Frontoiko instalazioak hobetzera bideratuko dute aurrekontuaren inbertsio handi bat
Datorren urterako 1.232.100 euroko aurrekontua onartu du Gautegiz Arteagako Udalak, aurtengoa baino %8,97 handiagoa. Kirol instalazioetan, energia eraginkortasunean eta kultur jardueretan jarri dute arreta aurrekontuan.
Gautegiz Arteagako Udalak 1.232.100 euroko aurrekontua onartu du datorren urterako, aurtengoa baino %8,97 handiagoa, eta zenbateko horren zati handi bat udal zerbitzuak hobetzera bideratuko dute. Hala, inbertsio garrantzitsuenen artean daude frontoiko aldagelak eraberritzea, erabilera askotako gune bat sortzea eta horien iriste erraztasuna hobetzeko obrak egitea.
“Hainbat urtez herritarren bizi kalitatea, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko hirigintza proiektu garrantzitsuak egin ondoren —horietako batzuk oraindik obretan daude—, gure zerbitzuak hobetzeari begira ekingo diogu datorren urteari”, azaldu du Patrik Saitua herriko alkateak. Izan ere, kirol instalazioen hobekuntzan, energia eraginkortasunean eta kultur jardueretan jarri du arreta, baita iriste erraztasunean ere.
Hala, aipatutako proiektuez gain, kultura, kirol eta aisialdi jarduerak be bultzatu gura dituzte aurrekontuarekin. Eta, horrez gain, kirol, euskara, musika eta herriko elkarteentzako diru laguntzak mantendu gura dituzte, baita Sustabiz Fundazioarekiko lankidetza ere, “herri kirolak eta bertako kirolak sustatzeko”.
Aurrekontuaren beste diru sail batzuk Busturialdeko Mankomunitatearentzako, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearentzako eta eskolari eta haurreskolarentzako izango dira.
Hiri mugikortasunerako diagnostiko.
Datorren urteko aurrekontuak onartzeaz gain, udalak jakinarazi du hiri mugikortasunaren diagnostikoa genero ikuspuntutik lantzen duen proiektua egiteko asmoa daukala. Azterlan horren bidez, garraio publikoaren eta pribatuaren egoera, azpiegiturak eta bizilagunen mugikortasun ereduak aztertu gura dituzte. Izan ere, helburua hiri mugikortasunari buruzko azterlan bat egitea da, ohiturak, beharrak eta arazoak detektatzeko eta etorkizunerako ekintzak zehazteko. Horretarako, baina, 16 urtetik gorako bizilagunei inkesta bat egitea aurreikusi dute.