Zaborren kudeaketa aurrera eramateko parte-hartze saioak antolatu dituzte
Abendu eta urtarrilean zehar parte-hartze saioak egingo dituzte Muxikan, Ibarrurin eta Gorozikan. Bihar (abenduak 10) eta etzi (abenduak 11) izango dira lehenengo egunak. Ondoren, urtarrilera egingo dute salto.
Muxika-Ibarruri-Gorozikako zaborren kudeaketa aurrera eramateko parte-hartze saioak antolatu dituzte abendu eta urtarrilean zehar. Izan ere, adierazi dutenez, “zabor guneetako arazoak irtenbidea” behar du: “Historikoki arazo ugari izan ditu Muxikak zaborrarekin. Puntu batzuetan, zaborrontzitik kanpo zabor ugari pilatzen da. Askok, zaborra tokatzen ez den edukiontzira ere botatzen du, eta Muxika, bide batezko herri bat izanik, errepide ondoan pilatzen da zabor gehiena”.
Horregatik, edukiontzien kokapena, birziklatzeko guneen berrantolaketa eta beste hainbat konponbide bilatuko dituzte antolatutako saioetara bertaratzen direnek. Helburua argia da, eta horrela nabarmendu dute udal ordezkariek: «Jendea zaborra zaintzearen garrantziaz kontzientziatu nahi dugu, eta garbitasuna nagusitzea bilatuz, zaborra botatzeko erraztasunak eman herritarrei». Auzo batzarren antzera jardungo dutela aipatu dute, gainera; auzoka bilduz, eta saioetan, guztien artean erabakiak hartuz, “beti ere elkarlana bultzatuz eta errespetuz, udalerri garbia lortzeko”.
Abenduak 10ean (bihar) ekingo diote lehen saioari, Muxikan. Amona, Ariatza, Astelarra, Barandika, Kurtzero, Landotz, Ordorika, Pozueta, San Roman, Txakale, Untxigoiti, Ugarte-Elizalde, Ugartegoikoa, Usparitza, Zabale eta Zilonizen txanda izango da lehenik, 18:30ean hasi eta 20:00etara arte. Etzi (abenduak 11), ordea, Gorozikako Agirre, Aretxederreta, Asua, Elizalde, Esturo eta Zugastietak hartuko dute lekua, aurrekoaren ordu berean; 18:30-20:00.
Hortik, urtarrilera egingo dute salto, Ibarrurirekin. Izan ere, Ajuria, Berroja, Burdaria, Elizalde, Izabal, Maume, Muniketa, Oka, Ormaetxe, Unda eta Zugastietak hartuko dute lekukoa urtarrilaren 13an, beste behin ere, ordutegia mantenduz. Azkenik, urtarrilaren 15ean, aurreko hilabetean egindako saioetatik ateratako ondorioak plazaratuko dituzte. Herritarren gomendioak azaltzearen garrantzia azpimarratu dute. Beraz, herritarrei saioetan parte hartzera animatzeko deia zabaldu diete udaletik, “herria eta ingurumena zaintzea denen ardura” delako: “Guztion artean errazagoa izango da arazoari konponbidea bilatzea”.