Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoa osatzeko partaidetza foroa egin dute
Partaidetza foroaren helburua izan da eskualdeko erronken eta beharrizanen ikuspegi integrala sustatzea, baita proiektu eragile eraldatzaileak sorrarazteko ekimen eta jarduketak identifikatzea ere. Busturialdeko EH Bilduk "oso positibotzat" hartu du foroa, baina entzuteak bakarrik ez duela balio dio.
120 pertsona inguruk parte hartu zuten herenegun (abenduak 11) eta atzo (abenduak 12) Busturialdea Urdaibaiko Plan Estrategikoaren (EPE) eskualdeko partaidetza foroan, Busturiko Ekoetxea Urdaibain. Planaren diagnostiko fasea amaitu ostean, horren garapenean aurrera egiteko topaketa izan zen, elkarrizketarako eta ikuspegiak trukatzeko espazioa. Inguruaren gabeziak eta aukerak aztertzen dituen diagnosia izan zuten oinarri, baina Guggenheim Urdaibai museoaren proiektuari buruzko debatea publikoaizan arren, eta erakundeek eskualderako proiektu motorra izan daitekeela dioten arren, museoaren aipamenik barik hasi nahi izan zuten saioa. Bertan, eskualdea ordezkatzen duten eragileek, adituek eta planaren talde eragileko (Jaurlaritza, aldundia eta 20 udalak) ordezkariek parte hartu zuten.
Partaidetza foroaren helburua izan zen eskualdeko erronken eta beharrizanen ikuspegi integrala sustatzea, baita proiektu eragile eraldatzaileak sorrarazteko ekimen eta jarduketak identifikatzea ere; hau da, eskualdeko plana diseinatzen hastea. Izan ere, eskualdea lehentasunezko jarduketa eremutzat jo zuten urte hasieran.
Foroan parte hartu zutenek, hainbat eragile ordezkatzen zituzten: eskualdeko udal gehienetako ordezkari politiko zein teknikoak; udaleko zein udalez gaindiko sozietate publikoko ordezkariak; Urdaibai Biosfera Erreserbako zerbitzukoak; lanbide heziketako ikastetxeak; Gernika Gogoratuz; Urremendi; Guggenheim Urdaibai Stop; Bermeo Tuna World Capital; Azti; U-Bai; BBUP; eskualdeko zenbait enpresa edo elkarte; adituak; edota gai desberdinetako eskumenak dituzten aldundiko zein jaurlaritzako sailak eta sozietate publikoak egon ziren. Parte hartzaileen panel hori plan estrategikoaren talde eragilea osatzen duten administrazio guztien proposamenetan oinarrituta egon zela esan zuten, eta deialdi ireki horrek askoren parte hartzea bermatu duela berretsi zuten.
Hala, bi egun horietan, 120 pertsonek bost mahai tematikotan banatuta parte hartu zuten: hiri berroneratzea, etxebizitza, talde kalteberentzako arreta eta zerbitzu publikoak aztertuko zituen mahaian; bizi kalitatean eragina duten mugikortasuna eta azpiegituren mahaian; prestakuntza, enplegua, autoenplegua eta mikroenpresen lehiakortasuna aztertzeko mahaian; ondare naturala, historikoa, identitatea eta turismoaren mahaian; eta, enpresa lehiakortasuna, ekintzailetza aurreratua eta sustapen sektoriala ikertzeko mahaian.
Mahai horietan jorratutako gaiei esker, ikuspegi integral batetik heldu zieten egoeraren diagnostikoan identifikatu ziren eskualdearen etorkizuneko erronka estrategikoei.
Foroaren emaitza gisa, proiektuetarako ideiak edo jarduketa ildoak jaso zituzten plan estrategikorako, eta talde eragilearen hurrengo bileran horiek baloratuko dituztela esan zuten. Izan ere, informazio hori izango da plan partekatu eta adostu bat sortzeko abiapuntua, “eskualdeak bere erronkei aurre egiteko eta etorkizuneko abaguneak aprobetxatzeko aukera emango diona”.
