Gernikan odola ematen hasi zireneko 50. urteurrena ospatuko dute
Gernikaldean odola ematen hasi zireneko 50. urteurrena ospatzeko irudi berria aurkeztu dute gaur, Gernika-Lumoko Foru plazan dagoen odola emateko autobusaren aurrean, Odolkideek. Izan ere, 1974ko abenduaren 7an antolatu zuten herritarrek odola emateko lehen hitzordua, eta efemeridea gogoratu dute gaurkoan.
1974ko abenduaren 7an antolatu zuten herritarrek odola emateko lehen hitzordua Gernika-Lumon, eta ordutik 50 urte igaro dira. Bitarte horretan, 1974tik 2000 urte artean, 12.055 odol emate zenbatu zituzten autobusean, eta 2001etik 2023ra bitartean, berriz, 27.575 odol emate, fabriketan eta plasmaferesiaren bidez egindakoak kontutan hartu barik. Hala, zifra horien atzean dauden eta era altruistan odola ematera joan diren emaile solidario guztiei euren esker ona adierazi diete Odolkideek gaur, Gernikaldean odola ematen hasi zireneko 50. urteurreneko lehen ekitaldian. Gainera, urteurren berezi honetan erabiliko duten irudi berria ere aurkeztu dute, kolore ikusgarri eta 50 urte odola emoten Gernikaldean testua jasotzen dituena.
Tantaz tanta ailegatu dira odol emaileak 50. urteurrena ospatzera. Eta, gaur egun, Odolkideak elkarteak eusten dio beste batzuek 1974an hasitako bideari, ze, gogoratu dutenez, bertoko bizilagun batzuen ekimenez eta egindako kudeaketen ondorioz hasi zen martxan odol ematea Gernikan. Orduko hartan, Hermandad de Donantes de Sangre de la Seguridad Social de Bizkaia erakundea zen odola batzeko eta kudeatzeko ardura zuena Bizkaian, eta euren eskutik antolatu zuten lehen odol ematea aipatutako egunean. Kartelen bidez zabaldu zuten deia, baita prentsan ere, eta ekitaldiak utzitakoa ere jaso zuten egunkariek. Gaceta del Norteren iritziz, “arrakastatsua” izan zen odol ematea. Izan ere, eskainitako datuen arabera, 74 odol emate zenbatu zituzten, eta beste data bat ere zehaztu zuten urtarrilerako.
Odola emateko lekua ere aldatu egin da. Lehen, geltokiko plazan (gaur egun Agirre Lehendakariaren plazan) kokatutako autobusean egiten zen, beti Mutua de Vizcaya erakundeko kontsultategi medikoaren lokalaren laguntzaz, eta azken urteetan, Foruen plazan gelditzen da autobusa.
1981ean, gainera, Gernikaldeko fabriketan ere hasi ziren odola ematen: Dalian, Malta Idurgon, Inaman, Astilleros de Muruetan, Maierren, N. Ormaetxea-Losalen, Assan, Andian… Gaur egun, baina, Maier eta Losalen baino ez da egiten.
50 urte igaro dira hasiera hartatik, asko, eta jende asko ere bai, autobusetik. Zenbat jende pasatu den esatea, baina, zaila da, donazioak zenbatu daitezkeen arren: “Pertsona bakoitzak urtean hainbat aldiz odola eman dezake, eta badaude errepikatzen dutenak, beraz, zaila da pertsona kopurua zehaztea. Baina, 50 urte hauetan, 40.000 donazio inguru eman direla badakigu, eta hori asko da, banan-banan ematen direlako”.
Odola emateko hitzordua deia egiten hasi eta joera sortu ostean finkatu da udalerrian. Izan ere hasieran, bizpahiru aldiz bertaratzen ziren odola jasotzera Gernika-Lumora, eta gero, areagotu egin zuten maiztasuna. Gaur gaurkoz, hileroko bi astelehenetan, eta hiru hilabeterik behin zapatu batean bertaratzen da autobusa. “Odola eman ahal izateko txanda asko dira”.
Beharrizana, beti.
Urte luze hauetan aurrerapen mediko zein teknologikoak eman badira ere, odola ezin da sortu, eta pertsonen donazioei esker baino ezin da lortu. Hala, eskuzabaltasuna dela odola ematearen zutabe sendoa azpimarratu dute gaurko ekitaldian.
Odolaren beharrizana beti egon da, baina egun horren erabilera “gero eta handiagoa” dela jakinarazi dute, gainera. Izan ere, prozesu onkologikoetan zein hemofiliakoetan erabiltzen da besteren artean, baina baita botika asko egiteko ere: “Odola ematea ez da bakarrik trasfusioak egiteko, izan ere, odola zein bere atalak erabilera desberdinetarako aprobetxatzen dituzte. Horrez gain, plasmaferesia ere gero eta gehiago egiten dute, plasmari etekin handia ateratzen diotelako”.
Guzti horri buruzko kontzientziazioa ere handiagoa da gaur egun Jesus Valentin Aldana odol emailearentzat. 1983an hasi zen odola ematen 23 urterekin, eta dagoeneko 113 odol emate egin ditu. Berak dio gaur egun gero eta gazte gehiago ikusten dituela, eta jendeak badakiela odolaren beharrizana “beti” dagoela.
Odola ematen duen jendea fidela dela diote, ahal duenean odola ematera bertaratzen dena. Baina odola ematen ez duten horiengana zuzendu da Ana Mari Ordoñez, eta autobusera gerturatzeko deia egin die: “Odola ematea garrantzitsua da, ze istripuak daudenean edo gaixotasun baten aurrean beharrezkoa da. Jendea gonbidatzen dut odola ematera, behar-beharrezkoa delako”.