Gorputza martxan eta Burua martxan programak eskaintzen jarraituko dute
Gizarte Ongizateko Sailak bultzatutako zahartze aktiboa sustatzeko programetan parte hartu nahi dutenek abenduaren 13a [barikua] baino lehen eman beharko dute izena.
Bermeoko Gizarte Ongizateko Sailak Gorputza martxan eta Burua martxan programak eskaintzen jarraituko du datorren urtean ere. Programak nagusiei zuzendutakoak dira, eta zahartze aktiboa sustatzea dute helburu. Burua martxan programagaz “galera kognitiboa ekidin” nahi dute, eta Gorputza martxanegaz, berriz, galera fisikoa.
Bi programetan leku mugatuak daude jakinarazi dute, horregatik, parte hartu gura dutenek abenduaren 13a [barikua] baino lehen egin beharko dute. Horrela, abenduaren 16an plazak banatzeko egingo den zozketan parte hartuko dute. Zozketan izena emateko 675 91 68 56 telefono zenbakira deituta egin ahalko dute, astelehenetik barikua, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Parte hartzea doakoa izango da.
Zehaztu dutenez, 75 urtetik gorako herritarrek, menpekotasun egoera gradu I dutenek edota senitarteko zaintzaile direnek “lehentasuna” izango dute zozketan. Izan ere, Burua martxan programan 24 pertsonek parte hartu ahal izango dute, bi taldetan banatuta. Azaldu dutenez, parte hartzaileek 60 urtetik gorakoak izan beharko dute, eta “ezingo dute buruko gaixotasunik eduki”. Astean bi saio eskainiko dituzte, astelehen eta eguaztenetan, ordu eta erdiko iraupenagaz.
Gorputza martxan programan, berriz, 60 pertsonak parte hartu ahal izango dute, lau taldetan banatuta. Honetan ere parte hartzaileek 60 urtetik gora izan beharko dituzte, eta “ezin izango dute gaixotasun fisiko larririk eduki”. Astean bi aldiz elkartuko dira eta saioek ordubeteko iraupena izango dute.