"Jendeak nire musikaz gozatu nahi badu, bidean jarraituko dut"
Ztanda saioko partaidea da Arima Garcia. Euskara eta Senegalgo wolof hizkuntza uztartzen dituen Bibide izeneko proiektu musikalean murgilduta ere badago.
Musika afrikarraren zale amorratua zara. Nondik dator zaletasun hori?
Amorratua asko esatea da, ze, musika orokorrean gustatzen zait. Zalea banaiz, bai. Afroak badu kutsu berezi bat dantzatzera gonbidatzen zaituena, nire ustez. Estilo bat esan behar izatekotan, Rhythm & Blues dut gogokoen, eta honek ere oinarri afrikarra dauka.
Bibide taldeko kidea zara. Zergatik Bibide?
Bibide taldea duela gutxi sortu dugun proiektu bat da. Artista independente moduan gure lehen singlea argitaratu berri dugu, gainera: Miresgarri. Euskara eta wolof (Senegalgo hizkuntza) bateratzen zituen berba baten bila genbiltzan. «Bi» euskaratik hartu dugu eta «Bide(w)» wolofez izarra da. Orduan, bi izar izango litzateke itzulpen literarioa.
Kulturaniztasunak ze garrantzia du zuretzat?
Kulturaniztasunak mundua ezagutzeko aukera ematen duela uste dut. Gure inguruan daudenetik haratago, gauza ikaragarri gehiago baitaude ezagutzeko. Gizartea bateratzeko forma bat bezala ikusten dut nik kulturaniztasun hori; beste kultura batzuetara irekita egotea berebizikoa da, eta gainera, interesa eta errespetua pizten ditu.
Ztanda saioko partaidea zara. Esango zenuke horrek ateak zabaldu dizkizula?
Ztandako partaide izateak ate handia ireki dit artista bezala ezagutzera emateko. Azken finean, telebistak hori dauka ona, erakusleiho itzela dela edozein artistarentzat.
Espero zenuena aurkitu duzu programan?
Bada, egia esan, pentsatu baino gusturago nabil. Espero gabe familia bat sortu dugu, bai partaideon artean, bai talde-lan guztiarekin. Pertsona politak ezagutu ditut, eta esperientzia ahaztezina izaten ari da. Pozarren nago, oso gustura.
Domekan da saioko finala. Zure burua hor ikusten zenuen?
Esan dezaket baietz. Azken finean, beti diodan bezala, norberak badaki nor den eta noraino heldu daitekeen. Eta nik, jakin badakit. Hala ere, lan egin behar da nahi dena lortzeko, eta nik egin dut.
Zure ustez, lehiakide guztien artean nork merezi du gehien final hori irabaztea?
Lehiakide guztiek daukate euren berezitasuna, eta guztiok merezi dugu final hori nolabait irabaztea, nire ustez. Baina norbait esatekotan, agian Ztandako irabazle izateko Jonek eta biok egin dugu ibilbiderik dotoreena.
Epaimahaikideak musika-industrian oso esanguratsuak dira. Asko ikasi duzu beraiengandik?
Epaimahaia osatzen duten laurak itzelak dira artista moduan, baita pertsona moduan ere: Leire Martinez, Klara Mendizabal, Kiliki Frexko eta Alex Sardui. Eurek eskatutako erronkak betetzen saiatu naiz uneoro, eta esaten didaten guztiarekin ikasteko eta hobetzeko prest nago beti. Piropo asko jaso ditut eurengandik, gainera, eta horiek bihotzean daramatzat betiko.
Hainbat genero abestu behar izan dituzu Ztandan. Nola daramazu aniztasun hori?
Egia esan, gehienetan emakume indartsuen abestiak jarri dizkidate, Mikel Laboa, Zetak eta Gatiburenak kenduta. Hiru horiekin ere disfrutatu egin nuen. Eta Leire Martinezek esan ohi didan bezala, Arima Style ematen saiatzen naiz abesten dudan guztiari. Hori egia da. Hor dago artista baten izatea: bere izaera. Niri abestea gustatzen zait, beraz, berdin izan dit abesti bat edo beste abestu. Abestu ditut, eta kitto.
Zein izan da zuretzat horietatik erronka zailena?
Ez dut uste abestien artean erronka zailik eduki dudanik. Esatekotan, lehenengo galan Leirek esan zidan haserre aurpegia nuela. Haserre aurpegia barik, indar aurpegia zen nire baitan. Agian, hori aldatzea da izan dudan erronkarik zailena, ez bainuen nahi irudi hori transmititu. Epaimahaiak esandakoa kontuan hartu eta hurrengo galarako aldatzen saiatu naiz, eta esaten didatenez, lortu ere egin dut.
Zelako garrantzia du dantzak edo gorputz adierazpenak programan?
Dantzak garrantzia du edozein artistarengan, eszenatokia beteago ikusten delako. Ez da abestea soilik, adierazpenak paper garrantzitsua dauka abesti bat interpretatzeko orduan. Dantzarik edo interpretaziorik ez badago, norberak bakarrik bete behar du eszenatokia, eta zailagoa da, noski.
Nola moldatu zara horrekin?
Itzel, egia esan. Dantzan egitea maite dut. Egia da egin izan behar ditudan koreografiek ez didatela utzi barruan dudan dantzaria guztiz ateratzen, baina bakarrik abestu dudanetan, izan dut nire mugimendu propioak egiteko tartea, eta horiek, berez irteten zaizkit. Oso barneratuta ditut dagoeneko.
Ztanda eta gero, zer?
Galdera ona da. Nire musikarekin jarraituko dudala da seguru esan dezakedan bakarra, bai Bibiderekin, bai bakarka, bai beste kolaborazio batzuekin. Hau ez da inoiz geldituko. Jendeak nire musikagaz gozatu nahi badu, bidean jarraituko dut.