"Ikusarazi gura dugu egon zirela eta badaudela eredu diren emakume trikitilariak"
Romualda Zuloaga pandero jotzaileari buruzko liburua argitaratu berri du Gontzal Carrasco trikitilari eta ikerlari gernika-lumotarrak. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Soinuaren Liburutegia bildumako 17. alea da 'Romualda Zuloaga, panderoaren bidaia hilezkorra' lana.
Narruzko uztai txindaduna eskuartean hartuta bazterrak astintzen zituen pandero jotzaile “nekaezina” izan zen Romualda Zuloaga Gontzal Carrasco trikitilari eta historialariaren ustetan. Zuloagaren moduko gutxi ikusten ziren sasoian “nahi barik” bidea egin zuen koplaria izan zela dio, eta hari buruzko liburua argitaratu berri du: Romualda Zuloaga, panderoaren bidaia hilezkorra. Carrascoren lehen liburua Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Soinuaren Liburutegia bildumako 17. alea da.
Romualda Zuloagari buruzko liburua idatzi duzu. Zerk bultzatuta?
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen zuzendaritza batzordeko kide naiz, eta urtero argitaratzen dugu trikitilariren bati buruzko liburua. Eta, aurtengoaz pentsatzen ari ginenean, udan, Romualda Zuloagari buruz idaztea pentsatu genuen, Galdakaoko Udalak proposatuta. Eta, nik, idaztea eta literatura irakurtzea gustuko ditudanez, liburua idazteko konpromisoa hartu nuen. Hilabete bitan edo hirutan idatzi nuen horrela. Gainera, Romualda Zuloaga ezagutzen nuen, trikitixari buruzko ikerketak egiten ditudalako, baina ez nuen hari buruzko datu askorik. Egia da, hala ere, Galdakaoko Udalak zein herriko beste elkarte batzuek lan asko egin dutela bere izena zabaltzeko. Horrek asko lagundu dit ikertzeko orduan.
Nolakoa izan da dokumentazioa bilatzeko eta datuak josteko lana?
Liburua egiteko bi iturri mota erabili ditut: iturri dokumentalak eta ahozkoak. Lehenengoak oso-oso eskasak izan dira, eta gainera, Romualdagaz beragaz jotzen zuten gizonen izenak aurkitu behar izan ditut horietatik Romualdari buruzko datuak bilatzeko. Baina egia esan, mamia, liburuaren oinarria, iturri pertsonalekin egindako elkarrizketetatik lortu dut; hau da, ahozko iturrietatik. Lau pertsona elkarrizketatu ditut, eta euren artean informazio gehien eman didatenak izan dira Romualdaren alaba bera, Belen, eta Belenen alaba Desi. Desik ez zuen ezagutu Romualda, oso gazte hil zelako, 58 urterekin, 1971n. Hala ere, etxean asko entzun du hari buruz. Bi horiez gain, Txilibrin albokariaren semeagaz ere egon naiz, haren aita Romualdarekin batera ibili baitzen jotzen. Eta, horiez gain, pandero jotzailea ezagutu zuten beste pertsona bi ere elkarrizketatu ditut. Beste liburu batzuekin alderatuta, ez dut informazio kantitate asko izan, baina hori testuinguruan jarir dut. Testuingurua asko landu behar izan dut, eta nire ikerketako datu asko sartu ditut, bildutako datuekin josiz.
Emakume pandero jotzaile aitzindaria izan zen Zuloaga, ezta?
Bai, duda barik. Soinuaren Liburutegia bildumako lehenengo emakumea da, eta askotan diogu, ea zelan itxaron behar izan dugun horrenbeste Romualdari buruzko liburua lantzeko. Baina, emakume trikitilariak 1980ko hamarkadaren ostekoak dira ezagunagoak. Lehenago, baina, ikusezintasun prozesu batean sartuta egon ziren. Horrek ez du esan nahi egon ez zirenik, ez zirela ezagutzen baizik. Izan ere, askok etxean jotzen zuten, eta ez ziren plazan ibiltzen. Uste dut, garrantzitsua dela hori dena plazaratzea eta berreskuratzea. Existitzen zirela erakustea. Emakume batzuk plazara ateratzen ziren, Romualda edota Maurizia, kasu. Esan behar da, garaiko irudi gehienek gizonezkoak islatzen dituztela trikitixa jotzen eta emakumeak pandero jotzaile modura.
Baina horrelako liburuek balio dute perspektiba hori aldatzeko, ezta?
Ikusarazi gura izan dugu egon zirela eta badaudela eredu izan daitezkeen emakume trikitilariak. Ondorioz, liburuan emakume pandero jotzaile ezagunenak biltzen dituen zerrenda moduko bat ere egin dut: Maurizia Aldeiturriaga, Felisa Bermeosolo, Frantziska Antonia Irizar, Felisa Arribaltzaga, Juanita Gorroño… pilo bat daude eta ez ditugu ezagutzen. Eta gai honetan ere sakontzen dut liburuan, emakumeak badaudela erakusteko.
Gainera, Zuloagak lan handia egin zuen euskal kultura nazioartean zabaltzen.
