Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko taldea sortu dute
Bermeoko kaleetan euskara "gero eta gutxiago" entzuteaz arduratuta, Etxalak Bermeoko Euskera Taldie sortu dute udalerriko gazteek. Udalerriko gazteei taldeagaz bat egiteko deia egin die, "saretzea ezinbestekoa" delako.
Bermeoko kaleetan euskarak bizi duen egoeragaz “arduratuta” agertu dira udalerriko gazteak. Salatu dutenez, udalerrian “gero eta gutxiago” entzuten da euskara, bereziki gazteen artean, eta egoera horren aurrean antolatzeko erabakia hartu dute. Hala jaio da Etxalak, gazteena “euskeraz bizi gure duen belaunaldia” dela erakusteko Bermeoko Euskara Taldie.
Lagun talde baten kexkatik sortutako taldea den arren, Etxalakeko kideek argi dute helburua “gazteak batzea” dela. Izan ere, bultzatzaileen ustetan ume eta gazteen artean euskarak bizi duen egoera ikusita esku hartzea “beharrezkoa” da, “kaleen dana erdara entzuten bada ume txikiek horretara joko dute, baina gazteek buru gehiago dute eta erabaki ahal dute”. Horretarako, proiektuaren aurkezpena eta lehenengo asanblada irekia antolatu zituzten barikuan, Kabidxe Gune Sozialean. Bertaratu zirenei kexkak plazaratu eta proposamenak egiteko aukera luzatu zien.
Euskararen Eguna.
Euskara taldea herriari eta udalerriko gazteei ezagutarazteko, eta Euskararen Nazioarteko Eguna aprobetxatuta, zapatuan [azaroak 30] prentsaurrekoa eskaini zuten Etxalakoek. Bermeon euskararen erabilera “izugarrizko beherakadan” dagoela salatu zuten, besteren artean: “Datuak agerikoak badira ere, kalera irteteagaz nahikoa da egoera larri honetaz konturatzako, jendea erderaz bakarrik entzuten dela agerikoa delako”.
Euskaraz “garai errazak” bizi ez dituela nabarmendu gura izan zuten, besteren artean fokua gazteengan jarrita: “Kaleetan eta batez ere balaunaldi berri eta gazteen artean ez da euskerak behar duen bultzada hori emateko gogorik igartzen”. Hala, Etxalak osatzen duten gazteek ozen aldarrikatu dute beraien “hautua euskaraz egitea” dela eta, “Bermeotarren kresalagaz batera euskaraz biziko dan gazteria” direla: “Kaleak ostera ere euskaraz apainduko ditugu”.
Helburu hori lortzeko “bide luzea” dute aurretik, baina “Euskararen Herria eraikitzeko bidean” jarraituko dutela iragarri zuten: “Gazteok euskaraz bizi nahi dugulako eta horretarako saretzea ezinbestekoa delako”.
Herri proiektua.
Adierazi zutenez, ezin da hizkuntza batez hitz egin, herri batez berba ein barik. Hala, Bermeoko eta eskualdeko biztanleek beraien bizitza “modu duin batean garatzeko aukera izatea ezinbestekoa” da. Gainera, euskarak gazteen bizi proiektuen garapenean bide izan behar duela nabarmendu zuten. Euskararen erabilera “eskubide eta eremu seguru barik” ulertezina zela azpimarratu zuten, eta horregatik Bermeo “euskararen eremu seguru” izatea aldarrikatu zuten.
Hala, Bermeoko gazteak “bidea egiten” hasiak direla adierazi zuten, “herri mailan saretuz”. Era berean Bermeoko gazte gonbidatu dituzte, euskarak “aurrerapausoak” emateko: “Bihotzetik berba egiten dan hizkuntza bat ezin delako galdu, eta euskaraz urte osoan bizitzeko aukera izan nahi dugulako. Gutako bakoitzak hainbeste hizkuntza izan ahal ditu, baina euskerak gu bakarrik gaitu: herria da gorputza, eta gure hikuntza bihotza”.