Eako Portuko Kontseiluak kaiaren saneamendua hobetzeko aukera aztertuko du
Eusko Jaurlaritzaren eta udalaren arteko lankidetzarako foroak erakundeen arteko lankidetza indartuko duela diote, baita portuaren garapen jasangarria ere.
Atzo (abenduak 12) eratu zen Eako Portuko Kontseilua. Eako portua Bizkai, Araba eta Gipuzkoako porturik txikiena da, izen bera daroan ibaiaren bokalean dagoena, eta kaiaren ezaugarri nagusia da itsasgoran bakarrik erabil daitekeela, itsasbeheran urik gabe geratzen delako. Kontseilua eratzeko ekitaldian egon zen Javier Ziloniz Eako alkatea, Koldobika Goitia Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza saileko Portu eta Itsas gaietako zuzendariagaz eta Edurne Egaña EKPko zuzendariagaz batera.
Eusko Jaurlaritzaren eta udalaren arteko lankidetzarako foroak erakundeen arteko lankidetza indartuko duela esan zuten, baita portuaren garapen jasangarria ere. Horrez gain, portua udalerrian integratzea bermatzeko oinarrizko erronkei ere helduko die kontseiluak.
Izan ere, Eako Portuko Udal Kontseilua udalaren proposamenak entzuteko ere izango da, portuak udalerrian eta inguruaren beharrei erantzungo diela bermetzeko. Hala, aztertu beharreko gaietako bat portuko kaiaren saneamendua hobetzeko egin daitekeen jarduera izango dela esan zuten: “Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren, Eako Udalaren eta Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren arteko hitzarmen baten bidez egingo litzateke, portuko eta hareatzako uraren kalitatea hobetzeko”.
Aholkularitza.
Eusko Jaurlaritzak joan den irailean onartu zuen Portuko Udal Kontseiluak eratzeko dekretua; hau da, portuen arloko kide anitzeko aholkularitza, kontsulta eta eztabaida organoak dira, Jaurlaritzak erabiltzen dituen eskumenen esparruan arituko direnak.
“Portuko Udal Kontseiluak eratzeak Eusko Jaurlaritzak kostaldeko udalerrien beharretara egokitutako kudeaketa parte hartzaileagaz hartutako konpromisoari erantzuten dio”, azaldu dute. Eta, foro berri horretan, beste hainbat gairen artean itsasdarraren antolamendua, portuko azpiegituren garbiketa eta mantentze lanak eta aisialdiko amarralekuak eta beste erabilera batzuk bateratzea izango dira aztergai.
Eaz gain, Elantxoben, Mundakan eta Bermeon ere eratuko dute Portuko Udal Kontseilua; Elantxobekoa sortuta dago dagoeneko, eta datorren lehen hiruhilekoan Mundakakoa eta Bermeokoa eratzea aurreikusi dute.