Lamerako kale-argiak berritzen hasi dira
Argiteria berritzearen eraginez energia kontsumoa ia %60 murriztea aurreikusten du Bermeoko Udalak.
Bermeoko Udala Lamerako argiteria aldatzeko lanak egiten hasi da. Hain zuzen ere, 197 argi-puntu aldatuko dituzte, Lamerako hiru guneetan. Kale-argien berritzearekin “energia-kontsumoa ia %60 murriztea” aurreikusten dutela zehaztu dute.
Adierazi dutenez, argiteria aldaketak udalerriak “iraunkortasunarekin eta ingurumenaren zaintzarekin duen konpromisoa” indartzen du. Horrez gain, Bermeok “etorkizun eraginkorrago eta arduratsuago bat” izatera bidean pauso bat emango duela nabarmendu dute: “Espazio publikoen kalitatea hobetuz, emisioak murrizten eta energia aurrezten laguntzen”.
Zehaztu dutenez, gainera, argiteria instalazio lanek “ingurumenari kalte nabarmenik ez egiteko” printzipioa errespetatuko du. Jakinarazi dutenez, lan horien aurrekontua 298.667,95 eurokoa da, eta hiru hilabetetan amaituta egotea aurreikusten da.