Euskal Herria museoa, poesia eta bidaia bisualaren eszenatoki
Sonia Rueda artistaren 'Hitzen Bila' aldi baterako erakusketa hartu du Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak 2025eko martxoaren 23ra arte. Ezaugarri bisualak eta Miren Agur Meaberen poemak uztartzen dituen bidaia bat da erakusketa.
Iragan eguenan (azaroak 28) inauguratu zuten Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan Sonia Ruedaren Hitzen Bila erakusketa. Aldi baterako erakusketa den heinean, 2025eko martxoaren 23ra arte egongo da ikusgai foru herrian. Egilearen aurreko obran oinarritutako erakusketa dela zehaztu zuen Ruedak; Hitz Politak liburuan inspiratuta dago, hain zuzen. Artistak azaldu zuenez, liburu horretan, artistarengan “hizkuntzarekiko interes handia eta irudi ugari” pizten dituzten euskararen terminoak biltzen dira. Hori aintzakotzat hartuta, hitz horietatik haratago bilatu, hasunartu eta arakatu du Ruedak, horrela euskarazko hitz poli gehiago aurkituz eta Hitzen Bila erakusketa sortuz.
Hunkituta agertu da barakaldotarra, eta horrela adierazi zien hurbiltutako bere senide eta lagunei: “Nire kutun guztiak bildu zarete hemen. Hunkituta nago. Eskerrik asko bihotzez hurbildu zareten guztioi”. Erakusketak paisaia batean egituratuta dagoen irudi sorta biltzen du hitzetan oinarrituta; maite ditugunak eta gorroto ditugunak. 3 zatitan banatzen da irudi sorta, oro har. Hodeiak. Eraikuntzak. Sustraiak. “Hodeiek ibilbidearen hasiera markatzen dute, airean dagoenaz, etereoaz, desiragarriaz, ilunaz eta distiraz mintzatuz. Eraikuntzak, berriz, tarteko eremuak dira; eremu horietan gure habitatak eta babeslekuak, modu artifizialean edo naturalean, organikoan edo ez-organikoan, altxatzen dira. Sustraiak, azkenik, lurrari ainguratzen gaituzten elementu kultural, sentimental eta fisikoak dira, barrutik sortzen dena sostengatzen eta elikatzen duten zimenduak”, gaineratu du egileak.
Euskal Herria Museoko hirugarren solairuan kokatzen da erakusketa, eta hurrenez hurren, 50 obra bisual eta hiru poema hartzen ditu. Poemak Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak idatzi dituela aipatu du Ruedak, harekiko miresmena eta esker-ona erakustearekin batera. “Irakurtzen ez dakidala esaten hasiko dut azalpena. Txikitatik galdu izan naiz hitzen argumentuetan. Liburuek, ordea, harrapatu egiten naute. Nire buruan hitzak baino irudiak sortzen dira, eta istorio oro nire buruan irudikatuz ulertzen dut. Liburuak erosi egiten ditut, marraztu, azpimarratu eta hainbat koloretan banatzen baititut bakoitzeko orrialdeak. Idazten duten pertsonek, nik hitzez esan ezin ditzazkedan gauzak idazten dituzte. Nire buruan deskribaezinak diren ezaugarriei izenak jartzen dizkie. Hau esanda, Miren Agur Meabek etengabe erakusten dizkitz hitzak, eta elkarrekin jardun dugu sarri hitzen bila. Hitz horiek, irudi bilakatzen dira nire baitan, eta nolabait, horrela sortu da eraksuketa hau. Eskerrik beroenak Miren Agurri, bera gabe ez zelako posible izango”, aitortu du hunkituta.
Irudiak aipatutako hiru talderen baitan banatzen ditu erakusketak, eta horrela unibertso bat sortzen du, giza nahiak, ingurunearen eta gizabanakoaren arteko erlazioa eta lur bateko kide izatearen zentzua aztertzen dituena. Ibilbide autobiografikotzat du erakusketa Ruedak, eta bere hitzetan, “ikusleak esperientzia unibertsal batean murgiltzea bilatzen” du. Erakusketa, ostera, ez da idazlan soil batera mugatzen. Ezta irudietara. Bidaia bisual eta poetikoaren uztartzearen emaitza da martxoaren 23ra arte Euskal Herria Museoak hartu duen erakusketa. Gainera, ekimenak proposamen artistiko bat planteantzen die bisitariei, non euskarak, emozioek eta identitateak bizia hartuko duen.