Euskara ortzimuga, herritarrak iparrorratz
Euskararen Nazioarteko Eguna bihar [abenduak 3] izanik ere, asteburuan denetarikoak eduki dituzte eskualdeko herritarrek. Datozen egunetan ere ospakizunek jarraitu egingo dute.
Euskararen Nazioarteko Eguna bihar (abenduak 3) izango den arren, eskualdeko luze-zabalean jadanik hasiak dira hizkuntza, kultura eta herria oinarri dituen egun berezi horren inguruabarra ospatzen. Euskararen Eguneko ekimenez bete dira Busturialdeko kale, areto edota plazak, adin guztietako herritarrentzako ekimenez osatutako egitarauekin. Hainbat udalerrik, gainera, bat egin dute Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, Eudel-ek eta Uemak kaleratutako euskararen aldeko manifestuagaz.
Hitzaren etorkizuna “ehuntzearen” aldeko apustua egin dute udalek. Euskararen “hariak txirikordatu” egin behar direla aipatu dute kaleratu duten irakurketan. Irakurketa horrekiko batasuna erakutsi dute, besteren artean, Gautegiz Arteagako edota Busturiko udalek. Kolektiboaren esangura azpimarratu asmoz, euskarak “hurrengotaratzearen katebegigileak” behar dituela azpimarratu dute: “Ekintza eta taldelana osatuko dituen euskaltzaleak”. Bestalde, erakundeek nabarmendu dute eusarari emana dagoen kolektiboaren marrazkia ateratzen den ehunean ekina “ahultzen” ari dela: “Korapilo handi samar bat dago, ehunean kateatuta, tenkatze lan minbera sortzen duena eskuetan”.
Traba horren aurrean, aterabidea ere argitu dute: mugimendu soziala. “Euskararen ehundegian ekina da jarraipena, ekina da artez bizirautea; erakunde publiko, elkarte, langile eta etxekoen ekina”. Euskararen ehuntze ariketa “guztion ardura” dela adierazi dute, “erakunde publikoena nahiz gizarte eragileena”: “Euskarak mugimendua behar du, geroz eta biziagoa izateko; euskararen distirak bere aniztasunetik guztiok zipriztindu gaitzan”. Euskaldunen hizkuntza “hemen dauden eta etorriko diren” guztiena dela aldarri eginez, euskararen bidea “elkarrekin irabazteko” deia luzatu dute instituzioek.
Eako Loradi ikastola omenduko dute bihar, bertan irakasle ibilitako Mari Jesus Aranburugaz
Jarduerak, han-hemen.
Busturiarrek umeentzako tailerrekin abiatu zuten egitaraua, baita Lepel filmaren proiekzioagaz ere. Kantu-Kantariren kantaldiak eta Irrintzi Alai dantza taldearen emanaldiak ipini dizkiote erritmoa. Bihar, gainera, eskolako komunitateak denetariko jarduerak egingo ditu. Eatarrek Loradi ikastolari omenaldi ederra egingo diote bihar: bertan irakasle ibilitako Mari Jesus Aranburugaz hitzaldia egingo dute, Eskolondon. Gernika-Lumon, bihar 11 orduko irakurraldi jarraitua egingo dute. Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrarne Kristalezko begi bat lana irakurriko dute, txandaka-txandaka, udalerriko eragile, elkarte, talde eta herritarrek. Bermeon, 2019an jaiotako umeak omendu dituzte asteburuan, San Andres auzoko karpan.
Mundakarrek, beren aldetik, goi-goitik girotu dute asteburua: barikuan Ez da kasualitatea bertso saio musikatuaz gozatu zuten, Gaztelekuan. Aissa Intxaustik, Ane Labakak eta Ane Zuazubiskarrek ipini zituzten bertsoak; Iruri Altzerrekak, aldiz, gaiak. Aiko taldearen eta Joxe Mendizabalen erromeriak dantza betean ipini zituzten herritarrak hala egunez, nola gauez. Gainera, udal ordezkariek Gabonetako Postal Lehiaketaren sariak banatu zituzten. Bihar, eskolakoek edukiko dute egun berezia giortzeko ardura.