Horiek horrela, Busturialdeko EH Bilduk dio foro honek Eusko Jaurlaritzak eta aldundiak eskualdeagaz duten “zor historikoari” erantzuten diola. Hala, erakunde horiek eskualdea entzuteko borondatea agertzea “oso positibotzat” jo zuten: “Busturialdeak bizi duen urteetako gainbehera testuinguru honetan, EH Bilduk aspalditik eskatu izan du eskualdean hausnarketa eta entzuketa fasea zabaltzeko, beharrezkoak diren erronka aldaketak adosteko eta eskualdeagaz batera hartuko diren neurriak zehazteko”.
Era berean, koalizio subiranistak argi esan zuen entzuteak soilik ez duela balio: “Hitz egiten duenari ziurtasuna eman behar zaio kontutan hartuko zaiola. Ez genuke ulertuko alde batetik eskualdea entzungo dela esatea eta bestetik kontsentsurik ez duten proiektu konkretuak inposatzen saiatzea”. EH Bilduko eskualdeko ordezkariek herritarren borondatea errespetatzeko “konpromisoa” eskatu zieten erakunde nagusiei. “Izan ere, eskualdeak behar duen alternatiba ezin da etorri proiektu kontretu bat proposatzetik, egungo egoera irauli eta Busturialdeko herritarren ongizatea erdigunean jarriko duen adostutako plan integral bat gauzatzetik baino”.
Ziurtatu dute EH Bilduk lanean jarraituko duela eskualdearen etorkizuna eraikitzeko politika eraldatzaileak bultzatzen eta ahotsa ematen zaien foro guztietan parte hartzen: “Busturialdeko etorkizuna Busturialdean erabaki behar dugulako”.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoek ere parte hartu zuten saioan, eta museoa proiektua aipatu ez izana “harrigarritzat” jo zuten: “Gure helburua bakarra zen: beste behin ere argi uztea zer jarrera dugun Guggenheim Urdaibai proiektuari buruz; izan ere, era batera edo bestera, nahi eta nahi ez, zuzenean lotuta dago bai eskualde honen etorkizunagaz, bai egin nahi den plan estrategikoagaz beragaz ere”. Hain zuzen ere, museoa aipatu ez izana horri buruz hitz egiteko aukera baztertzea dela uste dute: “Plan estrategikoaren beraren esparruan plan horren zati bati buruz hitz egiteko aukera baztertzen da, eta hori kontraesana da; hau da, proiektu estrategikoa den hori ez da eztabaidagai plan estrategiko baten esparruan”.
Euren ustez, proiektu horren aurkako herritarren aldarriak eta administrazioek berori “inposatzeko” erabili duten forma “ez oso demokratikoak” ekarri dute plan sozioekonomiko instituzional hori abiatu beharra, baita eskualdeko partaidetza foroa ere. “Agintari politiko askok iragarri dute laster sortuko direla herritarren parte hartzeko eta entzule aktiborako foroak, Guggenheim Urdaibairi dagokionez. Beraz, galdera bat daukagu: zergatik ez du hartzen eskualdeko partaidetzarako plan estrategiko honek Guggenheim Urdaibairi buruzko beharrezko eztabaida?”, galdetu dute.
Foroa antolatutako era ere ez dute gustuko: “Foro hau, antolatuta dagoen moduan, inposizioz burutu nahi den zerbaiten apaingarri justifikatzailea da; elite politiko baten erabaki eremuan kokatzen da; ez du zerikusirik benetako gobernantza parte hartzailearekin, demokratikoarekin eta herritarrei irekita dagoenarekin”.
Eskualderako plan baten alde agertu da plataforma, baina ez dute uste Guggenheim museoaren proiektua denik horretarako bidea: “Gure plataforma beti agertu da eskualderako benetako plan baten alde, baina ez Busturialde osoaren benetako beharrizanekin deskonektatuta dauden agintarien gutizien mende dagoenaren alde. Plan horrek Biosfera Erreserbaren ingurumen balioak benetan eta eraginkortasunez babestu behar ditu, azken hamarkadetan aipatutako erakundeek babesik barik utzi baitute”.