Berbalagunen udazkeneko lehiaketa, martxan
Abenduaren 13ra arte [barikua] erantzun ahalko dira udazkeneko lehiaketako galderak. Bermeoko produktuen zozketa abenduaren 19an [eguena] egingo dute, Opor aurreko topaketa egingo duten egun berean.
Bermeoko Berbalagunek 2024-2025 ikasturteko lehenengo lehiaketa jarri du martxan, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, barikura arte [abenduak 13] parte hartu ahal izango da.
Aurreko urteetan bezala, sare sozialetan edota Bermeon zer? kultur agendan argitaratu dituzte lehiaketako galderak. Interesatuek antolatzailearen blogean ere aurkitu dezakete galdetegirako esteka zuzena.
Azaldu dutenez, galderak erantzun ostean, orriari argazkia atera eta WhatssApp bidez 607 60 95 80 telefono zenbakira bidaltzeko aukera dago. Beste aukera bat ere badago: galdetegia bete eta hartu den leku berean uztea (Gizarte eta Kultura Etxea, liburutegia, euskaltegia…).
Jasotako erantzun guztien artean Bermeoko produktuekin osatutako otzara zozkatuko dute, abenduaren 19an [eguena]. Irabazlearen izen-abizenak eta galderen erantzun zuzenak Bermeoko Berbalagunen eta egitasmoaren sustatzaileen sare sozialetan jakinaraziko dituztela iragarri dute antolatzaileek.
Opor aurreko topaketa.
Zozketa egiteaz gain, abenduaren 19an Opor aurreko topaketan elkartuko dira Bermeko Berbalagunak, “urtarrilera arte elkar agurtzeko”. 13:30an jarri dute lehenengo hitzordua, Kafe Antzokian. Jarraian Toki Alai jatetxera joango dira, bazkaltzera. Arratsaldean, berriz, Lamerara lekualdatuko dira gainontzeko berbalagunekin egoteko: “Deia zabala egiten dugu 2024 urte osoan elkartu garenok tarte bat konpartitzeko, taldekide izan ala ez, berbalagun guztiak daude gonbidatuta”.