Mendatan ere bertso giroa nabarmendu zen: Lilibertsoko Koldo Muñiz ibarrangelutarra eta Ibai Amillategi gernika-lumotarra aritu ziren bertsotan, Artape tabernako saioan. Ibarrangelun, euskararen aldeko udal irakurketak bat egin zuen San Andres jaietako ospakizunekin. Muxikan, berriz, Tor magoaren ikuskizuna eta umeen marrazki lehiaketa izan ziren protagonista.
Artiako Gazte Asanbladak hainbat jarduera antolatu ditu, tartean, jolas, katu edota dantza herrikoiak
Gautegiz Arteagan ere, euskararen aldeko hautuari segika eta euskara herritarren egunerokoan presente izateko asmoz, Euskararen Egunaren harira hainbat jarduera antolatu zituen Artiako Gazte Asanbladak, Artiako abesbatzaren eta Artie Dantza Taldearen ekarpenekin. Balio batzuk lantzeko kontzienteki antolatzeko erabakia hartu zuten gazteek, euren jarduera asanbladatzat hartuz. Hala, euskaraz bizi gura dutela erakutsi zuten atzo, eta euskaldun egiten diena zer den erakutsi zuten haurrentzako jolas, kantu eta euskal dantza herrikoien artean.
Gainera, triki poteoan ere ibili ziren, eta txistorrak jateko aukera izan zuten. “Urte guztian zehar jarraituko dugu gure hizkuntzaren arnasguneak sortzen”, esan dute asanbladakoek. Horrez gain, emakumea eta euskara uztartzen dituen Kuku ezkutuan dauden emakumeak antzezlanaz gozatu zuten txikienek zapatuan. Horiek gutxi ez, eta txokolate janean batzeko aukera izango dute, bihar, 18:00etan, plazan.
Horiek horrela, bai bihar, bai aurrerantzean zer egin eta zertaz gozatu edukiko dute Busturialdeko herritarrek:
BERMEO
Bihar
10:00. Herriko hezkuntza-zentroen elkarretaratzea, Lameran.
18:00. Elkarretaratzea eta ekitaldia, Goiko plazan.
Abenduak 15, domeka
12:00. 2023. urtean jaiotako umeen jaia, Kafe Antzokian.
BUSTURIA
Bihar
Egun osoan zehar. Eskolakoen ekintzak, euskararen alde: abestiak, bertsoak eta abar.
16:00. Denetariko tailerrak, plazan, Guraso Elkartearen eskutik.
17:00. Olentzero Maitea ikuskizuna, Apika ipuin kontalariak dinamizatuta, Kultur Etxean.
EA
Bihar
18:30. Eako Loradi Ikastolari buruzko hitzaldia, bertan irakasle aritutako Mari Jesus Aranburu irakasleagaz, Eskolondon.
FORUA
Bihar
17:30-18:30. Ipun kontalari saioa, J.M. Torrealdai Kultur Etxean.
GAUTEGIZ ARTEAGA
Bihar
19:00. Txokolate janaldi herrikoia, helduen elkartearen eskutik, kultur etxean.
GERNIKA-LUMO
Bihar
09:00-20:00. 11 orduko irakurraldia, Elai Alai areto txikian. Miren Agur Meabe idazle lekeitiarraren Kristalezko Begi Bat irakurriko dute.
Egunean zehar. Herritarren bideo baten hedapena, Oizmendi telebistaren bidez.
Abenduak 7, zapatua
18:00-19:00. Euskal abestien bingoa, Merkatu plazan.
MUNDAKA
Bihar
09:00retatik aurrera. Mundakako eskolak antolatutako denetariko jarduerak, tartean, Josune Garcia de Bikuña ipuin kontalariaren saioa: Mundu Bat Sustraietan (LH1-LH2) eta Hitzak Dantzan (LH3-LH6).
ARGAZKIAK: Busturia, Gautegiz Arteaga eta Mundakako udalak eta Artiako Gazte Asanbladie: