura dituzte. Izan ere, MTDEk eta Los Pasiegosek sistema osatzen dute, oinarri berbera edukita; Pozo Negrora joateko, ordea, lekualdatu egin beharko lirateke.
Proiektu hori aurrera eroteko zailtasun nagusia “materiala bera” litzateke: “Hiru haitzuloak egun berean muntatu eta hornitu beharko genituzke, horrek dituen azpiegitura traba guztiekin; ez da kontu makala 1.500 metro soka edota 300 mosketoi mugitzea eta kudeatzea. Osterantzean, alde teknikotik eta fisikotik, uste dugu kideok erronkari aurre egiteko moduan gaudela. Izan ere, gure asmoa hasieran ez zen izan ezelan ere hiru simak konkistatzea, lorpen hura ia konturatu barik etorri zen”.