Romualda kanpora joan zen, atzerrira joan zen panderoa jotzera: Gales, Paris, Londres edota Ingalaterrako hainbat leku bisitatu zituen, eta folk txapelketetan ere sariak irabazi zituen. 60. hamarkadan egin zuen hori guztia, Espainian Franco agintean zegoenean eta emakumea izanda, bere senarra eta umeak etxean utzita. Eta hori egoera politiko haretan egitea, euskal kultura kanpoan zabaltzea, sekulakoa izan zen. Jendeak ez daki hori, eta hori izan daiteke gazte hil zelako, bera 1971n hil baitzen, eta horren ostean hasi baitzen euskal kulturaren berpizkundea: euskaraz hasi ginen kultura kontsumitzen, ikastolen mugimendua ere orduan sortu zen… Romualda hildakoan hasi zen, hain justu, Maurizia, eta berak hartu zuen protagonismoa.
Zuloagaren lanaz aparte, bera zelakoa zen ere erakusten du liburuak?
Bai. Romualda ezagutu zuten eta elkarrizketatu ditudan guztiek esan didate beti-beti-beti oso pozik bizi zen pertsona zela, benetan alaia. Gaixorik egon arren, ohetik altxatu eta panderoa jotzera ateratzen zen horietakoa zen.
Romualda Zuloaga, panderoaren bidaia hilezkorra izena jarri diozu zure lanari, zergatik?
Panderoa termino ageri da Romualda pandero jotzailea zelako, eta, bidaia, berriz, bere bidea eginez bere garaiko erreferentea delako. ‘Ni etorri naiz niri gustatzen zaidana egitera’ esaten zuen Romualdak, eta berdin zitzaion generoaren araberako rolak betetzen zituen edo ez. Bere lobak esaten zuen feminista izan zela feminista hitza existitzen ez zen garaietan; berak jakin barik, gainera. Bidaia, beraz, zentzu horretan aipatzen dut, baina baita nazioartean asko bidaiatu zuelako ere, euskal kultura kanpoan erakutsi baitzuen. Hilezkorra berba, berriz, oso gazte hil zen arren, berak zabaltzen zuen poztasuna eta bera hilezkorrak direlako hautatu nuen. Herritarren memorian jarraitzen du Romualdak, eta azken urteetan haren memoria landu egin da. Galdakaon, esaterako, horma irudiak edo erakusketak egin dituzte, eta plaza bati ere haren izena jarri diote. Kale presentzia horrek asko egin dezake memori horren alde.
Hain zuzen ere, liburuaz gain, diskoa ere kaleratu duzue, Zuloagaren kantekin.
Bildumako liburu denekin argitaratzen dugu diskoa. Bera da bilduman lantzen dugun lehen emakumea, eta, orain arte, gizonekin, aukera izan dugu abestiak aukeratzeko. Romualdaren kasuan, aldiz, zazpi abesti aurkitu ditugu, eta listo. Eta, bitxia da, ze jende askok ez daki, baina Romualdak argitaratu zuen panderoa eta alboka batera grabatutako lehen diskoa. Sei abesti daude lan horretan, eta denak daude guk bildutako diskoan. Horiez gain, bera hil zen urtean argitaratu zen beste disko bateko kanta bat ere sartu dugu.
Eta, hori guztia, trikitixaren perspektiba zabaletik landu duzu, ezta?
Bai, trikitixaren kontzeptuan ere sakondu dut liburuan. Izan ere, oso zaila da trikitxa kontzeptua definitzea, lekuaren arabera gauza bat ulertzen delako trikitixa kontzeptuari buruz. Bizkaian, trikitixa instrumentuari berari deitzen zaio eta trikitilaria da akordeoi hori jotzen duena. Baina, Gipuzkoako leku askotan, trikitixa da kultura bat, estilo bat. Fandangoa, arin-arina, biribilketak, jotak eta porrua jotzeko balio duen estiloa da trikitixa eurentzat. Aldiz, beste askok diote, trikitixa dela soinu txikiaren eta panderoaren arteko batuketa, eta bat falta bada, soinu txikia edo panderoa dela, eta ez trikitixa. Horretan sakontzen dut liburuan, perspektiba zabaletik. Ze, guk, defendatzen dugu trikitixa dela dena hartzen duen gauza bat. Horregatik diot Romuanda trikitilaria ere bazela, panderoa jotzen zuen arren.
Zelakoa izan da liburuaren sortze prozesua?
Udan hasi nintzen informazioa jasotzen, ekainean eman nuelako baiezkoa. Elkartetik esan zidaten ahalegindu behar ginela irailerako liburua prest izaten, eta udan erritmoa jaitsi arren saiatu nintzen lana eta ikerketa uztartzen. Oso hilabete emankorra izan zen, eta iraila ere bai, baina apurka-apurka lehen zirriborroa aurkeztu nuen irailean. Gero, beti gertatzen den modura, Trikitixa Elkartean aztertu genuen, eta proposamenak jaso eta gorde nituen azken emaitzan. Urrirako amaitu genuen, eta edizioagaz hasi ginen, azaroan imprentara eroanez.
Zure lehenengo liburua da. Presioa sentitu duzu?
Ez, nire buruarekiko konfiantza handiagaz egin dudalako lan, ze oso ondo ezagutzen dudan gaia da, egunero egiten baitut honekin lan. Presioa baino, ilusioa sentitu dut gehiago. Ilusioz egin dut liburua. Ze, idaztea gustatzen zait, baita ikerketzea ere, eta gustuko ditudan gauzak batu ditut lan honetan: idaztea, ikertzea, gaia, emakume bati buruz idaztea… Nire produktua da oso.