Babesa adierazten jarraitzeko beharra
Mario Lopez entrenatzailearen kontrako salaketa ezagutarazi zenetik urtebetera, Gernikako Sare Feministak manifestazioa deitu du biharko (abenduak 14). 1.400 eragile eta herritarrek baino gehiagok egin dute bat deialdiagaz.
Guk sinisten zaitugu, eta zurekin gaude! lelopean bilduko dira herritarrak Gernika-Lumon. Mario Lopez entrenatzailearen aurkako salaketa ezagutarazi zenetik urtebetera manifestazioa deitu du Gernika-Lumoko Sare Feministak, erasoa jasan zuenari babesa adierazteko: “Lehenengo mobilizazioan guk sinisten zaitugu mezua zabaldu genuen, eta kolektiboki sinetsi genion, hori horrela adieraziz. Orain, zurekin gaude esatea dagokigu, datorren prozesu judiziala luzea eta gogorra delako. Berarekin egongo garela erakutsi nahi diogu”. Herriaren babesa beharrezkotzat jo dute, eta herritarrak deitu dituzte bihar, 18:00etan, Merkuriotik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera.
Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Lopez, izan ere, kasua Bizkaiko Auzitegiaren esku dago. Urtarrilean hasiko da ahozko epaiketa, urtarrilaren 14tik 16ra egingo dute Bizkaiko Auzitegian, eta, jakinarazi zutenez, fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatuko du entrenatzaile ohiarentzat, baita biktima bizi den herrira joateko hamar urteko debekua ere. Hala, prozesu judizial horretan babesa erakustea dute helburu sare feministako kideek.
Izan ere, prozesua luzea dela, eta askotan “birbiktimizatzailea” ere izaten dela salatu dute: “Errugabetasun presuntzioaren atzean, biktimaren berba zalantzan jartzen da, ze epaiketan egiten diren galderak zein hori plantetazen den era errugabetasun presuntzio horretatik abiatzen da. Erakutsi behar izaten da errugabetasun presuntzio hori txarto dagoela, eta hori egiten denean, biktimaren testigantza zalantzan jartzen da. Eta guk alderantziz uste dugu. Guk ez dugu zalantzan jartzen biktimak dioena, eta, prozesuak, aldiz, bai. Horregatik diogu horrelako prozesuak gogorrak direla”, azaldu dute safe feministako kideek. Gehitu dute prozesua ez dela “entzun eta erantzun” ikuspuntutik lantzen, “zalantzan jartzetik abiatzen dela” esanez.
Sare feministakoemntzat ez da justua justizia sistema horrelakoa izatea. “Orain dela gutxi egon da Bea Ilardia Gernika-Lumon hitzaldia ematen, eta indarkeria sexualaren aurrean zigor kodea ez dela nahikoa ere esan zuen. Guk ere badakigu”.
Hala, erasoa ezagutarazi zutenean, duela urtebete, alde batetik, inpunitatearen kontra egin, eta, bestetik, eta ardurak hartzeko beharra plazaratu zuten feministek. Eta, uste dute, “garrantzitsua” dela sozialki mobilizatzea, erreparazioa gizartearen erantzunetik etorko dela sinetsita: “Uste dugu sozialki, gizarte modura, mobilizatu egin behar garela, ze erreparazioa nonondik helduko bada, gizartearen erantzunetik etorriko da”.
Atxikimenduak: 1.400etik gora.
Oihartzun handia izan du salaketak udalerrian zein udalerritik kanpo ere, eta atxikimendu kanpaina bat abiarazi dute sare feministako kideek. Erasotuari babesa adierazteko zein erasotzailerik gabeko gizartea nahi dutela adierazteko abiatu dute atxikimendu kanpaina, eta eragile zein norbanakoek bat egin dute horrekin: 1.400 pertsona eta eragilek baino gehiagok, hain zuzen ere.
“Erantzunagaz oso pozik gaude, izan ere, adin tarte guztietako pertsonek atxikimendua erakutsi dute”, esan dute sare feministako kideek, eta eragileen parte hartzea nabarmendu dute. Izan ere, arlo guztietakoek bat egin dutela adierazi dute: kirol arlokoak, kulturakoak, hezkuntzakoak… Gainera, norbanaokoak ere asko izan direla diote, eta horien artean aurpegi ezagunak ere egon direla gehitu dute, tartean, Itziar Ituño, Izaro, Pello Bilbao…
Hain zuzen ere, norbanakoak diren askok atxikimendua erakusteaz gain, euren arrazoiak ere plazaratu dituzte, eta horiek blog batean jaso ditu Gernika-Lumoko Sare Feministak: guksinistenzaittugu blogean. “Bloga errelatoagaz jarraitzeko era bat da, bestela gauza batzuk ahaztu ez daitezen. Hala, gai honi buruzko gauzak bertan argitaratuko ditugu, ze, sare feminista modura, beste gauza askori aurre egiten diogu sare sozialetan, eta, horrela, gai honek bere leku propioa izango du”, esan dute.
Hala, ikusgarritasuna bultzatzeko, ekintzak jasotzeko eta guztiak bilduta izateko tokia da blog hori; alde batetik, hemeroteka dauka, bloga jarri aurreko bidea jasotzen duena, eta bestetik, sareak sortutako albiste zein berriak jasotzen dituena. Izan ere, informazioa batzeko leku berri honek gaiari buruzkoak euskarri desberdinetan jasotzeko aukera eskaintzen du, dela argazki, dela bideo, dela testuz, dela audio bidez.
Hala, besteren artean, biktimen testigantza sinistearen alde egin dute hainbat norbanakok. Nora Candinak, esaterako, hasieratik biktima sinetsi zuela esan, eta ahotsa altxatzearen beharra nabarmendu du, urte askotan isildutakoak tabu izateari uzteko. Maria Luisa Urrestarazuk, bere aldetik, gizartearen erantzuna epela izatea ezin du ulertu, eta, beste batzuek, gainera, kirolean ematen diren jarrera sexistak salatu dituzte.